Aurreko Albisteak

Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako Batzordeak aho batez onetsi dau Lamiakoko ibarra berreskuratzea

haundi 14m

Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraunkortasuneko eta Ingurune Naturaleko Batzordea osatzen daben 15 kideak aho batez agertu dira “Bizkaiko Foru Aldundiari, bere eskumenen barruan, eta inplikauta dagozan erakundeakaz eta gizarte arloko alkarteakaz lankidetza aktiboan, Lamiakoko ibarra berreskuratzeko lanean behar egin daiala eskatzearen” alde, “gune hori naturalizetako eta bioaniztasuna berreskuratzeko”. Podemos Bizkaia taldearen izenean, Josean Elgezabalek aurkeztu dauen proposamenak alderdi politiko guztien aldeko botoak jaso ditu: Euzko Abertzaleak, EH Bildu, Euskal Sozialistak, Podemos Bizkaia, Bizkaiko Talde Popularra eta Talde Mistoa.

Elgezabalen berbetan, Lamiakoko Ibarra “leku berezia da, zientziaren eta hezkuntzaren aldetik interesgarria, eta hegazti askoren atseden eta babes leku, horreetako batzuk desagertzeko arriskuan dagozan espezieak, hain zuzen be”. Horren ostean adierazo dauenez, berreskuratzeko derrigorrezkoa da erakunde guztien eta inplikauta dagozan gizarte arloko kolektiboen “inplikazino aktiboa”.

Euren txandan, talde guztiak ekimenaren alde agertu dira. Arturo Aldecoak (Talde Mistoa) adierazo dauenez, Lamiakoko ibarra “orain mende bi hareatza zan hezegune antropikoa da”, eta proposamenaren aldeko botoa emongo dauela esan dau “hegazti migratzaileentzat eta beste espezie batzuentzat garrantzitsua dalako”.

Eduardo Andrések (Bizkaiko Talde Popularra) esan dauenez, “proposamen generikoa da, baina alde agertuko gara”. Euskal Sozialistak taldearen izenean, Isabel Cadavalek hau azpimarratu dau: “pozik gagoz 16 hektarea baino gehiago dituan ibar hori berreskuratzea dalako proposamen honen xedea”. “Ados gagoz eta aldeko botoa emongo dogu”, iragarri dau David Lopategik (EH Bildu). Aitor Ibarrak (Euzko Abertzaleak) be bere taldea alde agertuko dala aurreratu dau, “ingurumenaren babesagaz orekea eukiko dauen garapen sozio-ekonomikoaren aldeko apustua egiten dogulako”.

Adostasuna izan da gaur egin dan bileraren ezaugarri nagusia, Arauz Besteko beste Proposamen bat be onetsi dalako –Euzko Abertzaleak, EH Bildu, Euskal Sozialistak, Bizkaiko Talde Popularra eta Talde Mistoa taldeen aldeko 13 botoakaz–, Aldundiari eskaria egiteko, “bere ohiko posta bialketetan, informazinokoetan edo publizidadekoetan plastikozko gutun-azalak edo plastikoagaz babestutakoak erabili ez daizan, bialketaren eukiak hori justifiketan ez dauen kasuetan”.

Arturo Aldecoa Talde Mistoaren ordezkari bakar eta ekimenaren sustatzaileak esan dauenez, gure gizartea, etorkizunean, “publizidadearen zibilizazinoa” izenez ezagutuko da, eta esan dau penagarria dala bialketa horreetako asko plastikoan edo metalezko estalkiak daukiezan paperetan bilduta bialtzea. “Ekimen hori, ganera, eredugarria izan leike beste enpresa, fundazino edo erakunde batzuek plastikoa erabili beharrean paper birziklatuzko bildukinak erabili daiezan”.

Eduardo Andrések (Bizkaiko Talde Popularra) adierazo dauenez, bere taldea ekimenaren alde agertuko da, baina esan dau, baita be, proposamenak aurrera egiteko nahikoa zala “Iraunkortasuneko eta Ingurune Naturaleko sailari eskari sinple bat egitea edo Diputatu andreari deitzea”. Josean Elgezabalen (Podemos Bizkaia) berbetan, proposamena “generalistea” eta “buenistea” da, eta bere taldea abstenidu egingo dala azaldu dau, proposamena “ez dalako inora helduko”.

