Aurreko Albisteak

Gernikako Batzarretxeak, Eusko Jaurlaritzak argitaratu duen "Gernikako arbola"-ren, George Steer-ek Gerra Zibilaren gainean egin zuen saiakera ezagunaren, euskerazko bersioaren aurkezpen ekitaldia jaso du

Gernikako Bonbardaketaren 82. urteurrenaren atarian, Eusko Jaurlaritzak George Steerren “The tree of Guernica. A field study of modern war” lan ezagunaren euskarazko bertsioa aurkeztu du: “Gernikako arbola. Gerra modernoaren landa-azterketa bat”. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bultzatu duen bertsio berrian, Mikel Ayestaran kazetariak eta Steerren biografo Nicholas Rankin kazetariak hitzaurre bana idatzi dute. Koro Navarro itzultzaile donostiarrak (Euskadi Literatura Saria irabazi zuen 2003an) euskaratu du lan hau.

Gernikako Batzarretxean egin da lanaren aurkezpena eta Batzar Nagusietako Presidente Ana Otadui izan da buru. Berarekin izan dira Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburu Bingen Zupiria, Gernikako Alkate José María Gorroño eta kazetari Nicholas Rankin (sarreraren egilea) eta Mikel Ayestaran (hitzaurren egilea). “Gernikako arbola. Gerra modernoaren landa-azterketa bat” liburua Steerren lan entzutetsuaren seigarren edizioa da, “The tree of Guernica. A field study of modern war” lanaren bi edizioen eta Frankismoaren garaian erbesteratutako zenbait euskaldunek Venezuelan bultzatu zuten “El árbol de Guernica. Ensayo sobre la guerra moderna” lanaren hiru edizioen ondotik baitator.

Ana Otaduik George Steeren lana goratu du, eta nabarmendu du Gernika ikur unibertsala bihurtzeko egin zuen ekarpena. “Gernikako Arbola – Gerra modernoaren landa-azterketa bat lanaren euskarazko edizio honekin, aurrerapauso bat eman dugu gure memoria historikoaren berreskuratzean. Kazetari aske eta konprometitua izan zen Steer, objektiboa izan nahi ez zuen kazetari zintzoa, egia azalaraztea lortu eta Gernika nazioarteko ikur bilakatzen lagunduko zuena”, aipatu du. “Liburu honek oso ondo erakusten du Euskal Herriak gerra odoltsu ha galdu egin zuen arren, denboraren poderioz, oroimenean garaitu egin zuela. Gernikako bonbardaketa gerra haren sinboloa da, Picassoren koadruak unibersalizatu egin zuen eta askatasunaren, giza eskubideen eta bake-nahiaren ikur are handiagoa bihurtu zuen, egin-eginean, gure Gernikako Arboleak beti izan dituen ezaugarrien sinbolo”, gehitu du Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidenteak.

Bingen Zupiria Sailburuak, berriz, lan hau berreskuratzeak eta euskaraz eskaintzeak duen garrantzia nabarmendu du gaurko aurkezpenean. “Erreferentziazko lan bat da euskal bibliografiaren baitan, gure gizartearentzat garrantzia handia izan zuen. George Steerrek ekarpen oso garrantzitsua egin zuen Gerra Zibilean zehar Euskadin gertatutakoa transmitituz, eta egiarekiko konpromiso irmoa agertu zuen: garai hartako ‘fake news’-en aurka egin zuen. Euskarazko edizio berri honek euskal gizartearen memoria demokratikoa berreskuratzen jarraitzen lagunduko du”.

Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzu Nagusiak argitaratu du lana eta datozen egunotan jarriko da salgai. Euskarazko edizio berri honek 390 orrialde ditu, eta Gerra Zibilean zehar Euskadin gertatutakoak xehetasunez jasotzen ditu. Bertsio berri honek jatorrizko irudiak berreskuratu ditu, eta itzulpena ingelesezko jatorrizko liburutik egin da zuzenean. Bere bertsio digitala eLiburutegia euskal liburutegi digitalean dago eskuragai. Aurretik liburuaren pasarte batzuk euskaratu baziren ere, lehen aldia da lana osorik euskaratzen dela.

Gernikako Batzarretxean aurkezpenaren ostean, Bingen Zupiria sailburuak, José María Gorroño alkateak eta Mikel Ayestaran eta Nicholas Rankin kazetariek Bizkaiko Foru Kamarako Ohorezko Liburuan sinatu dute eta Barrenkale kalera gerturatu dira Ana Otaduirekin. Bertan dagon George Steer-en bustoak, herriaren bonbardaketaren berri mundu osora zabaldu zuen kazetari britainiarra gogorarazten du.

Steer Euskadin

George Steer (Cambridge, Hegoafrika, 1909 – Rangun, Birmania, 1944) The Times eta The New York Times egunkarietako berriemaile berezia izan zen Gerra Zibilean eta bere lana funtsezkoa izan zen Gerran zehar euskal lurraldean gertatutakoak zabaldu ahal izateko. The Times eta The New York Times egunkarietan -azken honetan, lehen orrian- argitaratutako “Gernikako tragedia” bere kronika oso garrantzitsua izan zen nazionalen bertsioa gezurtatzeko. “Euskaldunen hiri sakratua” “erabat suntsitua” zegoela zabaldu zuen mundu osoan, “aireko inbaditzaile matxinoen” erasoaren ondorioz. Hiru ordu baino gehiagoko biztanleria zibilaren aurkako bonbardaketak eta tiroak deskribatu zituen bere kronikan.

Handik zenbait hilera, George L. Steerrek “The tree of Guernica. A field study of modern war” lana aurkeztu zuen Londresen, saiakera luze bezain zehatza. Bertan, Gerra Zibilean zehar -1936ko udaran Gipuzkoara iritsi zenetik Bilboko erorialdira arte- Euskadin bizitakoak azaltzen ditu. Mikel Ayestaranek bere hitzaurrean adierazten duen bezalaxe, saiakera hori mundu osoan zabaldu izan zen kronika horren “making of”-a da, Steerrek egun horietan idatzi zituen kronika ugarietako “kronika zabala”.

Ikusi bideoa