Aurreko Albisteak

TMB Arraiz plantako Enpresa Komiteak Garbikerren eta Foru Aldundiaren kontrol handiagoa eskatu dau Bizkaiko Batzar Nagusietan, lantaldearen osasuna, birziklapenaren kalidadea eta instalazinoen egoera ona bermatzeko

haundi 22m

Enrique Álvarez, Juan Manuel Zorrilla eta Joseba Andoni Iglesias, TMB Arraiz AEBren enpresa komiteko ELAko ordezkariek, Arraiz mendian dagon tratamentu mekaniko biologikoko planta horretako beharginen “beharreko baldintza penagarriak” azaldu ditue gaur Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako Batzordearen aurrean, eta Garbikerrek eta Aldundiak esleipena daukan enpresaren ganean kontrol handiagoa egitea eskatu dabe, lantaldearen osasuna bermatzeko, plantaren birziklapeneko helburuak beteteko eta instalazinoen egoera ona ziurtatzeko.

Álvarezek gogoratuazo dauenez, orain hiru urte “geure laneko baldintza penagarrien barri emon genduan, eta denpora tarte honetan, hobetu beharrean, txarrera egin dabe”. Álvarezek zehaztu dauenez, 2013ko zezeilean inaugura uzanetik, plantan Q sukarraren agerraldi bi egon dira –azkenengoa 2018an, eta zazpi beharginengan euki eban eragina–. Horrez gain, joan dan zezeilean legionella foko bat hauteman eben, “eta zuzendaritzak 12 egun geroago jakinarazo euskun, eta guretzat hori oso larria da”. “Plantak 4tik, maila gorenetik, 3ko arrisku biologikoa dauka”, azpimarratu dau Enpresa Komiteko ordezkariak.

“Ez dira beteten ari Osalanek emon dituan aholkuak. Zuzendaritzak ez ditu onartzen eta ez dirala derrigorrez bete behar esaten dau”, kritikau dau Álvarezek. Esan dau, ganera, plantea “arratoiz josita dagola”, beharginak babesteko balio daben triaje kabinetako aireztapen sistemak behin eta barriro matxuratzen dirala, eta eskilaretako, igarobideetako eta lurreko garbitasun faltak, 2017tik 14 istripu eragin dituala, labankadak eta jausteak dirala eta.

Álvarezek hainbat proposamen zehatz aurkeztu ditu batzordekideen aurrean: garbiketako behargin gehiago kontratetea (5 persona txanda bakotxean produkzinoko 3 txandetan, eta 12 gaueko txandan), behargin gehiago hartzea eta lantaldearen jardunaldia %100era igotzea, orain arte %75ean dago eta, produkzinoko txanda bakotxean triajean 8 behargin dagozala bermatzeko, birziklatu daiteken materiala aukeratu ahal izateko.

Lantaldea handitu ezkero, birziklatutako hondakinen ehunekoa handitu egin ahal izango litzateke. “Aldundiak berak autortzen dauenez, TMB plantan materialaren %7 birziklatu beharko litzateke, eta une honetan ia ez da %5era ailegetan”, zehaztu dau Álvarezek, eta gehitu dau horrek esan gura dauela 2018an material birziklagarriaren 3.500 tona berreskuratu barik geratu dirala. Bukatzeko, Álvarezek adierazo dau “Garbikerrek eta Bizkaiko Foru Aldundiak ezin dabela beste alde batera begira jarraitu” eta biei be kontrol eta ikuskapen gehiago eskatu deutse, enpresa esleipendunaren ganean.

Ohikoa danez, Arturo Aldecoak (Talde Mistoa) hasi dau esku-hartzeen txandea, legionella fokua aztertzeko adituren bat kontratau daben galdetzeko. Eduardo Andrések (Bizkaiko Talde Popularra) adierazo dauenez, “gai honen inguruko hainbat ekimen eta erantzun-eske aurkeztu doguz Gernikan, eta ez dala ezer aurreratu emoten dau”. Josean Elgezabalek (Podemos Bizkaia) “taldearen laguntza eta esker guztia” bideratu deutse beharginei, “TMBko lan baldintzak hobetzeko beharrean jarraituko dogula”, esanez.

Plantaren egoerea sentidu ostean, Marimar Rodríguezek (Euskal Sozialistak) lantaldea handitzeko eskaririk enpresa zuzendaritzari egin deutsien galdetu deutso Alvarezi. EH Bilduren izenean, David Lopategik, “esaten dozuenarengaitik, zuzendaritzak ez ditu protokoloak apliketan eta informazinoa ezkutetan ari jatzue” adierazo dau, eta horren ostean Enpresa komiteko kideei, euren eretxiz, Bizkaiko Foru Aldundiak “AEB horren kontratua bertan behera izteko” baldintzak ete dagozan ala ez galdetu deutse.

Gorka Beitiak (Euzko Abertzaleak) hainbat erantzun-eske egin ditu; horreen artean, babes ekipoak plantaren 3. mailako arrisku biologikora egokituta dagozan eta zeintzuk diran instalazinoetan aplikau beharreko neurri osagarriak.

Esku hartzeko bigarren txandan, enpresa komiteko ordezkariak taldeen galderei erantzun deutse, eta adierazo dauenez, denpora luzea daroe proposamenak eta konponbideak planteauz eta egoera salatuz, Osalanen eta Lan Ikuskaritzan. Gehitu dauenez, plantan kontrol eta ikuskapen faltak orain arte moduan jarraitzen badau, arazo gehiago egongo da.

Bermeo udal egoitzea

Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako Batzordeak persona honeek be hartu ditu: Leire Díaz, Bermeoko persona menpekoen udal egoitzako gizarte behargina eta LAB sindikatuaren ordezkaria; SAE (Sindicato de Auxiliares de Enfermería) sindikatuko Teresa Labajos; eta Héctor Burgoa, bertan dagon egoiliar baten senidea. Udalak ezin dauela eskaintzen ari diran zerbitzuen kostua bere gain hartzen jarraitu adierazo ostean, eskumenak bere gain hartzeko eskatu deutsie Bizkaiko Foru Aldundiari, egoitzan emoten dan zerbitzuaren jarraikortasuna eta kalidadea bermatzeko. Horrez gain, eskaria egin dabe, Foru Aldundiak Bermeoko Udalari bermatu deion zerbitzuaren benetako kostuaren ordainketea, eta Udalagaz negoziazino prozesua hasi daian, kalidadeko gizarte zerbitzuen kudeaketa publikoa egin eta egoitzako erabiltzaileen eta beharginen eskubideak bermatu ahal izateko.

Díazek azaldu dauenez, hasieran, egoitza monjek kudeetan eben, eta monjak joan ziranean, udalak egoitzaren kudeaketea bere esku hartu behar izan eban, baina egoera hori ezin da gehiago luzatu. “Dagozan 67 egoiliarretatik, 66 II. eta III. graduko menpekotasuna daukienak dira, eta horreen eskumena Aldundiarena da. Hori dala eta, Aldundiak hartu beharko leukez bere gain egoitzan emoten diran zerbitzuak”, azpimarratu dau Diazek. Egoiliarren senideen izenean berba egin dauen Burgoak, bere aldetik, “udalerriko bizitzan oso integrauta dagon egoitza da, egoitzan dagozan personen bizitza kalidadea oso ona da, eta ez dogu hori aldatzerik gura”, azpimarratu dau.