Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Euskal Herriko Unibertsitateak sendotu egin dabe artista belaunaldi barrien sorkuntza lanak zabaltzeko lankidetza hitzarmena
Ana Otadui, Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidenteak eta Nekane Balluerka Euskal Herriko Unibertsitateko Errektoreak, lankidetzarako hitzarmena sinatuko dabe bariku honetan, martiaren 15ean, Arte Ederretako Fakultadeko ikasleen artelanak Foru Kamaran erakusteko. Lau urteko indarraldia, modu automatikoan beste lau urtetan luzatu ahal izango dana, dauen hitzarmenak sendotu egiten dau erakunde bien arteko lankidetzea. Ganera, urtean hiru erakusketa inguru antolatzeko aukerea emongo dau, ikasle birena, Arte Ikerketa eta Sorkuntza, Pintura, Arte Garaikidearen Kontserbazioa eta Zeramika eta Funtzioa, eta Erakusketa Masterretako sortzaile gazteena, artelanen arteko alkarrizketan oinarrituta. Hitzarmenaren barruan, Batzar Nagusiek erakusketa baten katalogo bat egingo dabe eta artelan bat erosiko dabe, bere bilduman sartzeko.
Hitzarmena, Batzar Nagusietako erakusketa aretoan sinatuko da. 2010eko garagarrilean zabaldu zanetik gaur arte, hogei bat arte erakusketa jaso ditu, UPV/EHUgaz lankidetzan. Lehenengoak, “Exposición Cero” izenekoak, Fito Ramírez-Escudero, Iñaki Bilbao eta David García Arte Ederretako Fakultadeko irakasleen pintura lana batu eban. “ESO” izeneko azkenengoak, Ane Zelaia eta Maider Santos artistek hainbat euskarritan egindako 20 olio-pintura jaso ditu, joan dan hilaren amaierara arte. Erakusketa bi horreen artean, Bizkaiko Batzar Nagusietako erakusketa aretoak hainbat estilotako eta diziplinatako artelanak jaso ditu Jon Martín, Jon Ander García Benítez, María García Benítez, Gabriel Camino, Leire Sánchez, Izaskun Araluzea eta Iranzu Aldabere artista gazteenak, beste batzuen artean. Usoa Fullaondo eta Txus Meléndez irakasleek antolatu ditue erakusketa asko.
Bizkaiko Batzar Nagusiek 1985ean hasitako arte bilduma azpimarragarria daukie, eta urte bakotxean gora egiten dau, UPV/EHUko Arte Ederretako Fakultadeko sortzaile gazteen erakusketa bakotxean artelan bat erosten dauelako. Jorge Oteiza, Gabriel Ramos Uranga, Mikel Díez Alaba, Daniel Tamaño, Alfonso Gortázar eta Jesús Mari Lazkano dira Bilboko Hurtado de Amézaga kaleko 6. zenbakian dagon Bizkaiko Batzar Nagusien administrazino egoitzako bulegoetan, igarobideetan eta egongelatan ikusi daitekezan artelanak egin dituen artistetako batzuk.
Bilduman, azpimarragarriak dira XX. eta XXI. mendeetako emakume margolarien, eskulturagileen eta argazkilarien 40 artelan baino gehiago. Horrek argi eta garbi erakusten dau Bizkaiko Batzar Nagusiek artea erosteko politikan izan dauen ikuspegi bardinzale aitzindaria. Mari Puri Herrero, Juana Cima, Mertxe Olabe, Asun Goikoetxea, Abigail Lazkoz, Dora Salazar, Begoña Zubero, Damaris Pan, Lide Kaltzada edo Andrea Abalia artisten sorkuntza lanak, beste batzuen artean, ibilaldi parebakoa eskaintzen dabe emakumeek egindako euskal arte garaikidetik.