Bizkaiko baso sektoreak "banda marroiaren" izurritearen testuinguruan etorkizunerako daukan estrategia azalduko dau Batzar Nagusien aurrean

Bizkaiko egurraren sektoreko bozeroaleak –basoen jaubeak eta industria eraldatzaile guztia alkartzen dauen alkarte profesionala barru dirala– Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraunkortasuneko eta Baliabide Naturaleko batzordearen aurrera etorri dira, Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Mistoa taldeek eskatuta. Saioa, “banda marroia” izeneko izurritearen ondorio larriak jasaten ari dan sektorearen gaur egungo diagnostikoaren eta etorkizunerako estrategien inguruan zentrau da. Gaixotasun hori onddoek eragiten dabe, eta espezie koniferoetan dauka eragina. Bizkaiko Baso-Jaubeen Alkarteko ordezkaria José Antonio Zabala presidentea izan da. Jaubeak, egurraren lehen eta bigarren eraldaketako enpresak, basoko zerbitzuak eta bioenergiako zerbitzuak batzen dituan Baskegur alkartearen izenean, Federico Saiz zuzendaria eta Oskar Azkarate gerentea egon dira.
Baso-jaubeen alkartetik, fungizidakaz egiten dan aireko tratamentua izurritearen arazoari aurre egiteko konponbide onena dala ikusi dala adierazo dau Zabalak, eta neurri horrek ez daukala zertan eraginik izan behar ez personengan ezta ingurumenean be, arautegi zorrotza betez egiten bada, landaketa ekologikoetan arazo barik apliketan da eta. Gogoratuazo dauenez, Bizkaian gehien dagozanak Insignis Pinuarenak dira, baina horrek ez dau esan gura espezie horren monokultiboa dagonik, eta baso-jaubeek espezie horren eta bere hobekuntza genetikoaren alde egiten daben apustua berretsi dau. Horrez gain, kritikau egin ditu “sektoreari horrenbesteko mina egin deutsien informazino manipulatuak”, eta talde politikoei sektorearen ganean daukien ikuspegia barriro planteetako eskatu deutse, euren balorazinoetan zorrotzak izan daitezala eta erabagi zuzenak hartu daiezala”.
Baskegurreko Presidenteak, bere aldetik, sektorearen osotasunaren panoramikea eskeini dau, ekonomian daukan pisua azpimarratuz: Euskadiko Autonomia Erkidegoko BPGaren %1,53a, 20.000 jaube eta 1.400 enpresa inguru, guztira 20.000 lanpostu zuzen eta zeharkako, urtean 300 milioi euroko diru-sarrerak eragiten dituana zergetan. Federico Saizek balioan jarri dau egurraren ekoizpenak “Ekonomia Zirkular” jasangarrirako estrategia aurrera eroateko egiten dauen ekarpena. Gogoratuazo dauenez, “banda marroiaren” gaixotasunak, “salbuespen moduan tratau behar dan salbuespen egoeran” jarri dau sektorea.
Bere esku-hartzean Euskadiko sektoreko alkarte garrantzitsueneko gerenteak jasangarritasuna azpimarratu dau, ikuspegi hirukotxetik (ingurumena, gizartea eta ekonomia) eta pinuek bertako espezie autoktonoak ordeztu dituela dinoen “mito faltsoa” be aitatu dau. Oskar Azkaratek “basoetan oinarritutako bio-ekonomia zirkularra” aldarrikatu dau, eta “politikariek egurraren erabilerea sustatzeko orduan zeresan handia daukiela” azpimarratu dau, “helburu energetikoak barru dirala”. Izurriteari jagokonez, Azkaratek defendidu dauenez, fungizidak “txokeko tratamentua” dira, eta alderdi politikoei euren “laguntzea eskatu deutse, atoan behar doguzan neurrietarako, larrialdi egoeran gagozalako, eta sektorearen etorkizunerako oinarrizkoak diralako”.
