Aurreko Albisteak

Zorrotzak badauka daborduko Gernikako Arbolaren kimu bat

Zorrotza Auzo Elkartea sortu izanaren 50. urteurrena dala eta, Bizkaiko Batzar Nagusiek, Bilboko Udalagaz eta alkarteagaz batera, Gernikako Arbolaren kimu bat landatu dabe Fray Juan kaleko parkean, Zorrotzako udal liburutegiaren ondoan. Ekitaldian erakunde bakotxeko agintari gorenek hartu dabe parte, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidenteak, Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak eta Moises Arce Zorrotza Auzo Elkarteko Presidenteak, hain zuzen be.

Bere berbaldian, Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidenteak alkartea zoriondu dau, bere urteurren biribila dala eta. “Euskal askatasunen eta gure bakerako gurariaren sinboloa Zorrotzan, izaera handiko auzoan, be haziko da. Sustraiak zabalduko ditu hemen, urteurren biribila ospatzeko”, azaldu dau Otaduik. Presidentea eskertuta agertu da landaketan parte hartzeko aukerea izan dauelako, eta gehiago oraindino geldialdi biologikoan, landaketak egiteko hilebete egokienetako batean, egin ahal izan dalako. “XIX. mendearen amaieratik ia bostehun kimu heldu dira bost kontinenteetako txokoetara”, adierazo dau Otaduik. Batzar Nagusietako ordezkari nagusiak aurreratu dauenez, “denpora gitxi barru kimu gehiago haziko dira Cedeiran, Astigarragan, Laudion, Madrilen, Franqueses del Vallésen, Padrónen edo Ipazterren”.

Presidenteak kimuaren egiazkotasunaren ziurtagiria be entregau dau. Ekitaldian ohorezko aurresku bat be dantzatu da, eta Zorrotzako Mikel Deuna Abesbatzak Gernikako Arbola abestu dau. Gernikako Arbolaren landaketa hori, Bilboko Uriak daborduko badituan beste kimu batzuei gehitzen jake, Begoñako Basilikan, Basurtuko Ospitalean, Arte Ederren Museoan edo Euskadi Plazan, besteak beste.