“Funtsagaz ados gagoz, baina proposamen horrek alderdi gehiago jaso leikez”, zehaztu dau Isabel Cadavalek (Euskal Sozialistak). David Lopategik (EH Bildu) esan dauenez, “ekimena pausu txiki bat baino ez dan arren, ondo egongo da onestea”. Euzko Abertzaleak taldearen izenean, “plastikoaren erabilerea arrazionalizau, murriztu, eta baita debekatu be egin behar dala” esan dau Gorka Beitiak.

Eremu Naturalen Babesa

Batzordeko bilerara Elena Unzueta Iraunkortasuneko eta Ingurune Naturaleko Foru Diputatua etorri da, eremu babestuak edo erabilera publikoko mendiak kirol ekintza jentetsuetatik edo erasangarrietatik babesteko Dekretuaren eukia azaltzeko, Arturo Aldecoak (talde Mistoa) eskatuta. Unzuetak zehaztasunez azaldu dau Bizkaian sailkatuta dagozan lau eremu naturaletan hainbat jarduera murrizteko eta debeketako oso neurri zehatzak jasoten dituan esparrua sortzen dauen foru arautegi barriaren eukia. Motordun ibilgailuen lehiaketak (bizikleta elektrikoak barru diralarik) debekau egiten ditu, eta nabarmen mugatzen dau hainbat probatako partaide kopurua: mountain bikeko probak (150 partaide, gehienez be), trail-a (300) eta oinezko martxak (500), zezeilaren 1etik irailaren 15era, garai horretan sortzen dabelako eragin handiena animaliengan.

Bizkaiko Batzarretako alderdi politiko guztiek pozez jaso dabe Dekretu barriaren eukia. “Pozik jarteko modukoa da eremu naturalak babesteko kirol proba horreek arautu beharragaz ados gagozala ikustea”, azpimarratu dau Unzuetak.

Eguneko gai zerrendan beste gai bi be egon dira. Lehenengo, David Lopategik Unzueta diputatuari egin deutson EH Bilduren ahozko erantzun-eskea, Nekazaritzako Zuzendaritzako Tasak arautzen eta eguneratzen dituan Foru Arau Proiektuari lotutako Genero Eraginaren Garrantzi Eza justifikau daian. Elena Unzuetak erantzun dauenez, Tasen ganeko Foru Arau Aurreproiektua zehaztu aurretik “15 pausu” emon dira, eta teknikariak dira genero eraginari buruzko txostena egin dabenak. Txostenaren ondorioak erakusten dauenez, bardintasuna ikusten da arautegiak araututako tasak ordaintzen edo zerbitzuak hartzen dituen gizonen eta emakumeen artean.

“Emoten dauenez, Bardintasunari buruzko Foru Araua gero eta gehiago zapaltzen da, emoten dan pausu bakotxean”, kritikau dau Lopategik, eta gogoratuazo dauenez, EH Bilduk Teresa Laespada Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Diputatuari egin eutsan erantzun-eske beraren aurrean, arau horrek generoaren eraginari buruzko txostena izan beharko leukela autortu ebala diputatuak. Unzuetak barriro azpimarratu dau Genero Eraginaren Garrantzi Eza “geure teknikarien erabagia izan dala, emoten dauenez gauza bat pentsau dabe eta beste bat pentsau behar eben”.

Bukatzeko, Arturo Aldecoa Talde Mistoaren ordezkari bakarrak Arauz Besteko Proposamen bat aurkeztuta eukan, Banda gorria eta marroia deritxanek Euskadin kaltetutako pinudiak, preminaz, oxido kuprosoz fumigetako eskatzeko Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari, baina proposamena aurkeztu dauen berak baztertu dau, daborduko jaso dauelako Ministerioak gai horren ganean emondako erantzuna.