Aurreko Albisteak

Foru Aldundiak "ez dau baztertzen" BEC Euskadiko ekonomiaren "motorra" izatea

Batzordea

Bilbon, 2013ko martiaren 22an.

Imanol Pradales, Ekonomia Sustatzeko Foru Diputatua, Batzar Nagusietako Batzorde Instituzionalaren aurrean agertu da gaur, Socialistas Vascos taldeak, Bilbao Exhibition Centreren (BEC) ekonomia eta finantza egoereari eta erakunde horretarako dagozan etorkizuneko planei buruz azalpenak eskatuz aurkeztu dauen informazino eskariari erantzuteko. Bere agerraldian, Pradalesek, atzo Administrazino Kontseiluan izendautako BEC-eko arduradun barriei “aukera bat” emoteko eskatu deutse Bizkaiko ordezkariei, eta azaldu dau Foru Aldundiak ez dauela baztertzen azoka gunea Euskadiren “motor” ekonomiko bilakatzerik.

Pradalesek, BEC-en egoerea “delikatua” dala onartu eta gero egin dau eskari hori. Kontuan izan behar da azoka jarduera “modu dramatikoan” murriztu dala, abagune ekonomikoaren ondorioz. Estadu osoko azoketara hurbildu diran bisitarien presentzia %35 murriztu da. Une “gatxa” da, adierazo dau, jarduera ekonomikoaren murrizketa horri Estaduko beste hiri batzuen azoka eskaintzaren igoerea gehitu behar jakolako. Diputatuaren berbetan, igoera hori %13koa izan da azken urtean. Panorama hori, eskaintza gehiago, eskari gitxiago, ikusita, “oso gatxa da merkatuan kuotea irabaztea”. Halan da be, Pradalesek azoka lekuaren presentzia defendidu dau. 2005etik, BEC-ek 1.000 ekitaldi baino gehiago jaso ditu, “estimautako” bere eragin ekonomikoa 600 milioi eurokoa izan da, eta Bizkaiko Ogasunean eragindako diru-bilketea 100 milioi eurokoa izan da.

Egoera hori arintzeko, foru diputatuak azaldu dau BEC-eko Kontseiluak, gaur egun indarrean dagoan Lehiakortasun eta Iraunkortasun Plana “preminaz” berraztertzeko eskatu deutsala zuzendaritza barriari. Azterketa hori bi ardatzetan oinarrituta egin beharko litzateke. Lehenengo, administrazinoen helburua, Azokari negozio eredu barri bat ezartearen bitartez eustea da. Eta, bigarrenez, kudeatzaile barriei “epe laburreko talka plan” bat aurkezteko eskaria egin jake, galera operatiboak murrizteko, hiru puntutan oinarrituta: pabilioien alokairuari balioa emon; langileen gastuak egokitu; eta kostu operatiboak murriztu, 2016. urtean finantza oreka lortu ahal izateko. Pradalesek azpimarratu dauenez, neurri horreetako batzuk aurtengo ustiapen kontuetan izango dabe “eragina”.

Bere partaidetzaren parte batean, Aldundiko arduradunak guzurtau egin dau BEC-ek finantza sarrerak ohiko gastua ordaintzeko erabili dituanik, PSE-EE-k, agerraldia eskatzeko idazkian zalantzan jarten eban moduan. Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak urtero emoten dituen 24 milioiak (erakunde bakotxak 12 milioi) “inoiz” ez dira erabili interesak ordaintzea eta maileguak itzultzea ez dan beste ezertarako. Partida horreek “sakratuak” dira, esan dau behin eta barriro. Euskadiko erakundeek, 2027. urtera arte ordaindu behar dan 342 milioi euroko finantza zorrari erantzun behar deutsie oraindino.


