Aurreko Albisteak

Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako Foru Diputatua Bizkaiko Batzar Nagusien aurrera etorri da, errepide sareko bidesari barrien eta Meaztegi Golfaren inguruko informazinoa emoteko

Bizkaiko Batzar Nagusia

Imanol Pradales Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako Foru Diputatua Bizkaiko Batzar Nagusietako jagokon Batzordearen aurrera etorri da gaur goizean, AP-8 Autopistaren Bizkaiko tartean, Hegoaldeko Saihesbide Metropolitarrean –Super Sur izenez ezagutzen dena– eta Artxandako tuneletan 2019ko bidesarien zenbatekoak eguneratzearen ganeko informazinoa emoteko. Saio berean, Alderdi Popularrak eta Talde Mistoak Zugaztietako Meaztegi Golfaren egoeraren ganean egin daben agerraldi eskariari eta EH Bilduk Alonsotegiko bidegorriari buruz egin deutsan zuzenketa-eskeari erantzun deutse.

Joan dan abenduaren 11n Bizkaiko Foru Aldundiak Foru Dekretuz onetsi eban bidesarien zenbatekoak eguneratzeari jagokonez, Imanol Pradalesek tarifak igotzeko erespideak azaldu ditu, eta baita foru erakundeak, bera titular dan errepide azpiegituren erabiltzaileen esku jarten dituan salbuespenak, beherapenak eta diru-laguntzak be (11,9 milioi eurokoak), tele-ordainketa sistemak eskuratzeko erreztasunak barru dirala.

Talde gehienetako bozeroaleek emondako informazinoa eskertzera mugatu dira, eta Aitor Ibarra Euzko Abertzaleak taldeko ordezkariak Foru Dekretuari beren beregi emoten deutsan babesa adierazo dau, “errepide sare jasangarriari laguntzen deutsala” uste dauelako. EH Bilduko Zigor Isuskiza izan da bere txandea hainbat galdera egiteko baliau dauen bakarra. Galdera horreek, erregistrautako eta aurreikusitako trafiko hazkundeen eta Super Sur errepidearen ustiapen kontuen ganekoak izan dira. Imanol Pradalesek adierazo dauenez, urte honetarako ibilgailuen kopuruak %2,3 egingo dauela gora aurreikusten da, eta Hegoaldeko Saihesbide Metropolitarrari jagokonez azpimarratu dau erabilerak gora egin dauela –batez beste 16.000 ibilgailu/egunean 2018an– eta “aurreko ekitaldia izan dala ustiapeneko diru-sarrerak kostuak baino altuagoak izan diran lehenengoa”.

Meaztegi Golfaren egoerea Bizkaian kirol hori egiteko dagon instalazino publiko bakarra dan Meaztegi Golfaren egoerak Foru Diputatuaren hiru agerraldi eskari eragin ditu, horretako bi Jesús Isasi Talde Popularreko bozeroaleak aurkeztutakoak eta bestea Arturo Aldecoa Talde Mistokoak. Guztiak be eguneko gai zerrendako puntu bakarrean batu dira.

Aldecoak, Azpiegiturak foru soziedadearen esku dagon azpiegiturak izan dituan arazoen ibilpide luzea aitatu dau, eta esan dau beharrezkoa dala proiektua barriro planteetea eta konponbideak bilatzea, orain denpora gitxi Global Golf enpreseagaz, emakida euki dauen azkenengo enpreseagaz, egoan kontratua bertan behera itzi eta gero. Isasik, bere aldetik, enpresa horren eta bere aurretik egondakoaren, Ansareo etxearen, kudeaketak eragin dauen “iruzurra” azpimarratu dau, eta instalazinoen narriadurea dala eta foru erakundeak abalak exekutau edo erantzukizunak eskatuko ete dituan galdetuko dau. Bukatzeko, “beharbada, instalazino horreei beste erabilera bat emoteko idea konkurtso bat merkeago urtengo jaku”, esan dau.

Ganerako taldeen aldetik, Nuria Atienzaren (Podemos Bizkaia) eretxiz proiektua ez da bideragarria, eta foru erakundeak egindako inbertsinoa galdutzat emon dau. Podemoseko bozeroalea be Meaztegi Golfak hartzen dituan lurrei beste erabilera bat emotearen alde agertu da. Ignacio Jerónimok (Euskal Sozialistak) “zain egotera eta kudeaketa egokia lortzera” animau dau Bizkaiko Foru Aldundia, eta Joseba Andoni Gezuragak (EH Bildu) be proiektuak porrot egin dauela esan dau, eta “egoeraren benetako diagnostikoa eukitearen” eta “beste erabilera batzuen aukerea aztertzeko jarrera” erakustearen aldeko apustua egin dau. Mikel Bagan (Euzko Abertzaleak) barriz, Foru Aldundiak golf zelaiaren inguruan izan dauen estrategiaren alde agertu da, eta bertako instalazinoen kudeaketarako egingo dan lizitazino barrian konfiantzea erakutsi dau.

Bere esku-hartzean, oposizinoko taldeek egindako diagnostikoetako batzuk “katastrofistak” dirala esan dau Foru Diputatuak eta, ganera, enpresa emakidadunagaz egoan kontratua bertan behera iztea “lege ikuspuntutik egoan konponbide onena zala” esan dau. Azaldu dauenez, golf zelaiaren jarduerea ez da eten, urte honetako apirilean bukatuko dan emakida iragankorrari esker. Aurreikuspenak beteten badira, orduan amaituko da konkurtso barrirako prozesua. Eta berretsi egin dau Meaztegi Golfaren alde egiten dauen apustua “Bizkairako golf zelai publikoa eta kalidadekoa, ingurunean eragin positiboa izango dauena, izan daiten”.

Alonsotegiko bidegorria Bizkaiko Batzar Nagusietako Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako batzordea, Zigor Isuskiza EH Bilduko batzordekideak Alonsotegiko bidegorriaren ganean egin dauen ahozko zuzenketa-eskeagaz osatu da. Udalerri horretako Osokoan hartutako akordioan eskaria egiten jako Bizkaiko Foru Aldundiari, aurton, txirrindularientzako bide hori Ularki eta Arbuio auzoakaz lotuko dauen konexinoaren proiektua eta egikaritzea aurreikusiko dauen partida ekonomikoa prestau daian.

Imanol Pradalesek erantzun dauenez, proiektuak Kadagua errekaren ganeko igarobidea aurrikusten dau, trenbideko zubi zahar bat baliatuz. URA Uraren Euskal Agentziak zalantzan jarri dau puntu hori eta, hori dala eta, barriro formulau behar da. “Ez dogu proiektua zalantzan jarten, eta jagokuna egingo dogu –adierazo dau foru arduradunak–, baina kontuan izan behar dogu beste eragile batzuk be badagozala inplikauta, Renfe, Feve edo URA bera, eta horreek be eurei jagokena egin behar dabe”.