Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez onetsi ditue indarkeria matxistaren kontrako proposamen bi
Gaur goizean Gernikan alkartu dan Bizkaiko Batzar Nagusietako Osokoak aho batez onetsi ditu indarkeria matxistaren kontrako neurriei buruzko Arauz Besteko Proposamen bi. Proposamen horreek biktima kolektibo bi zentretan dira: alde batetik adineko emakumeak, eta bestetik umeak. Batzarretan gaur egon diran sei taldeetako 48 ordezkariek ezelango trabarik ez dabe jarri neurri horreen aurrean, eta gaur egungo testuinguru politikoan aho batekotasun horrek daukan garrantzia azpimarratu dabe, izan be, gatx horren kontrako burrukeagaz erlazionautako hainbat alderdi zalantzan jarten dituen ekimen politikoak sortu dira.
Arauz Besteko lehenengo Proposamena Podemos Bizkaia taldearen proposamen batetik sortu da. Lehenengo EH Bilduren zuzenketa-eskea eta horren ostean Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek alkarregaz aurkeztutako zuzenketa-eske transakzionala jaso ditu. Azkenean onetsi dan testuan, Batzar Nagusiek eskaria egiten deutsie Foru Aldundiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Sailari “adineko emakumeek moeta guztietako indarkerien aurrean bizi daben benetako errealidadearen eta horreei arretea eskaintzeko zerbitzuen eta baliabideen diagnostikoa egin daian”.
Eneritz De Madariaga Podemos Bizkaia taldeko bozeroaleak hainbat datu estadistiko azaldu ditu, gizartea sentsibilizetako eta adin tarteak kontuan izanda emakumeen kontrako indarkeriaren eragina ikusiarazoteko, eta bere taldea pozik dagola esan dau, EH Bilduk eta Foru Gobernua eusten daben talde biek testuari egin deutsiezan ekarpenak ikusita. Ganerako taldeen aldeko eretxia be eskertu dau, eta pozik agertu da “danon artean egindako behar ona” dalako.
Euskal Sozialistak taldearen aldetik, Begoña Gilek adierazo dauenez “indarkeria matxistari amaierea emoteak lehentasuna izan behar dau edozein erakunderentzat”, eta Bizkaiko Foru Aldundiak eta Batzar Nagusiek gai horren inguruan daukien konpromisoa balioan jarri dau. Adineko emakumeen kontrako indarkeriak tratamentu berezia behar dauela be azpimarratu dau, euren adina eta jaso daben hezkuntzea dala eta, euren egoerea salatzeko joera gitxiago daukielako. Eta talde guztien artean lortu dan adostasuna “biktimei emoten jakezan laguntzak baztertu, biktimak babesten dituen legeak indar barik itzi edo arretea eskaintzen daben personen zerrenda baltzak egin gura dituen ahotsen kontrako antidoto onena” dala esan dau.
EH Bilduren izenean, Arantza Urkaregi bere taldearen zuzenketa-eskea baztertzeko prest agertu da, horrek adostasuna lortzen laguntzen badau, eta “indarkeria matxistak adinik ez daukan arren, adineko emakumeak zaurgarriagoak dirala” esan dau. Holan, bere eretxiz argi dago gaur onetsitako testua lagungarria izango dala emakume horreei “ahotsa emoteko eta ahalduntzeko”. Dana dala, bere berbetan, “aho batekotasuna garrantzitsua dan arren, egin beharreko nagusia proposamenak gauzatzea da”.
“Indarkeria matxistea jasaten dogun gatx txarrenetakoa dala” esan ostean, Euzko Abertzaleak taldeko Ana Esther Furundarenak “zero tolerantzia” errebindikau dau arlo horretan, biktimak adin batekoak edo bestekoak badira be. Dana dala, autortu dau gizarte arloko baldintzak dirala eta adineko emakumeak zaurgarriagoak dirala. “Holango arazo bat prebeniduteko bide bakarra bardintasuna da”, azpimarratu dau. Batzarretako talde guztien aldetik etorri dan aldeko eretxia eskertu eta gero, bozeroale jeltzalea pozik agertu da azkenean onetsi dan testua “oso ondo eginda” dagolako.