OPOSIZINO OSOAK KONTRAKO ERETXIA

Oposizinoko taldeak Aldundiak emondako azalpenen kontra agertu dira, Aldundiak Batzar Nagusietara “konponbideak ekarri beharrean” egoeraren azterketea ekarri dauela ulertuta. “Ideia bakar bat be ez”, erantzun dau Iñaki Egañak, bozeroale sozialistak. “Lehen baino arduratuago gagoz, ezelango barrikuntzarik ez dagoala” ikusita, esan dau. PSE bat etorri da Foru Aldundiagaz, BEC lurraldearen eta Ezkerraldearen ekonomiaren motor izan daitekeala esatean, baina Aldundia kritikau dau, bideragarritasun planaren aurkezpenari jagokonez eta, “oso kezkagarri” moduan definidu dauen kontuen egoeraren aurrean erakutsi dauen “ekintza eza” dala eta.

Gogorragoa izan da Esther Martínez, Bizkaiko Talde Popularraren bozeroalea, batzordetik “atsekabetuta” doala adierazo dauenean. Martínezek, 2003. urtetik ez dirala azoka lekua jarduerez beteteaz arduratu aurpegiratu deutse Azokaren arduradunei. Bisitari profesionalen etorrera %75 murriztu da 2010. urtera arte. Urteko bisitarien %6,23 baino ez da soslai horretan sartzen, PP-k adierazo dauenez. Azoka “beharrezkoa da, baina ondo kudeatzen bada”. Gaur egun, Euskadiko BPG-ren %0,1 baino ez dau sortzen. “Ez zan Gabonetako Umeen Parkea jasotzeko eregi”, esan dau, ironia erabiliz.

Bilduren eretxiz, Aldundiaren azalpenak “ahulak” izan dira. Foru Aldundiak ez dau “neurririk” planteetan, adierazo dau Joseba Gezuraga batzarkide abertzaleak. Koalizino abertzaleak esan dau, atsekabetuta, BEC “ez dala motorra, zama baino”. Orain urtebete, Foru Aldundiak, Bizkaiko ganberaren aurrean “Plan Estrategikoa” aurkezteko konpromisoa hartu eban, eta orain “itsasontzia ixten dabe, urperatze bat izango balitz bezala”, atzo arte erakundearen presidente izan zan Jose Luis Bilbaok eta Kontseilari Eskuordetuak euren karguak itxi izana aitatuz. Gezuragak esan dau zoritxarrez administrazinoak eurak dirala Azokaren etorkizuna “mugatzen” dabenak, BEC-en traktore gaitasuna murrizten dabe beste instalazino batzuen aldeko apustuak eginez. Horreen artean Euskalduna Jauregia handitzeko lanak eta Miribillako pabilioiaren eraikuntza aitatu ditu.

Euzko Abertzaleak taldeak, BEC-en egoerea hobetzen lagunduko daben “ekintzak” aurrera eroateko ideiak ekarteko eskatu deutse beste taldeei. Azpiegitura hori “oso garrantzitsua da danontzat, eta gehiago oraindino krisi garai honeetan”, esan dau Jon Andoni Atutxa batzarkideak.


BAKIOREN EGOERA EKONOMIKOA

Bildu taldeak, bere aldetik, Unai Rementeria Lehendakaritzako Foru Diputatuaren agerpena eskatu dau, Foru Aldundiak Bakioko Udalari onartu deutsan zorra argitu daian eta Aldundiak etorkizunerako ezarriko dituan kontrol neurriak azaldu daizan. Koalizino abertzaleak, doikuntza planaren berezitasunei eta foru erakundearen eta kostaldeko herriaren artean ezarritako baldintzei buruzko informazinoa eskatu deutso Foru Aldundiari.

Aldundiko arduradunak adierazo dau Foru Aldundiak udalerri horri baimendu deutsan kreditu eragiketa 5 milioi eurokoa dala. Amortizazino epea 15 urtekoa da, eta ordaindu beharreko tiporik altuena euriborra + %4,75ekoa, bi urteko gabezia gabealdiagaz. Ordainketak Foru Aldundiak egingo ditu hilero, eta kostaldeko herriak, Udalkutxa kontzeptuan egingo diran beherapenen bidez itzuliko ditu.