Aurreko Albisteak

Etorkizuneko turismoa eta El Karpin zentroaren egungo egorea izan dira Bizkaiko Batzar Nagusietako Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako Batzordearen protagonistak

haundi 11m 2

Imanol Pradales Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako Foru Diputatua Bizkaiko Batzar Nagusietako Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako Batzordearen aurrera etorri da gaur, Arturo Aldecoak (Talde Mistoa) eskatuta, Bilbao-Bizkaia 2018-2025 Turismo Ekintza Planaren estrategiak, neurriak eta helburuak azaltzeko. Datozan zazpi urteetan gauzatuko dan proiektu horrek zentrau dau Batzordearen bileraren lehenengo partea. Bigarren partean, Podemos Bizkaia taldeko Josean Elgezabal batzordekideak aurkeztu dauen Arauz Besteko Proposamen bat eztabaidatu eta bozkatu da, Karpin Fauna Basatiaren Babes Parkerako sarbideak hobetu eta aparkalekuak hobeto antolatu eta aurreikusitako eskariari erantzuteko gune barriak sortu daizala eskatzeko Bizkaiko Foru Aldundiari.

Pradalesek Bilbao Bizkaia Turismo Ekintza Planaren ildo estrategikoak azaldu deutsez Batzordeko kideei. Bertan, turismoagaz erlazionautako erakunde publiko eta pribaduetako 268 eragilek hartu dabe parte. Pradalesek 2018an izandako datu onak azpimarratu ditu. Lehen aldiz, bisitarien batez besteko egotaldiak gau bira heldu dira, eta turismoak geure lurraldean izan dauen eragin ekonomikoa 1.903 milioi euroraino heldu da, hau da, BPGren %5,3.

Turismoaren hazkunde eutsia, iraunkorra eta kualitatiboa dira 2025eko zerumuga dauen Bilbao Bizkaia Turismo Ekintza Planaren hiru helburu nagusiak, Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako Foru Diputatuak azpimarratu dauenez. Zifratan, Plan horren helburua, datozan 7 urteetan turisten sarrerak 1,7 milioitik 2,4 milioira igotzea da, eta bertan igaroko daben gau kopurua 3,4tik 5 milioira. Gastuari jagokonez, gaur egungo 297 eurotik 365 eurora igotzea lortu gura da estadu barruko turismorako, eta 398 eurotik 510 eurora atzerritik datorren turismorako. Hori lortzeko, turismoaren sustapenerako sei produktu programa eta 87 jarduketa diseinau ditu Planak.

Karpin

Batzordeak, Podemos Bizkaia taldeak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamen bat eztabaidatu eta bozkatu dau, “Karpin Fauna Basatiaren Babes Parkerako irisgarritasuna eta inguruko mobikortasuna hobetu daizala” eskatzeko Bizkaiko Foru Aldundiari, “sarbideak hobetuz eta inguruan aparkalekuak hobeto antolatuz eta gune barriak egokituz, aurreikusten dan eskariari erantzuteko”. Proposamena aurkeztu dauen taldearen izenean, Josean Elgezabalek zentro horrek gizartearen eta ingurumenaren ikuspegietatik egiten dauen ekarpena azpimarratu dau. 2017an 44.800 bisita baino gehiago jaso ebazan, eta igaz 45.300 baino gehiago. Esan dauenez, penagarria da “Aldundiak Karpinen garapenean erakusten dauen inplikazino falta nabarmena”.

Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek zuzenketa-eske bateratua aurkeztu dabe, testua aldatzeko eta Foru Aldundiari “Enkarterriko Udalerrien Mankomunidadeagaz lankidetzan aritu daiala” eskatzeko, aitatutako helburu horreek lortzeko, Mankomunidade hori dalako “Karpin Fauna Basatiaren Babes Parkearen jaubea”.

Eztabaidaren ostean, Podemos Bizkaia taldeko Elgezabalek ez dau onetsi zuzenketa-eskea, Mankomunidadeak Karpinen garapenean erakutsi dauen inplikazino faltea azpimarratuz eta “Enkarterriko Mankomunidadeko presidenteak konbiteari uko egin eta danok, aho batez, bera ona etortea eskatu genduanean, Batzorde honetara ez etortea erabagi ebala” gogoratuazoz. Elgezabalek “Karpin lehentasuna ez izatea” kritikau dau. “Funtsezkoa ez da ekimenak planteetea, borondate politiko faltea baino”, adierazo dau.

Josu Montalbánen (Euskal Sozialistak) eretxiz, Podemos Bizkaiaren proposamena “interesgarria” da, baina “derrigorrez parte hartu behar dauen erakundea Enkarterriko Mankomunidadea dala” nabarmendu dau. Aitor Ibarrak (Euzko Abertzaleak) be nabarmendu dauenez, “hobekuntza horreek guztiak Enkarterriko Mankomunidadeak eskatu behar ditu, eta ez Aldundiak”.

“Ez dago geure artean Karpinen gaiak baino denpora gehiago daroan gai askorik”, esan dau hasteko Arturo Aldecoak (Talde Mistoa), eta horren ostean “edozein jarduketa horregaz ados egonda egin behar dala” gehitu dau. Bizkaiko Talde Popularraren izenean aritu dan Jesús Isasik azpimarratu dauenez, zentroak “120 bisitari jasoten ditu egunean batez beste”, eta Karpineko sarbideak eta aparkalekuak hobetzearen alde agertu da, baina Enkarterriko Mankomunidadea kontuan izanda.

Zigor Isuskizak (EH Bildu), bere aldetik, Bizkaiko Foru Aldundia eta Enkarterriko Mankomunidadea alderdi politiko berekoak dirala azpimarratu dau. “EAJ-PNVk ez dau Karpinen garapenaren aldeko apustu sendorik egiten. Aitzakia guztien ganetik, ikusten da ez dagola parkea behar dan moduan garatzeko asmorik”, esan dau bukatzeko.

Eztabaidaren ostean Arauz Besteko Proposamena bozkatu da, baina ez da onetsi, aldeko boto bakarrak Podemos Bizkaia eta EH Bildu taldeenak izan diralako. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek kontra bozkatu dabe, eta Bizkaiko Talde Popularra eta Talde Mistoa abstenidu egin dira.