Bizkaiko Batzar Nagusiak, hondartzetan hiltzen diran zetazeo handien gorpuzkiak helburu zientifikoetarako eta dibulgatiboetarako berreskuratzeko Arauz Besteko Proposamenaren alde agertu dira
Batzar Nagusietako Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak, Bizkaiko Talde Popularra eta Talde Mistoa, alde batetik, gure kostaldeetan hiltzen diran zetazeo handien hazurdurak berreskuratzea eskatzen dauen Arauz Besteko Proposamenaren alde agertu dira. Beste alde batetik, proposamen berak eskaria egiten deutso Bizkaiko Foru Aldundiari, joan dan zezeilaren hasieran Atxabiribileko hondartzan agertu zan 30 tonako eta 17 metroko luzerako zere arruntaren gorpuzkiak kontserbau ahal izateko hartu beharreko neurriak hartu daizan, geroago Bilboko Itsasadarreko Itsas Museoan erakutsi ahal izateko.
Arturo Aldecoak (Talde Mistoa) aurkeztu dituan Arauz Besteko Proposamen biak batera eztabaidatu dira, baina bakotxa bere aldetik bozkatu da, eta bozketa biek emaitza berbera emon dabe: aitatu diran taldeen aldeko hamar botoak eta EH Bildu eta Podemos taldeen abstentzinoak.
“Helburua etorkizunerako erespidea ezartea eta gure hondartzetan zetazeoak hilda agertzen diranean eta horreen gorpuzkiak zoologiaren ikuspuntutik interesgarriak diranean eta, munduko beste museo batzuetan egiten dan moduan, hazurdurak dibulgazino eta kultur helburuetarako erakutsi daitekezanean, zer egin behar dan erabagitea da”, azaldu dau Aldecoak. Talde Mistoko ordezkariak, orain denpora gitxi hil dan balearen hazurdurea kontserbetea eta Bilboko Itsasadarreko Itsas Museoan erakustea defendidu dau, leku horretan, areto berean, baleak harrapatzeko erabilten zan itsasontzi zaharraren armazoiaren ondoan erakutsi ahal izango dalako. Armazoi hori “gure aurrekarien benetako balentria” izan zan.
Eduardo Andrések (Talde Popularra) proposamen bikotxari emondako aldeko botoa “proposamen bikaina iruditzen jaku” esanez justifikau dau. Josean Elgezabalek (Podemos Bizkaia) esan dau bere taldea abstenidu egingo dala, “kulturaren ganean baino ez dalako berba egiten, klimaren aldaketaren, baleak desorientau eta geure kostaldeetara heltzen diran errazoien ganean be berba egin beharko litzateken arren”, azpimarratu dau.
Marimar Rodríguez (Euskal Sozialistak) Arauz Besteko Proposamenen alde agertu da, “akordioak koordineteaz eta sustatzeaz ari garalako berbetan. Dana dala, Bilboko Itsasadarreko Itsas Museoari buruz berbetan ari garan arren, gorpuzkiak beste lekuren batean be erakutsi leikez”, esan dau. María Jesús Padronesek (EH Bildu) proposamenen argumentazino faltea kritikau dau, Sopelan hilda agertu zan zere arruntaren ganean, “erabagia hartu aurretik hazurdura hori berreskuratzea posible eta bideragarria dan” ikusi beharko litzatekela esanez.
“Baiezkoa emongo deutsagu, baina ñabardurakaz, bigarren proposamenari, Sopelan hildako balearen gorpuzkiak daborduko Artigaseko hondakindegian dagozalako, eta ez dakigu gaur egun kontserbazinorako berreskuratu daitekezan ala ez”, zehaztu dau Alfredo Oleak Euzko Abertzaleak taldearen izenean.
Ez dira horreek izan Bizkaiko Batzar Nagusietako Euskera eta Kultura Batzordean gaur lortu diran akordio bakarrak. 9 puntu aurkeztu dira guztira, eta horreetatik 8 Arturo Aldecoa Talde Mistoaren ordezkari bakarrak aurkeztu ditu. Bestea Josu Unanuek eta María Jesús Padronesek (EH Bildu) aurkeztu dabe.
