Batzar Nagusietako Osokoak aho batez onetsi dau garraioaren txartel bakarrari buruz partaidetzan oinarritutako azterlana aurton bertan egin daiala eskatzea Bizkaiko Foru Aldundiari
Gernikako Batzarretxean gaur alkartu dan Bizkaiko Batzar Nagusietako osokoak talde guztien aho bateko adostasunagaz onetsi dau 2018-2019 epealdirako Bizkaiko Garraio Publikoaren Plan Estrategikoari buruz egiten ari dan azterlanaren barruan, lurralde horretarako garraio txartel bakarraren eskumena, legetasuna, bideragarritasuna eta kostua aztertzeko atal espezifikoa sartzea eskatzen dauen Arauz Besteko Proposamena.
Proposamen horrek 2019ko urte hau jarten dau garraiorako txartel bakarraren azterlana bukatzeko epe moduan, eta kontuan izan beharko diran parametroak zehazten ditu: garraio modu guztien arteko aldaketak dobakoak izatea, progresibidadeko eredu guztiak aztertzea, prezioa errenta pertsonalera eta familiakora egokitzea eta gaur egungo garraio sarea, orokorrean, hobetzeko helburuak betetea. Arauz Besteko Proposamenak, azterlana egiteko orduan partaidetzan oinarritutako metodologia be ezarten dau, Bizkaiko garraio publikoaren erabiltzaileek, arlo horretan esanguratsuak diran kolektiboetako ordezkariek, garraio arloko adituek eta behargin teknikoek parte hartu daien.
Arauz Besteko Proposamena Euzko Abertzaleak, EH Bildu, Euskal Sozialistak eta Podemos Bizkaia taldeek aurkeztu dabe alkarregaz, zuzenketa-eske transakzionalaren bitartez, eta Bizkaiko Talde Popularra eta Talde Mistoa be alde agertu dira. Holan, aldeko 47 boto lortu ditu, Bizkaiko Batzar Nagusietako batzarkide guztienak, hain zuzen be.
Azkenean onetsi dan proposamena, Podemos Bizkaia eta EH Bildu taldeek txartel bakarraren alde batera aurkeztu daben Arauz Besteko Proposamenaren eta Euskal Sozialistak eta Euzko Abertzaleak taldeek aurkeztu daben zuzenketa-eskearen emaitzea izan da. Bizkaian garraiorako txartel bakarra lortzeko bidean aurrera egiteko helburu komunak, lau taldeak ados jartea eta gaurko osoko saioan zuzenketa-eske transakzionala aurkeztea lortu dau.
Arturo Aldecoak (Talde Mistoa) azpimarratu dauenez, “proposamen ona da, eta arrakasta lortu daian, ikuspegi teknikotik ondo pentsauta eta ekonomiaren aldetik ondo kalkulauta egin behar da”. Jesús Isasik (Bizkaiko Talde Popularra), azterlana “zorroztasunez eta seriotasunez” egin daitela eskatu dau, eta hainbat alderdi kontuan hartzea, “Bilboko Metroaren erabiltzaile nagusiak erdigunean bizi diranak dirala”, eta garraio mota guztiek ez dabela bardin kutsatzen, besteak beste.
Nuria Atienza (Podemos Bizkaia) ekimenaren alde agertu da, txartel bakarrak “garraio publikoaren bultzadan eta garapenean lagunduko leukelako, mobikortasun beharrak bermatuz eta ingurumena errespetauz”. Eta, gehitu dauenez, ganera, “eskualdeen artean homogeneotasun eta bardintasun handiagoa lortuko litzateke, garraio maiztasun txikiagoak dituenetan, batez be”.
Ekain Ricok (Euskal Sozialistak), “danon onerako” akordioak eta adostasunak lortzearen garrantzia azpimarratu dau. “Oso pozik gagoz, holango akordio zabalak ez diralako oso ohikoak”, nabarmendu dau.
Bere taldearen izenean, Zigor Isuskizak esan dau txartel bakarra “gai gordianoa dala EH Bildurentzat, gai estrategikoa personen mobikortasunean”, eta, erabilten dan garraio publiko mota bat edo beste izatearen arabera ibilpide berberak egiteko tarifa desbardinak kobretea zuzendu beharra defendidu dau.
Unai Lermak (Euzko Abertzaleak) azpimarratu dauenez, “alkarren artean egindako beharrean oinarrituta, geure proposamena hobetzen dauen zuzenketa-eske transakzionalera heldu gara”. Lermak zehaztu dauenez, ekimenak, “Txartel Bakarra plataformak adierazi deuskuzan alderdiak” jasoten ditu. Garraiorako txartel bakarraren aldeko plataformako hainbat kidek Gernikako Batzarretxeko konbidauen jarlekuetatik jarraitu ditue eztabaidea eta bozketea, eta Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidentearen ondo etorria jaso dabe.
Arauak eta zuzenketa-eskeak
Gaur egin dan osoko saioan, lau Foru Arau onetsi dira, talde gehienen aldeko botoakaz. Gasa, Petrolioa eta Kondentsauak Erauztearen ganeko zergari buruzko Foru Araua Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak, Bizkaiko Talde Popularra eta Talde Mistoa taldeen aldeko botoakaz onetsi da. Lauen artean 33 boto lortu ditue, Podemosek kontrako 4 boto emon ditu eta EH Bilduren 9ak abstentzinora joan dira. EH Bildu taldeak, fracking teknikea erabilita gasa erauzteari ezarten jakozan tasak nabarmen igotzeko zuzenketa-eskea aurkeztu dau, baina ez da onetsi, alde agertu diran bakarrak proposamena aurkeztu dauen taldea eta Podemos Bizkaia izan diralako.
