Euskera eta Kulturako Batzordeak aho batez onetsi dau aztarnategi paleolitikoak daukiezan bederatzi kobazuloren babesa bultzatzea
Bizkaiko Batzar Nagusietako Euskera eta Kultura Batzordeak, Talde Mistoak sustatutako Arauz Besteko bederatzi Proposamen onetsi ditu gaur goizean aho batez. Proposamen horreen bitartez, aztarnategi paleolitikoak daukiezan kobazuloetarako babes araubide berezia ezarteko aukera emongo daben beste horrenbeste kalifikazino espediente edegitea eskatzen jako Eusko Jaurlaritzari. Zehatzago esanez, ekimenak kobazulo honeetan dauka eragina: Antzoriz, Armintxe eta Lumentxa Lekeition; Goikolau eta Atxurra Berriatuan; Santimamiñe eta Morgota Kortezubin; Askondo, Mañarian; eta Ondaro Nabarnizen.
Onetsi diran bederatzi proposamenek ia euki berbera daukien eta batera eztabaidatu eta onetsi diran arren, Arturo Aldecoa Talde Mistoko ordezkariak, aztarnategi bakotxak eta horreen inguruneak daukiezan berezitasunak dirala eta justifikau dau bakarka aurkeztea. Kultur ondasun horreek “ezagutzeko, kontserbetako eta babesteko” helburuaz gain, Aldecoak azpimarratu dau oso garrantzitsua dala Bizkaiko kobazuloetan dagozan aztarnategi guztiak, 2008an Unescok Kultur Ondare Unibersal izendatu eban Bizkaiko Golkoko itsasertzeko labarretako artearen katalogoan sartzea.
Talde Popularraren aldetik, Eduardo Andrés bozeroalea bere aldeko botoa iragartera mugatu da, Isabel Cadavalek Euskal Sozialistak taldearen izenean egin dauen moduan. Podemos Bizkaia taldeko Josean Elgezabal be ekimenaren alde agertu da, baina orain arte zergaitik ez dan babes neurririk hartu itaundu dau, eta adierazo dau holango neurriek premina berezia daukiela kasu batzuetan, Lekeition dagon Armintxeko kobazuloan gertatzen dan moduan.
EH Bildu taldetik, David Lopategik Talde Mistoaren proposamenaren alde dagola esan dau, “ondo argumentauta” dagolako, baina harrituta agertu da, orain arte ez dalako holango neurririk ezarri. Jane Eyre Urquieta Euzko Abertzaleak taldeko bozeroaleak esan dauenez, “oso egokia” da bederatzi aztarnategi horreetatik bakotxerako babes adierazpen indibidualizauaren adierazpena onestea.
Aldeko 15 botogaz eta abstentzino eta kontrako boto barik, Bizkaiko Batzar Nagusiek, Eusko Jaurlaritzari Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legean oinarritutako kalifikazino espedientea eregi daiala eskatzea erabagi dabe, holan, kultur ondasun izaerea dala eta, bederatzi kobazuloen arteko bakotxarentzat babes araubide espezifikoa ezarri eta definidu ahal izateko.
Foru Diputatuaren agerraldia
Bizkaiko Batzar Nagusietako Euskera eta Kultura Batzordeak gaur goizean egin dauen saioa, Lorea Bilbao Euskera eta Kultura Diputatuaren agerraldiagaz osatu da, berak eskatuta, orain hiru urte bere Sailak, lurralde historikoan erriberako arotzeriaren tradizinoa berreskuratzeko, kontserbetako eta ezagutuazoteko martxan jarri eban ERAIN proiektua aurkezteko.
Lorea Bilbaok azaldu dauenez, proiektuak lanerako bost ildo jasoten ditu (itsasontziak berreskuratzeko tailerra eta ikerketa, artxibatze, hedapen eta dinamizazino jarduerak), eta ataza zehatzak azpimarratu ditu, jatorrizko planoak berreskuratu ostean Portu ontzi auxiliarra eregi izana, edo hiru itsasontzi zaharbarritu izana, horreen artean Bilboko Itsasadarreko Itsas Museoaren bildumaren barruan dagon hegaluzeak harrapetako Nuevo Anchústegui itsasontzia. Foru Diputatuak adierazo dauenez, arrantzontzi horregaz egiten ari dan beharra “erronka itzela” da, baina, esan dauenez, “bide onetik doa”, lau fasetan programauta dagon prozesuan: itsasontziaren estruktura berreskuratzea, pieza bakotxaren diagnostikoa eta inbentarioa, kontserbazinorako esku-hartzea, eta etorkizunean bisitagarria izateko berreskuratzea.
Batzarretako taldeen esku-hartzeko txandetan Arturo Aldecoak (Talde Mistoa), erriberako arotzeriari eusteko deia egin dau, epe luzerako enplegu iturri moduan, eta antzeko ekimenakaz hartu-emona eukitea ona izango litzatekela iradoki dau, Pasaiako Albaola faktoriagaz (bertan San Juan baleontzia berreregiteko beharretan ari dira) edo, XVIII. gizaldiko Hermione fragatea eregi eban Rochefort alkarteagaz (Frantzia).
Eduardo Andrés (Talde Popularra) Foru Diputatuak emondako azalpenak eskertzera mugatu da, eta Josean Elgezabalen (Podemos Bizkaia) eretxiz, Erain “itsasoko ondarea berreskuratzeko pausua” da. Horrez gain, Nuevo Anchústegui berreskuratzearen aldeko plataformak aurrera eroan dituan ekimenak goraipatu ditu. Josu Montalbán (Euskal Sozialistak) pozik agertu da, programa modu egokian doalako aurrera.
María Jesús Padrones (EH Bildu) pozik azaldu da, Erain proiektuaren aldeko apustua egiten ari dalako, baina arrantzontziak bizi izan eban egoera kritikoa gogoratuazo dau, eta bere taldeak eta Nuevo Anchústegui itsasontziaren egoera kritikoa salatzeko 2013an sortu zan alkarteak egindako beharra azpimarratu dau. José Ángel Basaurik (Euzko Abertzaleak), bere aldetik, Saila zoriondu dau, egindako beharrarengaitik, “erriberako arotzeria mota hori desagertzeko bidean egoalako”.