Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako Batzordeak norbanako batek Gizarte Ekintza Sailaren kontra aurkeztu dauen kexea eta Busturialdeko uraren kudeaketaren ganeko beste erreklamazino bat entzun ditu

Eskari, kexa, erreklamazino edo iradokizun bat aurkezteko edozein herritar joan daiteken Eskaeretarako eta Herritarrazkazko Hartu-emonetarako Batzordea gaur, barikuan, alkartu da barriro, eguneko gai zerrendan puntu bi aztertzeko. Lehenengo, Joseba Barayazarra etorri da batzordeko kideen aurrera, eta bere senide batek, iktus bat jasan eta gero, Gizarte Ekintzako Foru Sailak aurrera eroan dauen menpekotasun balorazinoaren ganeko administrazino tramitazinoaren eta foru egoitza batean sartzeko prezio publikoaren ganeko kexea aurkeztu dau.
Barayazarrak zehaztasun osoz azaldu dau azkenengo hiru urteetan jasaten ari dan egoerea, Gizarte Ekintza Sailetik eta testamentariatik eskatu eutsien dokumentazino guztia aurkeztu arren, “administrazino akats bat” dala eta, “guztiz defentsa barik” geratu dala, beraren kontra espedientea zabaldu dalako “kapital gitxitzearengaitik”, eta laguntza publikoa kendu deutsielako. Erabagi horreek kostu ekonomiko eta sufrimentu pertsonal handia eragin deutsie.
Kontau dauenez, bera eta bere abogadua sarritan alkartu dira Gizarte Ekintza Saileko arduradunakaz, eta ez dabe ezelango erantzun egokirik jaso, arazo guztia “administrazino akats bategaz” hasi zan arren. Esan dauenez, inork ez dau akats horren ardura hartzen bere gain, eta bera da ordaintzen ari dan bakarra, bere senidea be kaltetua dan arren ez dagolako zer gertetan dan ulertzeko moduan.
Barayazarrak kexea agertu dau jasan dauen tratuarengaitik, dokumentazinoa galdu dabenez dokumentu berberak behin eta barriro aurkeztu behar izan ditualako eta bere familia bidezkoa ez dan egoerea jasaten ari dalako. “Ez da posible, eurek egin dituen oso akats larriengaitik Gizarte Ekintza Sailagaz hiru urtez burrukan eta sufriduten ibili eta gero, nik betebeharrak baino ez eukitea, ezelango eskubide barik”, esan dau.
Bere esku-hartzea entzun eta gero, alderdi politikoen txandea heldu da. Arturo Aldecoak (Talde Mistoa) esan dauenez, “Administrazinoak egindako akats baten ondoriozko arazo bat sortu izanaren oso adibide argia da, eta holangoak gertetan diranean oso gaitza da horreek konpontzea”.
Eduardo Andrés Bizkaiko Talde Popularreko batzordekideak adierazo dauenez, “Gizarte Ekintza Sailari kontsulta bat egingo deutsagu, eta gero ikusiko dogu zer edo zer egin leiken ala ez”.
“Aldundiaren kontrako burruka gogorra eta bidebakoa da”, azpimarratu dau Podemos Bizkaia taldeko Josean Elgezabalek. Isabel Cadavalek (Euskal Sozialistak) esan dauenez, penagarria da “familian egoera gaitza jasan eta gero holango arazoak egotea”.
Josu Unanue EH Bilduko batzordekideak “benetan sentiduten dauela” jakinarazo deutso Joseba Barayazarrari, jasan dauen guztiarengaitik. “Bere egoera pertsonala gaitza izan da, eta Administrazinoa danok osotzen dogun arren, Administrazinoak baditu bere tresnak”. Horren ostean, bere taldeak gaiaren ganeko argibideak eskatuko dituala adierazo dau.
Jon Andoni Atutxak (Euzko Abertzaleak) bere alkartasuna agertu deutso Joseba Barayazarrari, eta bere arazoa azaltzera Bizkaiko Batzar Nagusietara joan izana eskertu deutso.
Bigarren esku hartzean Joseba Barayazarrak eskertu egin deutse talde politiko guztiei “oso kostu pertsonal eta emozional gogorra daukan arazo baten aurrean erakutsi daben jarrerea”. Gainera, iragarri dauenez, baliobako ekintzen ofiziozko azterketea eta eragin jakon kalte moralarengaitik ondare erantzukizuneko erreklamazinoa Epaitegien aurrean aurkezteko aukerea aztertzen ari da.
Busturialdeko ura
Busturialdeko uraren kudeaketea izan da Jon Bernat Zubirik eskatuta bileran aztertu dan bigarren partea. “Ure urre; guk gure ure” lelopean, Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoak BUP (Busturialdeko Ur Partzuergoa) bereganatzearen kontrako eretxia aurkeztu dau batzarkideen aurrean. Zubiriren eta Iratxe Arriolaren ustez, “negozioa egiteko asmoaren” ondoriozko erabagia da. “Bereganatze horren kontra gagoz, geure erabagiteko eskubideagaz eta Busturialdean oinarrizkoa dan baliabide natural baten kudeaketeagaz jarraitu gura dogulako”, adierazo dabe. Zubiri eta Arriola oso kritiko agertu dira gaur egun uraren kudeaketearen inguruan Bizkaian dagon ereduaren aurrean eta, esan dabenez, “argumentu falsuetan oinarritutako kontakizunean oinarrituta ari da eregiten”.
Euren eretxiz, ez da egia BUP Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoan sartzea ur faltaren ondorioa danik, azpimarratu dabenez, “Oizeko hartunea barriztau eta gero, eskualdeko beharrei erantzuteko beharrezkoa izango litzatekelako”. Modu berean, adierazo dabenez, eskuratze horrek ez dau prezioa merketzerik ekarriko, izan be, “gaur egun Busturialdeko Ur Partzuergoaren tarifea Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoarena baino %7 merkeagoa da”. Modu berean kritikau egin dabe BUParen kudeaketea ez dala bideragarria dinon argumentua, eta kostuei aurre egitea ez dala posible esatea ez dala egia esan dabe. “Ura ez da merkantzia bat, giza eskubide bat baino, eta bardintasuna, gizarte arloko justizia eta jasangarritasuna ekonomiaren aurretik egon behar dira”, nabarmendu dabe.