Opera denporaldia
Batzordeak Arauz Besteko beste Proposamen bi be onetsi ditu. Horreetako lehenengoa, “Aldundiari adostutako estrategia publiko-pribadua aztertu eta aurrera eroan daiala eskatzea”, OLBE-ABAOk aurrera daroazan opera denporaldiari eta kultur hedapenerako jarduketei eutsiko jakela bermatzeko. Aldecoak, ekimenaren sustatzaileak, esan dauenez, OLBE-ABAO bere funts propioetara ari da joten programazinoari eutsi ahal izateko, krisialdi ekonomikoa dala eta jasan dauen ekarpenen murrizketea dala eta. “Egin dituen txostenek eta eurek esaten dabenez, holan jarraitu ezkero, bi edo hiru urtetan ezin izango deutsie opera denporaldiari eutsi”, azpimarratu dau Talde Mistoaren ordezkariak.
Javier Ruiz (Bizkaiko Talde Popularra) neurriaren alde agertu da, “OLBE-ABAOren jarraipenaren alde gagoz, sustraituta dagon eta 5.000 bazkide dituan soziedade anitza dala, eta azken urteetan krisiaren efektuak jasaten ari dala”, esanez. Podemos Bizkaia taldeko Josean Elgezabalek adierazo dauenez, ekimena “ez da lehentasuna”, eta “une honetan badagoz diru-laguntzak eta hartu-emonak Aldundiaren eta OLBE-ABAOren artean” azpimarratu dau.
Marimar Rodríguezek bere taldea, Euskal Sozialistak, alde agertuko dala adierazo dau, “estrategia bateratu publikoa eta pribadua aurrera eroatea ari dalako planteetan”, eta esan dauenez, Aldundiaren laguntza gehiago jaso ezkero, baliabide gitxiago daukiezan personek be operaz gozetako aukerea izan leikie. María Jesús Padrones (EH Bildu), bere aldetik, harrituta agertu da ekimenaren aurrean, “ez dogu OLBE-ABAOk ezelango arazo berezirik daukanik edo beste kultur alkarte batzuk baino egoera okerragoan dagonik ikusten”, adierazoz.
EH Bildu eta Podemos abstenidu egin dira proposamenaren bozketan, eta azkenean onetsi egin da, Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak, Bizkaiko Talde Popularra eta Talde Mistoa taldeen aldeko botoakaz. Euzko Abertzaleak taldearen izenean, Alfredo Oleak, “urtero 47 emonaldi eta ia 100.000 ikusle dituan OLBE-ABAO lehen mailako erakundea da, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza sendoa behar dau”, azpimarratu dau.
Batzar Nagusietan gaur onetsi dan Arauz Besteko laugarren Proposamenak eskaria egiten deutso Aldundiari, 1936an eta 1937an, Eusko Jaurlaritzaren aginduz, Aldundiak, kontserbetako, hainbat lekutara mobidu ebazan artelanak, artxiboak, liburutegiak eta dokumentuak katalogetako eta aurkitzeko. Aldecoak azpimarratu dauenez, non dagozan ez dakiguzan funtsen artean, bilduma espezializauak dagoz, “Durangoko Jauregi batean, gerra karlisten ganeko atzerriko argitalpenakaz egoan liburutegi bikaina”, besteak beste. Funts horreek berreskuratzea “behar neketsua izango da, baina oso aurkikuntza interesgarriak ekarriko ditu”, defendidu dau Talde Mistoko batzordekideak.
Ekimena Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak, Bizkaiko Talde Popularra eta Talde Mistoa taldeen aldeko botoakaz onetsi da, eta EH Bildu eta Podemos abstenidu egin dira. Arturo Aldecoak, Bizkaiko Foru Aldundiaren partaidetzea daukien fundazino, erakunde eta enpresa barrien izenean gero eta ingeles gehiago erabilteko dagon joerea geldituazoteko eta euskerea eta gaztelania erabilteko planteau dauen Arauz Besteko beste Proposamen bat ez da onetsi. Proposamenak, Arauz Besteko Proposamena aurkeztu dauen Talde Mistoaren eta Talde Popularraren aldeko botoak baino ez ditu lortu, 3 guztira, eta Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeak kontra agertu dira. EH Bildu eta Podemos abstenidu egin dira.
