Europako futbol final bat San Mamesen jokatu daitela eskatzeko esango deutsie Bizkaiko Batzar Nagusiek Foru Aldundiari
Bizkaiko Batzar Nagusiek gaur erabagi dabenez, eskaria egingo deutsie Foru Aldundiari San Mames Barria soziedadearen Administrazino Kontsejuaren barruan, ezarrita dagon prozedureagaz bat etorrita, organo eskudunaren aurrean eskari ofiziala bultzatu daian, San Mamesek futbol taldeen Europa mailako final bat jaso daian. Gaur Gernikan egin dan Osokoan, Javier Ruizek (Talde Popularra) aurkeztu dauen mozinoak Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Mistoa taldeen aldeko 33 boto jaso ditu, ez dau kontrako botorik jaso eta EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeetako batzarkideak abstenidu egin dira.
Batzarretako talde popularreko bozeroaleak, bere mozinoa justifiketako orduan, “futbola, gustau ala ez, balio segurua dala” esan dau, eta Europa mailako final batek “nazinoarteko eragin ekonomiko eta kultural positiboa izango leukela Bizkaiarako”. Arturo Aldecoak (Talde Mistoa) azpimarratu dauenez, “ekimen ona da: ez da ezer galtzen saiatzeagaitik eta, ondo urten ezkero, irabazteko asko eukiko geunke”.
Neskutz Rodríguez Podemos Bizkaia taldeko bozeroaleak, bere aldetik, kritikau egin dau talde popularrak urteak daroazala futbol final bat eskatzen, eta “PPk gai horren inguruan erakusten dauen ekitea Bizkairako beste gai garrantzitsu batzuetan” ikusi gurako leukela esan dau. Gehitu dauenez, holango ekitaldiek kontratu bako beharginak eta lan arloko esplotazinoa ekarten dabe sarritan. Bukatzeko, Euskal Sozialistak taldeko Ignacio Gerónimok azpimarratu dauenez, Europa mailako futbol final bat “lurraldearen promozino bikaina” izango litzateke.
EH Bilduren izenean, David Lopategik esan dau popularren mozinoa “ogia eta zirkua” dala, holango ekitaldi batek “ospe minututxo bat eta egun batzuetan Bizkaia paradisu fiskal bilakatzea” baino ez dakarrela. Kontxi Claverrek (Euzko Abertzaleak) bere taldea alde dagola esan dau, baina bozeroale popularrari zuzendu jako, “zure mozinoa onartzeak ez dau zure formak onartzen doguzala esan gura”, esanez.
Gaur onetsi dan proposamenak bide luzea dauka oraindik, izan be, Claverrek gogoratuazo dauen moduan, Aldundia San Mames Barriaren akziodunetako bat da, eta 2012an, San Mamesen kudeaketea eta ustiapena Athletic taldeari lagatea erabagi eban erakunde arloko bazkideetako bat. Erantzunen txandan, Batzarretako bozeroale popularrak gogoratuazo deutsonez, Aldundiak urtean behin San Mamesen ekitaldi bat antolatzeko eskubidea dauka. Halanda be, azkenengo erabagia futbol federazinoen esku dago.
Bizkaikoa eta 2016ko Kontuak
Bizkaiko Batzar Nagusien Osokoaren onespena jaso dauen eguneko gai zerrendako beste puntu bat Arturo Aldecoak (Talde Mistoa) aurkeztutako mozinoa izan da, Bizkaikoaren Aholkularitza Kontsejua bultzatzeko eta bere eraginkortasuna hobetzeko. Erakunde hori da Bizkaiko museoak eta kultur ondarea kudeetan dituana. Proposamena onetsi egin da, talde guztien aldeko 43 botoakaz, abstenidu egin dan Podemos Bizkaiarenak izan ezik.
Gernikako Batzarretxean egin dan Osokoan, Bizkaiko Batzarrek 2016ko ekitaldiko Bizkaiko Lurralde Historikoko Kontu Orokorra onetsi dabe. José María Iruarrizaga Bizkaiko Ogasun eta Finantza Diputatuak, lurraldeak urte horretan erregistrau ebazan magnitude nagusien ganeko informazinoa emon dau, eta Kontuen Euskal Epaitegiak egin eban fiskalizazino txostena “garbia” dala esan dau, dagozan desadostasunak, arautegia modu batera edo bestera interpretetearen ondorio dirala azpimarratuz.
Bizkaiko 2016ko kontuak Batzar Nagusien onespena lortu dau, Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Mistoa taldeen aldeko 30 botoakaz. EH Bilduko, Podemos Bizkaiako eta Talde Popularreko batzarkideek kontrako 17 boto batu ditue.