Talde politikoen esku-hartzea Batzarretan ordezkaritzea daukien talde politiko guztiek Bizkaiko baso sektorearen bozeroaleak Batzar Nagusietara etorri izana eskertu dabe. Euren laguntza osoa eskeini deutse, ñabardurakaz, eta, horrez gain, galderak egin deutseez bertaratu diran ordezkariei.
Talde Mistotik, Arturo Aldecoak izurritearen aurreko tratamentua eta epe luzeagorako estrategia bereiztu ditu. Epe luzeagoko estrategia horrek aukerea emongo deutse baso-jaubeei beste espezie batzuk landatzeko aukerea planteau daien, ekonomiaren ikuspegitik jasangarriak badira. “Ez gara gu inor zein espezie izan behar dan esateko –zehaztu dau–, baina hazkunde azkarrekoek zelanbaiteko zainketea euki beharko leukie, eta baso publikoetan horreen ordez bertako zugatzak landatu beharko litzatekez, apurka-apurka”.
Euskal Sozialistak taldearen izenean, Marimar Rodríguezek zehaztasun handiagoa eskatu dau izurritearen ondorioei aurre egiteko eta horreek murrizteko proponidu dan tratamentuari jagokonez, sektoreak Bizkaian eta Euskadiko Autonomia Erkidego osoan daukan garrantzia nabarmendu dau eta gaur egungo Basoen Legea aldatzeko aukerea planteau dau.
Agerraldia eskatu dauen hirugarren taldearen izenean, Jesús Lekerikabeaskoak (Euzko Abertzaleak), sektoreari emon beharreko laguntzak ekintza jakinetan oinarritu behar dirala azpimarratu dau, eta kaltetutako arloen fumigazinoaren aurreko alternatibarik ete dagon galdetu dau. Bizkaian ekoizten dan pinuaren egurraren kalidadearen ganeko informazinoa be eskatu dau, eta baita be bertaratutakoek aitatu daben Ekonomia Zirkularreko eredurako pausuak emoten ari ete diran.
Eduardo Andrések (Talde Popularra) Bizkaiko egurraren sektoreko ordezkarien azalpena “argigarria” izan dala esan dau, eta oxido kuproso bitartez egiten dan fumigazinozko tratamentua defendidu dau “sektore batek kutsadurarik ez sortzeko interesa baldin badauka, sektore hori egurrarena dalako, hain zuzen be”. Landau beharreko espezie motaren ganeko erabagiak errespetetearen alde be agertu da, baina bestelako alternatibarik planteauko leukien be galdetu deutse jaubeei, administrazino publikoetatik horreetarako konpentsazinoak egon ezkero.
Josean Elgezabal, Podemos Bizkaia taldearen bozeroaleak autortu dauenez, bere taldetik basoko sektorearen ganeko “diskurtsoa modulauz joan gara”, baina bere ardurea erakutsi dau, baserrien inguruetan gizakiak egoten diran guneetan eta iturburuetan izan daikiezan eragin kaltegarriak dirala eta. Eta gaur egungo baso ereduaren indarraldiarengaitik eta bere alternatibengaitik be galdetu dau.
EH Bilduren aldetik, Mikel Kormenzanak bertaratutako biak Bizkaiko Batzar Nagusien aurrera etorri izanaren garrantzia azpimarratu dau, baina basoko jarduereagaz erlazionautako beste kolektibo batzuen agerraldia be eskatu dau, etorkizuneko politikak diseinau ahal izateko. Epe ertaineko estrategiaren beharra be azpimarratu dau, eta orain denpora gitxi bere taldeak arlo horretan egindako Foru Arau proposamena aitatu dau, EH Bilduk baso-jaubeakaz eta egurraren industriagaz komunean hainbat puntu dituala adierazoz, baina baita desbardintasunak be, eta horri jagokonez, kritikau egin dau koniferoak izatea etorkizunerako apustu bakarra, eta sektoreari “B plan bat euki” beharra eskatu deutso, “ezagutza faltaren eta beste espezie batzuetara aldatzearen aurreko bildurragaz” bukatzeko.