Teknikaren eta Industriaren museoa
Lorea Bilbao Euskera eta Kulturako Diputatua EH Bilduk eskatuta etorri da Bizkaiko Batzar Nagusietako jagokon Batzordearen aurrera, 2017ko urriaren 23ko Euskera eta Kulturako Batzordean onetsi ostean, “gure lurraldean Industriaren eta Teknikaren Museo bat sortzeko emon diran pausuak azaltzeko”. EH Bilduren izenean, María Jesús Padrones batzordekideak proiektu horren historiaren azalpen zehatza egin dau, 1981eko ekainaren 16tik aurrera. Egun haretan, Eusko Jaurlaritzak museoa sortzeko Aurreproiektuaren oinarriak aurkeztu ebazan. “Idea ez da barria, ezta geurea be, baina gure industria iraganaren erreferentea izan beharko litzateken Industriaren eta Teknikaren Museoaren beharra jarri gura dogu mahai gainean”, adierazo dau Padronesek, eta ondoren, “proiektu hau finkauta eta aurreratuago egongo zala uste genduan”, esan dau.
Lorea Bilbaok azaldu dauenez, adostasuna dago erakundeen artean museoa egiteko. Batzarretako taldeek onetsi eben moduan, Zorrotzaurreko Euskal Errota Handien eraikinean egongo litzateke, eta hasi dira hartu-emonak eraikinaren jaubeakaz. Jaubeek, “eraikinak erabilera publikoa izateko borondatea daukie” be esan dau. Euskera eta Kulturako Diputatuak iragarri dauenez, txosten bat ari da idazten, industria ondarean aditua dan arkitektura estudio bategaz lankidetzan, eraikinari eta beharrezkoak diran baliabide ekonomikoei eusteko beharrezkoak izango diran jarduketak zehazteko. “Gure proposamena ez da bakarrik kulturaren ikuspuntutik lantzea, Ekonomiaren Sustapen eta Turismo Sailakaz sinergiak bilatzea be bada, erabilera anitzeko guneak izango dituan eta bideragarria eta denporan iraunkorra izango dan proiektua aurrera eroateko”, gehitu dau Bilbaok.
Bizkaiko Euskera eta Kultura Saileko ordezkari nagusia Arturo Aldecoak (Grupo Mixto) eskatuta be etorri da Batzordera, oso desbardinak diran gai biri erantzuteko. Lehenengoan, Berriatuan dagon Atxurrako kobazuloa ixteko orduan hartuko diran neurrien ganean galdetu dau, ferra saguzar mediterranearra jasaten ari dan eraginak saihesteko. Horren barri emon dau txosten batean EHU/UPVko zoologo talde batek.
Diputatuak esan dauenez, bere Saila, Ingurumen Sailagaz batera, beharrean ari da arazo hori kopontzeko, unibersidadeko adituakaz batera. Itxidura moeta bi proponidu ditue, eta biak instalauko dira, saguzarrak kobazulo barrura, euren bizileku naturalera, sartzea ahaldidetuko dauena aurkitu arte. “Arazoa ez da saguzar moeta guztiakaz emoten, hegaz egiten daben moduarengaitik, itxiduraren barroteakaz joten daben eta hegoetan kalteak jasaten dituen batzuekaz baino ez”, azaldu dau Bilbaok, eta horren ostean hau esan dau: “Beharrean jarraituko dogu, kobazuloaren kultur interesa eta ingurumenaren zainketea bateratzeko”.
Aldecoak, “igazko, 2018ko, Gabonetan Kultur Bonoa ez kaleratzearen errazoiengaitik eta 2019an hori berreskuratzeko aukerarengaitik” galdetu deutso Euskera eta Kulturako Diputatuari. Bilbaok adierazo dauenez, bono horrek kultura kontsumitzaile barriak sortzeko ez ebala balio ikusi ostean, beste moeta bateko bonoak edo ekimenak diseinetako beharrean ari dira, gazteen artean kultur produktuak kontsumiduteko ohiturak zabaltzeko eta saltoki txikiei laguntzeko.