Aurreko Albisteak

Bizkaiko Batzar Nagusietako Ekonomia eta Ogasuneko Batzordean aho batez onetsi da ezaugarri bereziak daukiezan ondasun higiezinetarako %0,20ko gitxieneko grabamena

arg haundia 4m

Gasa, Petrolioa eta Kondentsauak Erauztearen ganeko Zergea eta Ondasun higiezinen gaineko zergea, hurrenez hurren, arautzen dituen Foru Arau barriek zentrau dabe gaur goizean Bizkaiko Batzar Nagusiek Bilbon egin daben Ekonomia eta Ogasuneko Batzordearen bilerea. Arau biak onetsi egin dira, hainbat zuzenketa-eske sartu ostean izan bada be, horreetako bat aho batez onetsitakoa. Talde guztien aldeko botoakaz onetsi dan eta Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek, Jon Andoni Atutxa eta Ekain Rico bozeroaleen eskutik, batera aurkeztu daben zuzenketa-eskea, Ondasun higiezinen ganeko zergea arautzen dauen Foru Arauaren ingurukoa izan da, ezaugarri bereziko ondasun higiezinei (EBOH-BICES) jagokena, zehatzago esanez. Ondasun horreen barruan sartzen dira landa izaerako eta uri izaerako ondasun higiezinen aurreko katalogazino bikotxean ondo sartzen ez ziran instalazinoak, Bilboko Portua edo Petronor, beste batzuen artean.

Talde biek batera aurkeztu daben zuzenketa-eskeak hau ezarten dau ezaugarri bereziko ondasun higiezinetarako: “gitxieneko grabamenaren eta osagarriaren tasea 100eko 0,20koa izango da, eta gehienekoa 100eko 0,80koa” eta “Udalek tasa bereizituak ezarri ahal izango ditue Bizkaiko Lurralde Historikoko Foru Katastro Higiezinaren Arautegiaren 5 bis artikuluaren 2. atalak aitatzen dauen ondasunen talde eta azpi-talde bakotxerako”. Zuzenketa-eske horren helburua Udalei segurtasun juridiko handiagoa emotea da, EBOH-BICES izenekoei aplikau ahal jakezan grabamen tasen aplikazinoan, eta baita horreei gitxieneko grabamen tasea apliketan jakela bermatzea be, hori zehazten dauen ordenantza fiskala onesten ez dan udaletan. Zuzenketa-eskea onetsi eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arautegi barriaren barruan geratu da.

Bizkaiko Talde Popularraren kontrako boto bakarragaz, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek batera aurkeztu daben bigarren zuzenketa-eskea be onetsi da, Foru Arau horren 3. artikulua aldatzeko. Bertan, %50eko gainkargea ezarten da etxebizitza erabilerea daukien eta hutsik dagozan etxebizitzetarako, eta ezarten da “ez dala inoiz gainkargea aplikauko administrazino publikoak eta euren esku dagozan erakundeak jaube diran etxebizitza erabilerako ondasun higiezinetan, ezta etxebizitza librearen alokairuaren merkaduko bitartekaritza programa publikoak gauzatuz alokairu eskuragarriaren etxebizitza eskaintza publikoaren barruan dagozanetan edo beste batzuek horretarako lagatakoetan”.

Ekonomia eta Ogasuneko Batzordeak hainbat taldek aurkeztu dituen beste hiru zuzenketa-eske eztabaidatu ditu, guztiak be OHZ arautzen dauen Foru Arau barriaren 3. artikuluaren ganekoak. Javier Ruizek (Bizkaiko Popularrak), zuzenketa-eske bitartez, “zergadunaren edo beste persona batzuen bizilekua ez diran etxebizitzak zergapetzen dauen gainkargaren balizko guztiak kentzeko” eskatu dau. Bere zuzenketarako proposamena ez da onetsi, Talde Mistoaren aldeko botoa baino ez dauelako jaso, eta Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak, Podemos Bizkaia eta EH Bildu taldeek kontrako botoa emon dabelako.

Horren ostean, hutsik dagozan etxebizitzen gainkargea “zergaren kuota likidoaren %150era igotzea” proponiduten eban Podemos Bizkaiaren zuzenketa-eskea eztabaidau da. Eneritz de Madariaga batzordekideak aurkeztu dauen zuzenketa-eske horren justifikazinoa, “hutsik dagozan etxebizitzak alokairuaren merkadura urtetea bultzatzea” zan, “etxebizitza Bizkaiko herritarren eskubidea dala ulertuta”. Zuzenketa-eskeak ez dau aurrera egin, kontrako 11 boto eta Podemos Bizkaia eta EH Bildu taldeen aldeko botoak jaso ditualako.

