Aurreko Albisteak

Rosalía de Castroren Etxeak badauka Gernikako Arbolaren landarea

Bizkaiko Batzar Nagusiek, Rosalía de Castro Fundazinoak eta Padronek erakutsi daikie daborduko gaur goizean Rosalía de Castroren Etxeko patioan landatu dan landare barria. Landaketa ekitaldian Anxo Angueira Viturro Rosalía de Castro Fundazinoko Presidenteak eta Antonio Fernández Angueira Padróngo alkateak be hartu dabe parte.

Ekitaldian, Bizkaiko Batzar Nagusien ordezkaritza ofizialak, Ana Otadui buru dala, Rosalía de Castroren Etxea bisitau dau, eta euren sinadurea jarri dabe Rosalía de Castro Fundazinoaren liburuan.

Bere berbaldian, Batzar Nagusietako Lehendakariak eskertu egin dau Galiziako agintariek eskainitako harrerea, eta Galiziaren eta Euskadiren arteko lotura azpimarratu dau. “Guretzat oso pozgarria da ikustea Euskadira joandako galiziarrak oso ondo integrau dirala gure artean, euren harrerako lurra dan lur haretan, eta euren nortasuneko zeinuak kontserbetan dituela aldi berean”, adierazo dau Otaduik.

“Oroimen historikoari jagokonez, beste haretx batzuk be sinbolizetan dabe Galizian bakerako, askatasunerako eta oroimenerako eskubidea, Naronen dagonak eta denpora gitxi barru Cedeiran egongo danak, adibidez. Bertan, euskal presoak errepublikar galiziarrakaz eta asturiarrakaz egon ziran kontzentrazino eremu batean 1937an”, gogoratuazo dau Lehendakariak.

Anxo Angueira Viturro Rosalía de Castro Fundazinoko Presidenteak, bere aldetik, Galiziaren eta Euskal Herriaren arteko erlazino historikoa azpimarratu dau, eta hori Rosalía de Castrorengan eta Manuel Murguíarengan pertsonalizau dau. Erakundeen eta herrien arteko lankidetzea eta alkarrizketea be nabarmendu ditu, gizarte bien etorkizunerako oinarria diralako, Gernikako Arbolan eta Rosalía de Castrorengan irudikatuta, lurralde bakotxeko enblema nazionalak dira-eta.