Aurreko Albisteak

Foru Aldundiari bertako lanpostuen zerrenda osoa Aldizkari Ofizialean argitaratzeko eskatzea onetsi dabe Bizkaiko Batzar Nagusiek

Bizkaiko Batzar Nagusia

Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraskunde, Gobernamentu Onerako eta Gardentasunerako Batzordeak, aldeko 12 botogaz, abstentzino bigaz eta kontrako boto barik, Talde Mistoak aurkeztutako Arauz Besteko Proposamen bat onetsi dau gaur goizean, Foru Aldundiak, “agintaldi bakotxaren hasieran, gitxienez, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean lanpostuen zerrenda osoa argitaratu daian”. Ekimenak, Kontu Publikoen Euskal Epaitegiaren aholku bati erantzuten deutso.

Arturo Aldecoa Talde Mistoko ordezkariak, Bizkaiko Lurralde Historikoaren Kontu Orokorraren Fiskalizazino Txostenean oinarritu dau bere ekimena. Bertan, aitatutako Epaitegiak lanpostuen zerrenda eguneratua aldian behin argitaratzea gomendatzen eban, 2009tik “ekitaldi bakotxean egindako aldaketak baino ez diralako argitaratu Bizkaiko Aldizkari Ofizialean”. Aldecoak zehaztu dauenez, informazino hori foru erakundeko webgunean dagon arren, aldizkarian argitaratzeak publizidade, hedapen eta aintzatespen formal handiagoa emoten deutso.

Javier Ruiz Talde Popularreko ordezkaria proposamenaren alde agertu da, eta adierazo dau ez dala Foru Aldundiak hartu dituan gardentasun erespideen kontrakoa. Podemos Bizkaia taldeko Neskutz Rodríguezek azpimarratu dauenez, aldizkari ofizialeko argitalpenak fidagarritasun handiagoa emoten dau, Aldundiaren webguneko Gardentasunaren Atarian agertzen diran datuak sarri askotan iragankorrak diralako, Interneteko euki askogaz gertatzen dan moduan. Juan Oterminen (Euskal Sozialistak) eretxiz, proposamena “egokia” da, daborduko erabilgarri dagon informazinoaren osagarria. Unai Lermak (Euzko Abertzaleak) esan dauenez, neurriak “publizidadea eta herritarren ezagutzea hobetu daikie”, baina esan dau bere taldeak aldeko botoa emongo dauen arren, horrek ez dauela esan gura ez dagola ados Foru Gobernuak orain arte aurrera eroan dauen gardentasun politikeagaz.

EH Bildu izan da Arauz Besteko Proposamenaren alde agertu ez dan talde bakarra, izan be, Arantza Urkaregi bozeroaleak adierazo dauen moduan, “ez gagoz kontra, baina Kontu Publikoen Euskal Epaitegiak emondako beste aholku batzuk hau baino askoz garrantzitsuagoak izan dira, eta ez dira kontuan hartu”.

Bizkaiaren proportzinozko ordezkaritzea Eusko Legebiltzarrean Bigarren Arauz Besteko Proposamena, hori be Talde Mistoak bultzatutakoa, ez da onetsi, Batzarretako ganerako taldeek kontrako botoa emon dabelako. Oraingo honetan, ekimenak proponiduten ebana, “Batzar Nagusiek Eusko Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarrari helduarazotea Euskadiko Autonomia Estatutuaren edozein aldaketak kontuan hartu behar dauela Legebiltzar horretan Lurralde Historiko bakotxak izango dauen ordezkari kopurua biztanleen araberakoa izan behar dala” zan.

Arturo Aldecoak azaldu dauenez, Bizkaiak Euskadiko legebiltzarkideen %33 baino ez ditu aukeratzen, Autonomia Erkidegoko biztanleen %52 baino gehiago dituan arren, hau da, ia 20 puntuko aldea dago. Horrez gain, lurralde bakotxaren baliabideen ekarpena be ez da parekidea. Adierazo dauenez, Autonomia Estatutu barriaren ganeko eztabaidaren barruan, “Bizkaiko Batzar Nagusiek horren inguruko eretxia emon beharko leukie”. Javier Ruizen (Talde Popularra) eretxiz, proposamena “ertz asko dituan eta kontu handiz landu behar dan gaia” da, eta, esan dauenez, antzeko zer edo zer gertatzen da Diputatuen Kongresuan. Eztabaida sakona eta adostasun maila altua eskatzen dauen gaia dala esan ostean, bere botoa kontrakoa izango dala esan dau, “hau ez dalako hori eztabaidatzeko une ezta leku egokia”. Neskutz Rodríguezek (Podemos Bizkaia) be antzeko errazoiak emon ditu, Eusko Legebiltzarrean landu beharreko gaia dala eta gehiengo eta adostasun handiak behar dituala esanez.

Modu berean, Juan Oterminek (Euskal Sozialistak) esan dau landa inguruetako eta urigune handietako botoek be ez daukiela balio berbera Bizkaiko Batzar Nagusiak aukeratzen diranean. Joseba Gezuragak (EH Bildu) Estatutua idatzi zan testuinguru historikoa aitatu dau, eta garai haretan Nafarroa gure autonomia erkidegora gehitzea aurreikusten zala, eta “euskal tradizino konfederala” aitatu dau. Esan dauenez, une honetan indarrean dagon eta zirkunskripzino bakotxean emondako ordezkaritzea kalkuletan dauen D’Hondt sistemak be ez dau proportzinoa zorrotz gordetan. Jon Sánchezek (Euzko Abertzaleak) eztabaidarako atea zabaldu dau, herritarrek eskatzen daben unean, baina bere eretxiz, une honetan “ez dago ez ordezkari politikoen ezta herritarren agendan”. Horrez gain, zuhurtasuna, eztabaida nasaia eta adostasun zabala eskatu ditu, “edozein eztabaida zikintzen daben mesias barriak erakarri daikezan” gaia dalako. Azkenengo bozketak aldeko boto bakarra (proposamena aurkeztu dauenarena) eta Batzarretako ganerako taldeen kontrako 14 jaso ditu.

Gardentasun Arloko Erreklamazinoen Batzordea Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraskunde, Gobernamentu Onerako eta Gardentasunerako Batzordearen gaur goizeko saioa, Gardentasun Arloko Erreklamazinoen Batzordea osatzen daben personen agerraldiagaz osatu da. 2018ko urteko Memoriaren datu garrantzitsuenak azaldu ditue. Batzorde hori, berme organu kolegiaua eta independentea da, informazino publikorako sarbide eskubidea babesteko eta Bizkaian gardetasunagaz erlazionauta dagozan betebeharren betetea indartzeko.

Batzorde horretako titularrek azpimarratu dabenez, igazkoa oso ekitaldi nasaia izan zan, eta erreklamazino aipagarri bakarra norbanako batek Aldundiari egindako plano batzuen eskariagaz egon zan erlazionauta, bera jaube zan finkaren katastroko balorazinoa bere eretxiz ez zalako zuzena. Guztira, 2018an Batzordeak herritarren 25 eskari jaso ebazan. Batzarretako taldeek eskertu egin dabe emondako informazinoa, baina Podemos Bizkaiatik eta EH Bildutik esan dabe, beharbada, erreklamazino bide horren erabilera txikia herritarrek existiduten danik be ez dakielako izan daitekela.