Enkarterrietako Museoak, industrializazinoa zala eta eregi ziran eskualdeko eraikin enblematikoak erakusten ditu "Enkarterri. 1870-1975. Arkitektura garaikidearen distira" erakusketan
Zaharren Miranda Egoitza eta Munoa Jauregia Barakaldon, Gueñeseko edo Santurtziko Udaletxeak, Gordexolako, Sopuertako eta Karrantzako etxe indianoak edo Portugaleteko batzokia dira Bizkaiko Batzar Nagusien esku dagon Enkarterrietako Museoan gaur inaugurau dan “Enkarterri. 1870-1975. Arkitektura garaikidearen distira” erakusketak jasoten dituan eraikin enblematikoetako batzuk. Erakusketea, Gorka Pérez de la Peña Oleaga historialariak bost urtez egin dauen ikerketa lanaren emaitzea da. Bere lan zorrotzaren beste emaitzea, erakusketeagaz batera, izenburu bera daukan eta gaur aurkeztu dan liburua da.
Ikerketa lan horrek, 1870 eta 1975 artean Enkarterrin eregitako eraikin guztien inbentarioa jasoten dau, eskualdea modu zabalean eta historikoan ulertuta, Ezkerraldeko eta Meatzaldeko udalerriak barru hartuta. 20 udalerritan dagozan 1.300 eraikin dira guztira, eta horreetatik 500 liburuan jasota dagoz. Batzuetan oso ezaguna ez dan arren, arkitekturaren ondore hori Enkarterriko eta baita Bizkai osoko eta Europa mailako ondarearen elementu garrantzitsuenetakoa da.
Erakusketea, bere aldetik, holango arkitektura moetaren elementu adierazgarrienetako batzuk erakusteko dago kontzeptualizauta. Amaia Garate Olano eszenografoak diseinauta, eraikin azpimarragarrietako batzuen argazkiak jasoten ditu, eta irudiakaz, planoakaz, koadruakaz, beirategiakaz, azulejuakaz eta hormatan agertzen diran beste arte elementu batzukaz batera dagozan bitrinak eta piezak daukaz.
Garatek holan antolatu dau erakusketea, hamarkada luzez etxe askotako kamaratan gordeta eta baten batek berreskuratu arte ahaztuta egon diran baliozko elementuak gogora ekarten deuskuezan kaxa handiakaz. Hori da ikerketa lanaren eta bere emaitza bikotxaren, erakusketea eta liburua, helburua: Enkarterriko ondare arkitektonikoa balioan jartea eta Bizkaia osoan ezagutuazotea.
Erakusketea eta argitalpena Enkarterrietako Museo ederra, berez be historiarako bizi dan artelana, urteetan egiten ari dan ikerketa eta historiografia lanaren barruan dagoz. Museoa, mende luzez foru gobernuaren egoitzea izan zan Avellanedako Batzarretxe zaharra da. Sopuertan dagon eta Javier Barriok zuzentzen dauen museoa Bizkaiko Batzar Nagusien esku dago, eta Enkarterriko ondare historikoa, kulturala eta etnografikoa zabaltzeko behar handia egiten dau.
Helburu horregaz, eta ohikoa danez, museoak liburuaren ehun ale baino gehiago bialduko ditu museoetara, liburutegietara, unibersidadeetara eta beste kultur gune batzuetara, eta salgai be jarriko dau. Museoan bertan erosi ahal izango da.
Erakusketea eta liburua, Enkarterritik pasealdi bat emotean ikusi ahal doguzan estilo nagusien inguruan egituratzen dira: eklektismoa, neoeuskalduna, modernismoa, erregionalismoa, art déco, errazionalismoa, gerraosteko errazionalismoa eta estilo nazionala, 50eko hamarkadako modernidadea, funtzionalismoa eta organizismoa.
“Enkarterri. 1870-1975. Arkitektura garaikidearen distira” erakusketan batutako estiloak XIX. mendearen bukaeratik XX. mendearen bukaerara eregi ziran, industrializazinoaren inguruan. Eskualdeko biztanleak bizi izan ziran etxeak, otoitz egin eben eleizak, sendatu ziran ospitaleak eta behar egin eben lantegiak dira, denporaren iraganari aurre egiten deutsien eta gure herrietako eta urietako egungo paisajea osotzen daben eraikinak, hain zuzen be.
Erakusketea bihar zabalduko da jentearentzat, eta urriaren 6ra arte egongo da zabalik. Erakusketara egingo diran bisita gidauez aparte, Enkarterriko Museoak hainbat jarduera pedagogiko antolatuko ditu, horreen artean, Gorka Pérez de la Peña Oleagaren ikerketa lanean jasotako eraikin enblematikoak lekuan bertan ikusi ahal izateko ibilpideak.
ERAKUSKETA “Enkarterri. 1870-1975. Arkitektura garaikidearen distira”
Inaugurazinoa: Martiaren 7a, eguena, 18:30etan
Martiaren 8tik Irailaren 29ra arte
Enkarterrietako Museoa
Abellaneda auzoa, z/g (Sopuerta-Bizkaia) 48869
Tfnoak: 94 650 44 88 / 94 610 48 15
Emaila: enkarterrimuseoa@bizkaia.eus
Ordutegia (Garagarrilaren 1etik irailaren 30era)
Martitzenetik zapatura: 10:00-14:00 eta 17:00-19:00
Domeka eta jaiegunetan: 10:00-14:00
Astelehenetan itxita
Ordutegia (Urriaren 1etik 6ra)
Martitzenetik zapatura: 10:00-14:00 eta 16:00-18:00
Domeka eta jaiegunetan: 10:00-14:00
Astelehenetan itxita
Sarrera doan