Bozketaren emaitzea, joan dan martiaren 4an egin zan Ekonomia eta Ogasuneko Batzordearen bileran zuzenketa-eske horrek lortu eban berbera izan da. Bilera haretan gaur Osokoan eztabaidatu dan beste Foru Arau bat be aztertu eta bozkatu zan, Ondasun Higiezinen Zergaren ganeko Foru Araua. Batzorde haretatik igaro ostean, Foru Arau horrek, martiaren 4an aho batez onetsi zan zuzenketa-eske bat jaso dau, gitxieneko %0,20eko eta gehieneko %0,80ko grabamena ezarteko Ezaugarri Bereziak daukiezan Ondasun Higiezinetarako. Arautegi barriak, landa izaerako eta uri izaerako ondasun higiezinen katalogazino bikotxean ondo sartzen ez ziran instalazinoak, Bilboko Portua, parke eolikoak, aireportuak edo Petronor, beste batzuen artean, jasoten ditu. Guztira, 30 Udal inguru, horreen artean Muskiz, Bermeo, Barakaldo edo Bilbo, EBOH-BICES zerga hori kobretan hasi ahal izango dira.
Osokoan, hainbat taldek aurkeztu dituen hiru zuzenketa-eskeak eztabaidatu dira, aitatutako Foru Arauaren 3. artikulua aldatzeko. Artikulu horrek %50era arteko gainkargea ezarten dau Udalek jaubeei aplikau beharreko OGZn “zergadunaren edo alokairua edo erabileraren lagapena dala eta etxebizitza erabilerea daukien eta hutsik dagozan etxebizitzetan”. Isun horretatik salbuetsita geratuko dira gizarte erabilerako etxebizitzak, batzordean onetsi zan moduan, indar politiko guztien aldeko botoagaz, Bizkaiko Talde Popularrarena izan ezik.
Javier Ruiz, azken alderdi horretako ordezkariak, gainkarga hori kentzea eskatzen eban zuzenketa-eskea defendidu dau, eta EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeek, barriz, zuzenketa-eske bitan, gainkargea OGZren kuota likidoaren %150era arte igotea eskatu dabe. Bizkaiko Talde Popularraren zuzenketa-eskeak talde horretako eta Talde Mistoko batzarkideen aldeko botoak baino ez ditu lortu, eta ganerako kide guztiek (44) kontra bozkatu dabe. EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeen zuzenketa-eskeek, barriz, kontrako 34 boto eta aldeko 14 jaso ditue, proposamenak aurkeztu dituen talde bietakoak. Zuzenketa-eskeak jaso dituen artikuluak izan ezik, arauaren ganerako artikuluak aho batez onetsi dira.
Ainara Aretxabaleta Euzko Abertzaleak taldeko batzarkideak, OGZren Foru Arauaren eztabaideaz baliauz, iragarpen bat egin dau: “Hau izango da Osoko batean izango dodan azkenengo esku-hartzea, azken 12 urteetan bizi izan dodan esperientzia pertsonal aberasgarriaren ostean”. Aretxabaleta batzarkideak bere taldearen konfiantzea eskertu dau eta parkamena eskatu deutso oposizinoari, “eztabaiden uneren batean baten bat mindu badot”.
Onetsi diran ganerako Foru Arauak, Iraunkortasun eta Ingurune Naturaleko Sailaren tasak arautzen dituana eta Irabazi asmorik bako erakundeen eta mezenasgoaren zerga pizgarrien araubide fiskalari buruzkoa izan dira. Lehenengoa, Podemos Bizkaia taldeak, nekazaritzan eta abeltzaintzan ari diran 18 eta 41 arteko gazteei tasak murrizteko proponidu dauen zuzenketa-eske biak sartu dituan zuzenketa-eske transakzionalagaz onetsi da. Talde berak aurkeztutako beste hiru zuzenketa-eske, barriz, ez dira onetsi. Zuzenketa-eske horreetan, orkatzaren ehizaren tasak handitzea eta 65 urtetik gorako pertsonek arrantzan eta ehizan egiteko daukien 0 euroko tasea kentzea eskatzen zan.
Joan dan martiaren 11an egin zan Ekonomia eta Ogasuneko Batzordeko eztabaidan gertatu zan moduan, Irabazi asmorik bako erakundeen eta mezenasgoaren zerga pizgarrien araubide fiskal barriari buruzko eztabaidea luzea eta emonkorra izan da, Podemos Bizkaia taldeak aurkeztutako 36 zuzenketa-eske eta EH Bilduk proponidutako beste 25 eztabaidau diralako.
Zuzenketa-eske horreetako gehienak ez dira onetsi, baina azpimarratzekoa da Foru Arau barriak, talde guztiek (Euzko Abertzaleak, EH Bildu, Euskal Sozialistak, Podemos Bizkaia, Bizkaiko Talde Popularra eta Talde Mistoa) Podemos Bizkaia taldearen ekimenaren aurrean erakutsi daben aldeko eretxiari esker, lehentasunezko jardueren artean emakumeen eta gizonen arteko benetako bardintasunaren sustapena, indarkeria matxistea ezabatzea eta genero indarkeriaren biktimei laguntzea bilatzen dabenak sartzea jaso dauela.
Bukatzeko, Bizkaiko Batzar Nagusietako Osokoak argi berdea emon deutso Balio Erantsiaren ganeko Zergari buruzko zezeilaren 19ko 1/2019 Foru Dekretu Arauemoileari, UEFA Euro 2020ren azken fasearen araubide fiskala osotzen dauena. Arau jakin batzuetan Aldundiko araubidea Estadukora derrigorrez egokitu beharra jasoten dauen dekretu horrek Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak, Bizkaiko Talde Popularra eta Talde Mistoa taldeen aldeko 32 boto eta EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeen kontrako 14 boto jaso ditu.