Aurreko Albisteak

El Chaparral abeltzain alkarteak Trianoko Mendietako larratze eskubideak erreguletako konponbidea proponidu dau Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako Batzordearen aurrean

batz argazki 0222

Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako Batzordeak El Chaparral abeltzain alkartea jaso dau gaur, eta zuzenean ezagutu dau alkarte horrek Triano mendien egoeraren, larratzeko eskubideen eta proindibisoaren inguruan daukan eretxia. Alkartearen izenean José Antonio Quintanak egin dau berba, eta mendi horreetako larratze eskubideen ganeko azalpen historikoa emon dau. Azpimarratu dauenez, lehenengo arazoak 1780an sortu ziran, meategiak indarra hartzen hasi eta abeltzainek euren bedardiak murrizten ikusi ebezanean. 1800. urtean eskriturak egin ziran meatzarien, biztanleen eta abeltzainen artean, inguru horretako larratzeko eskubideak “behin betiko” zigilatu ebazan akordioa lortuz. 1964an meatzaritza konpainiakaz eta 1975ean Bizkaiko Labe Garaiakaz izandako epaibideko gatazken epaiak bertako biztanleen aldekoak izan ziran, leku horreek erabilteko eta larratzeko eukien eskubidea errespetetea aginduz. Gaur egun, lur horreek –6 milioi metro karratu inguru– Aldundiaren esku dagoz baina, Quintanak penaz esan dauenez, “larratzeagaz erlazionautako arazoek jarraitzen dabe”.

Batzordearen gaurko bilerea zentrau dauen gunea Abanto Zierbena, Trapaga eta Ortuella udalerrien artean zabaltzen da. Quintanak, azkenengo urteetan inguruan bultzatu diran instalazino barriak be aitatu ditu, La Arboleda golf zelaia, adibidez, urtegiaren zaharbarritzearen ondorioz “urak alde guztietatik iges egiten dauela” esan dau, edo ingurua alkarteek hartzen dituen hiru lur-sailetan banatzen dala. “Ez deuskue bedardirik libre izten larratzerako”, kritikau dau El Chaparral abeltzain alkartearen bozeroaleak.

Halanda be, “eginda dagona eginda dago”, esan dau Quintanak, eta, etorkizunari begira, eta alkartearen izenean, proposamen zehatz bat aurkeztu dau: hiru Udaletarako bedardi komunidadea sortzea, Bizkaiko Aldundiaren tutoretzapean, eta erabagitakoa koordinauko eta zainduko dauen peritu agronomo bat kontratetea. Horren laneko kostuak abeltzainek eurek hartuko leukiez euren gain. “Bakea eta bedarra gura doguz”, esan dau.

Batzordekideen txandea, ohikoa danez, Arturo Aldecoa Talde Mistoko ordezkari bakarragaz hasi da. Eskertu egin dau proponidutako konponbidea, eta “zuzenena” dala esan dau. Gauza bera esan dau Eduardo Andrések (Talde Popularra), “zuen proposamena nahiko logikoa eta errazoizkoa iruditzen jaku”, adierazoz, gaurko gaia Bizkaiko Batzar Nagusietan sarri askotan eztabaidau dala gogoratu ostean.

Podemos Bizkaiaren izenean, Josean Elgezabalek, “gure taldeak agintaldi honetan eta hurrengoan zuen erreibindikazinoak babesten jarraituko dau, zuzenak diralako” esan dau, eta Bizkaiko Aldundia kritikau dau, arazoaren aurreko konponbide bakar moduan “judizializazinoa” eskaintzen dauelako. Marimar Rodríguezek (Euskal Sozialistak), bere txandan, hau azpimarratu dau: “larratze eskubidea egon badago, baina arazoa, erabilera hori erreguletako orduan ez garala ados jarten da”.

Mikel Kormenzanak (EH Bildu) abeltzainen presentzia eskertu dau beste ezer baino lehen, eta bileran Aldundia ez egotea penagarria dala esan dau. “Behin eta barriro zapaldu egiten deutsuen larratze eskubidea daukazue”. Kormenzana planteautako konponbidearen alde agertu da, izan be, beste izen bategaz, “larratzeen adostasuna” baino ez dalako, “Antso Jakitunaren garaitik datorren eta gaur arte indarrean egon dan figura historikoa”.

Jesús Lekerikabeaskoak Euzko Abertzaleak taldearen izenean egin dau berba, eta “danon artean konponbide onena bilatzeko ahaleginetan” jarraitzeko eskaria egin dau. Lekerikabeaskoak hainbat galdera egin deutsez abeltzainei, horreen artean ea euren eretxiz gaur egun larratzerako dagon azalerea nahikoa dan ala ez, zenbat abeltzain diran profesional eta abeltzaintzatik baino ez diran bizi, eta abeltzainen alkarteen arteko desadostasunaren errazoia.

Esku hartzeko bigarren txandan, Javier Ugartek egin dau berba El Chaparral alkartearen izenean, eta hainbat adibidegaz azaldu dau abeltzainek jasaten daben sufrimentua, eta baita animaliek jasaten dabena be, lurren erabilerea dala eta inguru haretan etenik barik gertatzen diran gatazkak dirala eta. “Ortuellako biztanlea naz, eta abeltzaina, denpora osoan ez bada be”, esan dau Ugartek, eta gaur egun soilik abeltzaintzatik bizitzeko dagozan gaiztasun handiak azaldu ditu. “%100 animalietatik bizi danari errespetu handia deutsat”, azpimarratu dau.

“Beharrezkoa da Bizkaiko Aldundiak, Udalakaz batera, inguruan dagozan animalien benetako erroldea egitea, eta abeltzain guztiek erantzukizun zibileko asegurua eukiteko derrigortasuna ezartea”, adierazo dau, planteautako proposamenean sakontzen amaitzeko. “Arazoak lurra danona dalako datoz, baina persona batzuek eurena baino ez dala uste dabe. Jentea hezi behar da, Zugaztietako goiko aldean batez be, eta lurren jaubea Aldundia bada, bera da erregulau behar dituana”, adierazo dau, amaitzeko.