Artista gazteek lehen aldiz erakutsi ahal izango ditue euren lanak, Bizkaiko Batzar Nagusien eta Euskal Herriko Unibertsitatearen artean sinatu dan hitzarmenari esker
Ana Otadui, Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidenteak eta Nekane Balluerka Euskal Herriko Unibertsitateko Errektoreak, lankidetzarako hitzarmena sinatu dabe gaur, martiaren 15ean, Arte Ederretako Fakultadeko ikasleen artelanak Foru Kamaran erakusteko. Lau urteko indarraldia, modu automatikoan beste lau urtetan luzatu ahal izango dana, dauen hitzarmenak sendotu egiten dau erakunde bien artean 2011tik indarrean dagon lankidetzea.
Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoa izan da akordioa sinatu dan agertokia. Bertara, Arte Ederren Fakultadeko irakasleak (Fito Ramírez-Escudero, Usoa Fullaondo, Txus Meléndez, Jesús Mari Lazkano, Daniel Tamayo edo Damaris Pan) eta azkenengo urteetan Batzarretako Erakusketa Aretoan euren artelanak erakutsi dituen artistak (Amaia Lejarreta, Maider Santos, Lide Kaltzada, Gabriel Camino, Irantzu Aldabere, Izaskun Araluzea, Mikel del Río, Eriz Moreno, batzuen artean) be etorri dira. Bertan egon dira, baita be, Joseba Gezuraga Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteordea eta Patxi Juaristi UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko Erretoreordea. Hitzarmen barriari esker, graduosteko ikasle gazteek lehen aldiz erakutsi ahal izango ditue euren lanak, katalogo batean jasota ikusi eta euren artelan bat Bizkaiko Foru Kamarako arte bildumaren parte izateko aukerea izango dabe.
“Gaur beste aurrerapausu bat emongo dogu gure erakundearen eta Euskal Herriko Unibertsitatearen, bertako Arte Ederren Fakultadearen bitartez, arteko lankidetzaren ibilpide emonkorrean. Azkenengo hamarkadan, berrogei artista gazte inguruk euren lanak erakutsi ahal izan ditue umila izan arren uriaren erdialdean dagon erakusketa areto honetan”, esan dau Ana Otaduik. Bizkaiko Batzar Nagusien ordezkari nagusiak azpimarratu dauenez, hitzarmen horren sinadureak “Batzarretako Mahaiko indar politiko guztien aho bateko adostasuna” jaso dau, eta “XXI. mendeko batzar moduan daukagun betebeharra osatzen daben kultur jardueren” garrantzia be azpimarratu dau.
Nekane Balluerka EHU/UPVko errektorea pozik agertu da hitzarmenaren sinadurea dala eta, eta azpimarratu dauenez, “hitzarmen horregaz finkatu egiten da Bizkaiko Batzar Nagusien eta Euskal Herriko Unibertsitatearen apustua, Arte Ederretako geure ikasleen sorkuntza lana bultzatzeko. Helburua arte sorkuntzari lagunduko deutsan ingurunea sortzea da, eta akordio hau horretara garaman beste pausu bat da”.
Urtean hiru erakusketa inguru antolatzeko aukerea emongo dau, ikasle birena, Arte Ikerketa eta Sorkuntza, Pintura, Arte Garaikidearen Kontserbazioa eta Zeramika eta Funtzioa, eta Erakusketa Masterretako sortzaile gazteena, artelanen arteko alkarrizketan oinarrituta. Erakusketa Masterretako sortzaile gazteena, artelanen arteko alkarrizketan oinarrituta. Hitzarmenaren barruan, Batzar Nagusiek erakusketa baten katalogo bat egingo dabe eta artelan bat erosiko dabe, bere bilduman sartzeko.