Arturo Aldecoak (Talde Mistoa) esan dau “Aldundiaren erespideak Kontuen Euskal Epaitegiaren aholkuetara egokitzen” joan behar dirala. Javier Ruizek (Talde Popularra) bere taldearen kontrako botoa iragarri dau, “2016an ez ziralako aurreikuspenak bete eta diru-sarrerek desbideratze garrantzitsua euki ebelako, aurrekontuakaz alderatuta”.
“Guk be ez deutsegu gure babesa emoten 2016ko kontuei”, adierazo dau Eneritz De Madariagak (Podemos Bizkaia) 84 milioi euro gauzatu barik geratu zirala kritikauz. Ekain Ricok (Euskal Sozialistak) zehaztu dauenez, Kontuen Euskal Epaitegiaren txostenak argi itzi eban legetasunagaz eta ekonomia-finantzakaz lotutako gai guztiak bete zirala.
Arantza Urkaregi Bilduko bozeroaleak azpimarratu dauenez, 2016an lortutako superabita “ez da kudeaketa onaren adierazlea”. Gizarte Ekintza Sailean bakarrik, urte horretan 24,3 milioi euro inbertidu barik geratu ziran. Euzko Abertzaleak taldeko Unai Lermak esan dauenez, 2016ko jarduerea “oso positiboa izan zan”.
Onetsi ez diran proposamenak
Podemos Bizkaiak mozino bat aurkeztu dau, Zaintzailearen Estatutuan bardintasunaren ikuspegia sartzeko, baina proposamena aurkeztu dauen taldearen, EH Bilduren eta Talde Mistoaren aldeko botoak baino ez ditu lortu. Metroaren 5. linean (Bilbo-Galdakaoko Ospitalea-Usansolo), Aperribain eta Bengoetxen geralekuak jartea eskatzen eban Podemos Bizkaiaren mozinoak be ez dau aurrera egin. Gai horrek eztabaida luzea eta gogorra biztu dau. Nuria Atienza Podemoseko batzarkideak, joan dan urtarrilaren 16an aurkeztu zan proiektu alternatiboa dala eta justifikau dau bere eskaria. Proiektu horrek Euskotrenen lineagaz paraleloan joango dan adarra aurreikusten dau, Galdakao erdialdea ospitaleagaz trenbidearen bitartez lotzeko.
“5. linea 2016an bilakatu behar zan errealidade, eta 3 urte geroago zain gagoz oraindino”, kritikau dau Atienzak, eta Galdakaoko herritarrek garraio duina eta kalidadekoa izateko daukien eskubidea defendidu dau. Mozino horren aurrean onetsi ez dan osotasunezko zuzenketa-eskea aurkeztu dauen EH Bilduk esan dauenez, ez dago ados metroaren 4. eta 5. lineen trazauakaz, eta Sarratun geltoki intermodala eregiteko proposamena berretsi dau.
Arturo Aldecoa Talde Mistoaren ordezkari bakarra mozinoaren alde agertu da, “geraleku horreek desegokiak izan daitekezala dinon errazoirik ez dagola” esanez. Talde Popularraren izenean, Jesús Isasik esan dau “metroa dala Galdakaoko Ospitaleagaz lotzeko modurik onena”, eta 2010ean egin zan eta geraleku horreek barru hartzen ebazan proiektuaren baliozkotasuna nabarmendu dau.
Ekain Ricok (Euskal Sozialistak) kritikau egin dau gai horregaz sortu dan “nahasketea”, eta “sozialistok ez dogu geure eretxia aldatu”, azpimarratu dau. Mikel Baganek (Euzko Abertzaleak) nabarmendu dauenez, “denpora asko daroagu beharrean Galdakao inguruan kalidadeko garraioa bermatzeko, garraio eredu eraginkorretan eta jasangarrietan oinarrituta”, eta proiektu barriaren alde agertu da, Durangaldetik ospitaleagaz lotura zuzena ezarteko aukerea be emoten dauelako. Baganek gehitu dauenez, “geltokia egotea ala ez egotea, informazino azterlanak zehaztuko dau”. “Erabagia ez dago hartuta”, esan dau bukatzeko.
Podemos Bizkaia taldearen ekimenak bere taldearen, Popularren eta Talde Mistoaren aldeko botoak baino ez ditu jaso. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeak kontra agertu dira, eta EH Bilduko batzarkideak abstenidu egin dira. Emaitza berbera euki dau Arantxa Urkaregi EH Bilduko bozeroaleak aurkeztu dauen mozinoak, Gizarte Ekintza Sailari, Gizarte Ekintzako Plan Estrategikoan ezarrita dagozan estalduren eta persona bakotxeko plazen ganeko datuak aurkeztu daizala eskatuz.
Gaurko eguneko gai zerrendan egon diran zazpi puntuen artean aho batez onetsi dan bakarra Asier López de la Fuenteri batzarkide oso izateko emon jakon onespena izan da.