Aurreko Albisteak

Gernikako Arbolaren kimua Larrazabalgo San Juan Baseleizaren ondoan haziko da, Guzuraretx haretx mitikoa gogora ekarriz

Bizkaiko Batzar Nagusia

Bizkaiko Batzar Nagusietako ordezkaritza nagusiak –Ana Otadui Presidentea buru dala–, urte luzez Laudioko Larrazabalgo San Juan Baseleizaren ondoan hazi zan Guzuratetx haretx bitxi eta mitikoa ekarri dau gaur gogora. 12:30ean, leku enblematiko horrek Gernikako Arbolaren kimuaren landaketa ekitaldia jaso dau. Natxo Urkixo Laudioko alkatea be buru izan dan ekitaldian ohorezko aurreskua dantzatu da, eta kimu txiki bat landatzen zan bitartean Gernikako Arbola ereserkia abestu da, Florentxu eta bere lagunak musika taldeak lagunduta.

Landaketea Kanporamartxo edo Basaratuste (Txitxiburduntzi Eguna izenez be ezagutzen dana) jaiaren testuinguruaren barruan dago. Basoaren omenez, Inauteri aurreko domekan egiten dan antxinako jaia da. Antzinako ospakizun horretan urdai eta txorizo erreak jateko ohiturea egoan, aurton Larrazabalgo San Juan Baseleizaren ondoan errepikau dan tradizinoa.

Ospakizun horren jatorriaren ganeko azalpen historiko laburra egin da Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentearen eta Natxo Urkixo Laudioko alkatearen berbaldien aurretik.

Bere berbaldian, Ana Otaduik azpimarratu dauenez, Bizkaiko Batzarretako presidente moduan egin dituan ia lau urteetan “oso leku enblematikoetan parte hartu ahal izan dot holango protokolozko ekitaldietan, Auschwitzen, Estrasburgon edo Sartagudan, adibidez. Eta une honetan, kimu bat Japoniako haztegi batean ari da egokitzen herrialde haretako klimatologiara, etorkizunean Hiroshima uri martirian bere gerizpe gozoa eskaintzeko”. Otaduik Aiarako haraneko edertasuna goraipatu eta “egun berezia” bizi dauela autortu dau, Laudio eta Bizkaia artean dagon enpatia dala eta. “Laudiok, Arabako udalerri izateari itzi barik, Bizkaiaren sentimentuaren eta izateko moduaren alderdi asko konpartiduten ditu”, azpimarratu dau, eta Laudioko biztanleak “kimu gaztea zaintzera eta mimatzera” animau ditu, “osasuntsu hazi daiten eta etorkizunean babesa eta gerizpea emon daian, “Kanporamartxo” jaiegun honen ospakizunean.

Ohikoa danez, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak egiazkotasuna berresten dauen ziurtagiria emon deutso Laudioko alkateari, Laudion landatu dan eta orain arte foru haztegietan zainduta egon dan alea, milaka urte dituan Gernikako Arbolaren leinukoa dala berretsiz.

Kimu gazteak Larrazabalgo San Juan Baseleizea inguratzen dauen lurrean bizitza barria hasi ostean, eguna gogora ekarteko ospakizuneko panela inaugurau da. Horren ostean txitxi-burruntzia hasi da, eta bertara joandako personek euren janaria atara dabe, aitzindariek jai hori etxeko janariagaz ospatzeko eukien ohitureari jarraituz, makilatxo baten puntan erretako txarrikia, hain zuzen be.