Genero ikuspegia
Hitzarmenaren xedea “Bizkaiko artista gazteen lanak ezagutuazotea da, genero ikuspegia sartuz, gure Lurralde Historikoko emakume artisten partaidetza orekatua bermatu ahal izateko”. Hitzarmen hau garatzeko, eta jagokon jarraipena egiteko, Garapen eta Jarraipen Batzordea eratuko da, EHUren ordezkari batek eta Bizkaiko Batzar Nagusien ordezkari batek osatua, hitzarmeneko ekintzak indartzeko eta ebaluatzeko.
2010eko garagarrilean zabaldu zanetik gaur arte, Bizkaiko Batzar Nagusietako Bilboko Egoitzako Erakusketa Aretoak hogei bat arte erakusketa jaso ditu, UPV/EHUgaz lankidetzan. Lehenengoak, “Exposición Cero” izenekoak, Fito Ramírez-Escudero, Iñaki Bilbao eta David García Arte Ederren Fakultadeko irakasleen pintura lana batu eban. “ESO” izeneko azkenengoak, Ane Zelaia eta Maider Santos artistek hainbat euskarritan egindako 20 olio-pintura jaso ditu. Azken lan horreek joan dan urtarrilaren 22tik ikusi daitekez.
Erakusketa bi horreen artean, Bizkaiko Batzar Nagusietako erakusketa aretoak hainbat estilotako eta diziplinatako artelanak jaso ditu Jon Martín, Jon Ander García Benítez, María García Benítez, Gabriel Camino, Leire Sánchez, Izaskun Araluzea eta Iranzu Aldabere artista gazteenak, beste batzuen artean. Usoa Fullaondo eta Txus Meléndez irakasleek antolatu ditue erakusketa asko.
Artelanak eta katalogoak
Ana Otaduik eta Nekane Balluerkak, Bizkaiko Batzar Nagusien eta Euskal Herriko Unibertsitatearen ordezkari nagusiek, hurrenez hurren, sinatu dabe hitzarmena, “ESO” erakusketan jasotako Zelaiaren eta Santosen artelanek inguratuta. Ekitaldi honetarako, erakusketa aretoak aurreko erakusketen katalogoak erakusten ebazan. Sinaduraren ostean ibilpidea egin da Batzarretako Bilboko egoitzatik. Bertan dagoz ikusgai Bizkaiko Foru Aldundiak bere bildumarako eskuratu dituan Arte Ederretako ikasleen argazkiak, eskulturak eta margolanak.
Hitzarmen honetatik sortuko dan lehenengo erakusketa garagarrilaren erdialdean inaugurauko da; Carmen Marín irakasleak zuzentzen dauen Zeramika graduosteko masterraren amaierako hogei lan inguru batzen dituan erakusketa kolektiboa izango da. Bizkaiko Batzar Nagusiek 1985ean hasitako arte bilduma azpimarragarria daukie, eta urte bakotxean gora egiten dau, UPV/EHUko Arte Ederretako Fakultadeko sortzaile gazteen erakusketa bakotxean artelan bat erosten dauelako. Jorge Oteiza, Gabriel Ramos Uranga, Mikel Díez Alaba, Daniel Tamaño, Alfonso Gortázar eta Jesús Mari Lazkano dira Bilboko Hurtado de Amézaga kaleko 6. zenbakian dagon Bizkaiko Batzar Nagusien administrazino egoitzako bulegoetan, igarobideetan eta egongelatan ikusi daitekezan artelanak egin dituen artistetako batzuk.
Bilduman, azpimarragarriak dira XX. eta XXI. mendeetako emakume margolarien, eskulturagileen eta argazkilarien 40 artelan baino gehiago. Horrek argi eta garbi erakusten dau Bizkaiko Batzar Nagusiek artea erosteko politikan izan dauen ikuspegi bardinzale aitzindaria. Mari Puri Herrero, Juana Cima, Mertxe Olabe, Asun Goikoetxea, Abigail Lazkoz, Dora Salazar, Begoña Zubero, Damaris Pan, Lide Kaltzada edo Andrea Abalia artisten sorkuntza lanak, beste batzuen artean, ibilaldi parebakoa eskaintzen dabe emakumeek egindako euskal arte garaikidetik.