Aurreko Albisteak

Bizkaiko Batzar Nagusiek, Lurralde Historikoan erroldatuta dagozan 18.000 zaintzaileen aldeko neurriak batzen dituan Arauz Besteko Proposamena onetsi dabe

argazki haundia

Bizkaiko Batzar Nagusietako Gizarte Ekintzako Batzordeak, Talde Popularrak aurkeztu dauen eta Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen zuzenketa-eskea jaso dauen Arauz Besteko Proposamena onetsi dau gaur goizean, Zaintzaileen Estatutuaren garapenari buruzkoa. Lurralde Historiko honetan 18.000 zaintzaile baino gehiago dagoz erroldatuta. Talde Mistoko batzordekidea egon ez denez, proposamenak aldeko 10 boto eta lau abstentzino izan ditu, EH Bildurenak eta Podemos Bizkaiarenak, hain zuzen be.

Eduardo Andrés Bizkaiko Talde Popularreko bozeroalea izan da ekimena defendidu dauena, eta adierazo dauenez “Gaur egun, oraindino, Zaintzaileen Estatutua ez da errealidadea, hori garatzen dauen dekretua ez dalako nahikoa eta urte biko atzerapenaz ailegetan dalako”. Holan, Arauz Besteko Proposamenak 10 neurri zehatz aurreikusten ditu, eta horreen artean dagoz –beste batzuen artean– zerbitzuagaz lotutako aldi baterako prestazinoaren eta Familia inguruko zainketen arteko bateragarritasuna, zaintzaileen oporrak, BGAE batera ekarpenak egitea, 65 urtera heltzean pentsinoa osatzeko, laguntza fiskalak eta beharra erraztuko dauen materiala eskuratzeko finantzaketea, eta baita arreta psikologikoko programak be.

Euskal Sozialistak eta Euzko Abertzaleak taldeak ordeztu dituen Juan Oterminek eta Jon Sánchezek, ekimenaren alde agertu eta zuzenketa-eske biak defendidu ditue. Zuzenketa-eskeek zehaztu egiten dabe Arauz Besteko Proposamena, proponidutako neurriak behin betiko ezarri aurretik esperientzia pilotuak egiteko eta indarrean dagozan gizarte arloko programatan izan daikiezan eraginak kontuan izateko. Oterminek esan dauenez, beharrezkoa da proposamenen “bideragarritasun juridikoa, teknikoa eta ekonomikoa” kontuan hartzea, eta Sanchez pozik agertu da Bizkaiko Talde Popularraren ekimenaren zehaztasuna ikusita, eta zuzenketa-eske biak defendidu ditu “sentsibilitate handiko gai batean testuari koherentzia handiagoa emoteko”.

Podemos Bizkaia taldearen aldetik, Josean Elgezabal oso kritiko agertu da, “Proposamen horrek zuriaren ganean baltz jarten dituelako guk daborduko martxan egozala uste genduzan hainbat neurri, eta oso leku txarrean izten dabelako Bizkaiko Foru Aldundia”. Bozketan abstenidu dan Batzarretako beste taldearen bozeroaleak, Arantza Urkaregik (EH Bildu), esan dauenez, “zuzenketa-eskeak aurkezteko aukerea balorau dogu, PP taldeak proponidutako neurri batzuekaz ados gagozalako”, eta proposamena aurkeztu dauenari puntu jakin batzuk argitzeko eskatu deutso, baina, azkenean, abstentzinoagaz jarraitzea erabagi dau.

Gizarte Ekintzako Foru Diputatuaren agerraldia

Bizkaiko Batzar Nagusietako Gizarte Ekintzako Batzordearen saio berean, Isabel Sánchez Robles Gizarte Ekintzako Diputatua egon da, eta oposizinoak egindako hiru agerraldi eskariri erantzun deutse. Lehenengoaren gaia, onetsi dan Arauz Besteko Proposamenari jagokon Zaintzaileen kolektibo bera izan da.

Arantza Urkaregi EH Bilduko bozeroaleak, persona horreen estatutua arautzen dauen Foru Dekretua eta familia inguruneko zainketetarako prestazino ekonomikoa arautzen dituan Foru Dekretuaren eukia azaltzeko eta emon behar diran pausuen barri emoteko eskatu deutso Gizarte Ekintzako Diputatuari.

Isabel Sánchez Roblesek azaldu dauenez, Zaintzailearen Estatutuaren xedea “estatusa aintzatestea eta prestazino ekonomikoa, eta profesionalak ez diranean emoten jaken laguntzea arautzea da”, eta baita “atsedenaldirako daukien eskubidea” bermatzea be. “Aukerea menpekotasuna daukan persona bat etxean zaintzea danean –azpimarratu dau–, arreta hori kalidadekoa izatea eta, aldi berean, zaintzailearen bizitza proiektua eta kalidadea errespetetea gura dogu”.

Talde Popularraren aldetik, Eduardo Andrések, senideak zaintzeagaitik emoten diran prestazinoen eta eguneko zentroetan eskeintzen dan arretaren arteko bateragarritasuna azpimarratu dau barritasun moduan. Josean Elgezabalek (Podemos Bizkaia) genero ikuspegia kontuan hartu ete dan galdetu dau, eta baita laguntzak jasoteko eskatuko diran dedikazino denporea edo ahaidetasun baldintzak be. Juan Oterminek (Euskal Sozialistak) nabarmendu dauenez, Zaintzailearen Estatutuak “ez dauka aurrekaririk” Estadu osoan eta, hori dala eta, “oso aurrerapausu garrantzitsua” dala esan dau. Eta Jon Sánchezek (Euzko Abertzaleak) Bizkaiko Foru Aldundiak hori sustatzeko orduan erakutsi dituan “lidergoa, ausardia, koherentzia eta barrikuntzea” jarri ditu balioan.

Podemos Bizkaia eta EH Bildu taldeek Orozkon dagon Ama Mesedetakoen Jesús María de lbarra Heziketa Bereziko Zentroko kudeaketaren aldaketaren barri emon daian egindako erantzun-eskeei erantzutera be etorri da Sánchez Robles, aldaketa horrek erabiltzaileengan izan dauen eragina azaltzeko. Gizarte Ekintzako Diputatuak adierazo dauenez, ez da ezelango titulartasun aldaketarik egon eta ez da aldatu foru erakundeagaz sinatutako hitzarmena (dagozan 80 plazatatik 62tan dauka eragina). Bere eretxiz, holango zentroen kudeaketak daukan gero eta konplexutasun handiagoa eta erlijiozko bokazinoen falta dirala eta, Ama Mesedetakoen kongregazinoak laguntza profesionala kontratau behar izan dau, “baina guk ez daukagu horren inguruko eskumenik” esan dau. Adierazo dauenez, kudeaketa barri horrek ez ditu murriztu bertan dagozanei eskeintzen jaken zerbitzuaren arreta eta kalidadea.