Jatorrizko ekimenaren eta horreen aurrean aurkeztutako zuzenketa-eskeen idazketan parte hartu ez daben talde biak be proposamenaren alde agertu dira. Talde Mistotik, Arturo Aldecoak azpimarratu dau beharrezkoa dala “diagnostiko on bat egitea eta kolektibo horren berezitasunak ulertzea, ekintza baliagarriak ezarri ahal izateko”, eta Ana Orantesen kasua gogoratuazo dau. Senarrak hil eban, telebistan zapalketaz eta erasoz betetako bizitza osoa salatu ostean.
Bizkaiko Talde Popularraren aldetik, Eduardo Andrések esan dau “Batzar Nagusi honeek osatzen doguzan talde guztiak bat gatozala indarkeria matxistea benetako gatxa dala esatean”, eta familia barruko indarkeriaz berba egin gura dabenen edo indarkeria horren biktimen artean gizonak be badagozala esaten dabenen jarrerea “zekena” dala esan dau, izan be, “ezin da ezelan be alderatu, ez formari, ez mailari ezta intentsidadeari jagokonez be, emakumeek jasaten dabenagaz”.
Adinbakoen kontrako indarkeria Bizkaiko Batzar Nagusiek gaur egin daben ohiko Osokoaren bigarren puntuan, indarkeria matxistak adinbakoengan daukan eragina hartu da kontuan. Zehatzago esanez, Batzarrek –oraingoan be 48 botoen aho batekotasunagaz, kontrako eretxi eta abstentzino barik– adierazo dabe “Istanbuleko Hitzarmenean ezarritakoagaz bat etorriz, indarkeria matxistaren biktima diran umeek arreta berezia jaso behar dabela, baita bisita eta zaintza eskubideen bermeari jagokonez be”. Ildo horretan, onetsi dan Arauz Besteko Proposamenak Familiako Harremanen Legearen aldaketea eskatzen dau, adinbakoen interesa eta babesa bermatzeko, gurasoa holango prozedura judizialetan murgilduta dagonean.
Bizkaiko Batzarrek, EH Bildu eta Euskal Sozialistak taldeek gai horren ganean aurkeztutako proposamen bi bateratu ditue. María Jesús Padrones lehenengo taldeko bozeroaleak azpimarratu dauenez, “argi eta garbi itzi behar da tratu txar emoilea ez dala aita ona”, eta ekimenaren helburua, “arazo hori jasaten daben adinbakoak babestuko dauen legezko tresnea” izatea dala. Begoña Gil bozeroale sozialistak, familia barruko “indarkeriaren kontra erantzun eraginkorra bermatu” beharraz egin dau berba, eta, azaldu dauenez, EH Bilduren proposameneko puntu batek eskumenei jagokenez arazo bat euki leikelako aurkeztu dau zuzenketa-eskea bere taldeak, gai beraren ganeko ekimenak ari diralako tramitetan Eusko Legebiltzarrean eta Korte Nagusietan.
Arturo Aldecoa (Talde Mistoa) Familiako Harremanen Legearen aldaketea aztertzeagaz ados agertu da, baina, ikuspuntu juridikotik “oso fin jokatu beharko dala” adierazo dau. Eduardo Andrések (Bizkaiko Talde Popularra) gogoratuazo dauenez “indarkeria matxistaren biktima bakarrak ez dira emakumeak” eta, horri jagokonez, tratu txarrengaitik zigortutakoen kasuan, “partekatutako zainketea baztertzearen, bisitak egiteko eskubideak kentzearen eta guraso ahala mugatzearen” alde agertu da.
Eneritz De Madariagak (Podemos Bizkaia) “adinbakoen babesean pausuak emoten jarraitu beharra” defendidu dau, bere eretxiz, “helduengan zentretan dan sistema judizial patriarkala” umeen babesa kentzeaz eta egiten jaken mina luzatzeaz arduratzen da”. Jane Eyre Urquietak (Euzko Abertzaleak), bere aldetik, esan dau “oso gitxitan baloretan dala indarkeria matxistak adinbakoengan daukan eragina, persona moduan daukien garapenean ondorio larriak izan daikezan arren”, eta “gizarte osoarentzako erronkea dala, jarduketa bateratuak eskatzen dituala eta ez litzatekela burruka politikorako gaia izan behar”. Hori dala eta, pozik agertu da Bizkaiko Batzar Nagusietako gaurko Osokoan lortu dan adostasunarengaitik.