Emaitza bera lortu dau EH Bilduren zuzenketa-eskearen bozketak. Proposamen horrek Udalei eskumenak emotea eskatzen eban, inor bizi ez dan etxebizitza erabilerako higiezinen jaubeei Ondasun higiezinen ganeko zergaren %150era arteko gainkargea eskatu ahal izateko.

OHZren Foru Arau barriaren 1., 2. (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek batera aurkeztu daben zuzenketa-eskea barruan dagola), eta 4. artikuluak, Xedapen Iragankor Bakarra, 1. Azken Xedapena eta Zioen Azalpena aho batez onetsi dira. 3. artikulua be onetsi da, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek batera aurkeztu daben zuzenketa-eskea sartuta,

Fracking-a, eztabaidan

Jose María Iruarrizaga Ogasuneko Diputatua Ekonomia eta Ogasuneko Batzordera etorri da, 2018ko abenduaren 4an onetsi zan arau barria azaltzeko. Iruarrizagak azaldu dauenez, orain denpora gitxi onetsi dan Kontzertu Ekonomikoaren aldaketak “Gasa, Petrolioa eta Kondentsauak Erauztearen ganeko zergen kontzertazinoa”, eta tributu horreen salbuespenerako eta exijentziarako eskumen jakin batzuk Lurralde Historikoen esku iztea ekarri dau.

Erregulazino barri horren ganean zuzenketa-eske bakarra eztabaidatu da, EH Bilduk aurkeztutakoa, fracking teknikea erabilita lortutako gasa gehiago zergapetzeko. Batzarretako talde horren aldetik, Arantxa Urkaregik gogoratuazo eta kritikau egin dau Konstituzino Epaitegiak errekurridu eta indar barik itzi ebazala Eusko Legebiltzarrak Fracking-aren kontra onetsi eban Legearen hainbat artikulu. “Fracking-a osorik ezin badogu debekatu, gitxienez zergapetu daigun askoz gehiago teknika hori erabilita lortutako gasa”, defendidu dau Urkaregi EH Bilduko bozeroaleak.

Talde horren zuzenketa-eskeak 8. artikuluan eukan eragina, eta bolumen handiko frakturazino hidraulikoko teknikak erabilita lortutako gasaren zergaren eskalea asko handitzea eskatzen eban; erauzketaren bolumenaren tarteen arabera %1, %3 eta %4koa dana, hurrenez hurren, %25, %75 eta %100era, hain zuzen be, azken hori, fracking-a erabilita egiten diran 164,25 milioi m3 gas baino gehiagoko erauzketetarako.

Zuzenketa-eskeak ez dau aurrera egin, EH Bildu eta Podemos Bizkaia izan diralako alde agertu diran bakarrak, eta Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak, Talde Popularra eta Talde Mistoa kontra agertu diralako, kontrako 11 boto batuz. Unai Lerma Euzko Abertzaleak taldeko bozeroaleak adierazo dauenez, bere taldeak kontrako botoa emon dau, “ez daukagulako zergea aldatzeko eskumenik, Estaduak ezarritako arautegi bitartez arautzen dalako”. Javier Ruizek (Bizkaiko Talde Popularra) esan dauenez, “ez dago ezelango eskumenik” zergaren grabamenaren eskalan.

Euskal Sozialistak taldeko Ekain Ricok, Batzar Nagusiek arlo horretan “ez daukiela ahalmen arauemoilerik” esan dau, eta “bat gatoz proposamena aurkeztu dauen taldeagaz, fracking-a debekau egin beharko litzatekela esateko orduan”, azpimarratu dau. Arturo Aldecoak (Talde Mistoa) kontrako botoa emongo dauela aurreratu dau eta, “etorkizunari begira, beste Foru Arau batzuen idazketan, “zergadunak” erabili beharrean, “persona fisiko eta juridiko zergadunak” terminoa erabilteko eskatu dau.

Neskutz Rodríguezek hartu dau berbea Podemos Bizkaiaren izenean, alderdiko kide eta Ekonomia eta Ogasuneko Batzordeko idazkaria dan Asun Merinero ordeztuz. Rodríguezek kritikau egin dau, zergea arautzen dauena Estadua dan arren, “ustiapen modu jakin bati lehentasuna emoten jakola, fracking-ari, eta teknika hori dala onuraduna, gasaren itsasoko ustiapenagaz batera”.

11 artikuluak banan-banan bozkatu ostean, danak onetsi dira, 1. eta 2. Xedapen Gehigarriakaz eta Zioen Azalpenagaz batera, Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak, Talde Popularra eta Talde Mistoa taldeen aldeko botoakaz eta EH Bilduren eta Podemos Bizkaiaren abstentzinoakaz. Bozketaren eskema hori artikulu bakotxaren bozketan errepikau da, 8. artikuluan izan ezik, artikulu hori EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeetako batzordekideen kontrako botoakaz onetsi da eta.