Aurreko Albisteak

Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak gaur egungo Ekarpenen Legearen indarraldia eta funtzionaltasuna defendidu ditu Bizkaiko Batzar Nagusietan

JJGG Bizkaiako Batzar Nagusiak

Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak gaur egungo Ekarpenen Legearen indarraldia defendidu dau Batzar Nagusien aurrean. Lege horrek erreguletan dau hiru lurralde historikoek Euskadiko Autonomia Erkidegoari egin beharreko ekarpena, eta “ereduak funtzionetan dauela” azpimarratu dau. Adierazo dauenez, “Udalek, Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak behar adinako finantzaketa mailea daukie”. Rementeria Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraskunde, Gobernamentu Onerako eta Gardentasunerako Batzordearen aurrera etorri da, Batzarretako EH Bildu taldeak eskatuta, gai horren ganeko informazinoa emoteko, eta baita berak eskatuta be, Herri Diru-bideen Euskal Kontseiluaren azkenengo bileraren barri emoteko.

Arantza Urkaregi EH Bilduko bozeroaleak, bere aurreikuspenak kontuan izanda Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak aitatutako Legearen lehenengo zirriborroa noiz jasoko ete dauen galdetu deutso Rementeriari, eta igazko abenduaren 31rako ezarrita egoan epea bete ezin izana eragin daben oztopoak eta gaiztasunak zeintzuk izan diran be galdetu dau. Gai horreei José María Iruarrizaga Bizkaiko Ogasun eta Finantza Diputatuak erantzun deutse lehenengo, Ekarpenen Lege barria eukiteko “ez dagola data finkorik ezta ezelango prisarik be” adierazoz. Azaldu dauenez, “Lurralderen batek bere ekarpenen ehunekoa hobetu gura badau, beste bat kaltetuta egongo dala esan gura dau, eta horrek ez ditu akordioak errezten”.

EH Bildu ordezten dauen Urkaregik azpimarratu dauenez, “preminazko gaia da, udalen finantzaketea zalantzan dagolako”, eta “herrialde moduan jarduteko” eskatu dau, “herrialdeen arteko gatazkak saihestuz”. Arturo Aldekoak (Talde Mistoa) konfiantza erakutsi dau, hurrengo legealdirako adostasun zabaleko akordio politikoa lortzearen inguruan. Javier Ruizek (Talde Popularra) legearen barriztapena “goitik beherako porrot politikoa” dala esan dau, “alderdi berak gobernetan dituan lau erakunderen artean”.

Eneritz De Madariagak (Podemos Bizkaia) lege horretan zazpi urteko atzerapena eragin daben gaiztasunak kritikau ditu, eta zergaitik ez dagon horren aurkezpenerako prisarik, eta zein dan Bizkaiko Foru Aldundiak eztabaida horretan defendiduten dauen posizinoa galdetu dau. Juan Oterminek (Euskal Sozialistak) orain arte egin dan behar “zintzoa eta ona” goraipatu dau, eta garrantzitsuena “gure erakunde errealidadeagaz bat etorriko dan lege zuzena lortzea” dala azpimarratu dau. Jon Andoni Atutxa Euzko Abertzaleak taldeko bozeroalearen berbetan, “gaia konplexua da ikuspegi teknikotik, eta lurralde eta indar politiko bakotxak ikuspegi desbardinak ditu”. “Udalen finantzaketea ez dagola ezelango arriskuan” be adierazo dau, eta euren beharragaz jarraitzera animau ditu zerbitzu teknikoak.

Taldeei erantzunez Bizkaiko Ahaldun Nagusiak esan dauenez, “lurralde batek mahai ganean erespide barriak jarten ez dituan bitartean, legeak indarrean jarraituko dau, eta bere koefizienteak urtero eguneratuko dira, Eustaten datuetan oinarrituta”. Rementeriak defendidu dauenez, “bitartean sistemak funtzionetan jarraitzen dau”, hiru lurraldeek, Udalek eta Eusko Jaurlaritzak behar adinako finantzaketea daukielako.

Diru-bideen Euskal Kontseilua

Unai Rementeria berak eskatuta be etorri da Batzordearen aurrera, joan dan zezeilaren 14an egin zan Diru-bideen Euskal Kontseiluaren azkenengo bileran hartutako akordioen ganeko informazinoa emoteko. Rementeriak zehaztuta aurkeztu ditu lurralde historikoek Eusko Jaurlaritzako gastuei egindako ekarpenak, eta baita 2018. ekitaldiari jagokon doikuntzako funts orokorraren kitapena be.

Ahaldun Nagusiak Bizkaian erregistrau diran zifra egokiak azpimarratu ditu, diru-bilketa fiskalak nabarmen egin dauelako gora, zerga zuzenei zein zeharkakoei jagokenez. 2018an Bizkaiak euki eban diru-bilketea 7.740 milioi eurora heldu zan, 2017an baino %3,2 gehiago, Diru-bideen Euskal Kontseiluak joan dan urrian egin eban aurreikuspena puntu bitan gaindituz. Rementeriak balioan jarri ditu “Bizkaiak euki dauen portaera leiala, Arabagaz eta Gipuzkoagaz erakutsi dauen alkartasuna”, eta horreek lurraldeko kontuen defentseagaz bateragarriak dirala esan dau.

Bardintasunerako organoa

Batzordea Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuaren presentziagaz osatu da, Arantza Urkaregik (EH Bildu) Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako Foru Araua beteteko beharrezkoak diran egituren eta baliabideen ganean egin deutson galderari erantzuteko. Bengoetxeak zehaztu dauenez, orain arte Bardintasuneko lau teknikari lanpostu baino ez dira sortu behar izan, eta horreek 2019ko aurrekontuetan aurreikusita dagoz daborduko. “Horreek dira orain arte hauteman diran beharrak, baina behargin beharrak aldian behin eguneratuko dira, Bardintasunerako organoa guztiz operatiboa danean”, esan dau bukatzeko.