Bizkaiaren izen ofizialaren erabilera esparru guztietara zabaltzeko Arauz Besteko Proposamena onetsi dabe Batzar Nagusiek
Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraskunde, Gobernamentu Onerako eta Gardentasunerako Batzordeak EH Bildu taldeak bultzatutako Arauz besteko Proposamena onetsi dau gaur goizean. Bertan, Interneteko nabigatzaileetan, mundu osoko komunikabideetan, atlasetan, mapatan eta errepideetako nabigatzaileetan “Vizcaya” formea erabili beharrean, Bizkaia bere izen ofizialagaz izendatu daiten aurrera eroan beharreko ekintzak hasi daizala eskatzen jako foru erakundeari. Ekimenak, proposamena aurkeztu dauen taldearen hiru botoak eta Podemos Bizkaiaren biak izan ditu alde, Euskal Sozialisten, Talde Popularraren eta Talde Mistoaren laurak kontra eta Euzko Abertzaleak taldearen abstentzinoa.
Arantza Urkaregi EH Bilduko bozeroaleak Bizkaiko jatorriko toponimia balioan jartea defendidu dau, eta Josean Elgezabal (Podemos Bizkaia) be alde agertu da, nazinoarteko esparruan egon daitekezan gaiztasunak autortu dituan arren. Ana Esther Furundarenak bere abstentzinoa azaldu dau esanez proposamena ez dala zehatza eta orain arte Foru Aldundiak horretarako aurrera eroan dituan esfortzuek ez dabela ezelango emaitzarik lortu. Ekain Rico (Euskal Sozialistak) lurraldearen izen ofiziala erakunde mailako eremu ofizialetara zabaltzeko esfortzuen alde agertu da, baina euskal grafia Interneteko bilatzaileetan ezarteko ahalegina “errealidadetik kanpo dagola eta kaltegarria be izan daitekela” esan dau. Javier Ruizen (Talde Popularra) eretxiz ez da lehentasuna, eta grafia biak modu osagarrian erabili daitekez. Arturo Aldecoak (Talde Mistoa), bere aldetik, izen ofizialak eta toponimoak aitatu ditu, erabilten dan hizkuntzaren arabera aldatu egiten dirala esanez.
Ordezkaritza gastuen kontrola Javier Ruiz Talde Popularreko ordezkariak aurkeztu dauen Arauz besteko bigarren Proposamena ez da onetsi, aldeko zazpi boto (Talde Mistoa, Podemos Bizkaia eta EH Bildu, ekimena aurkeztu dauen taldeaz aparte) eta kontrako bederatzi (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak) jaso ditualako.
Proposamenaren helburua, alde batetik, Bizkaiko Foru Aldundiari ordezkaritza gastuak edo antzekoak justifiketako urtero memoria zehatza egitea eta Batzar Nagusietara aurkeztea eskatzea zan, eta bestetik, Batzarretako taldeek gai horren inguruan eskatzen daben edozein dokumentazino osagarri emotea. Foru gobernua eusten daben talde biek adierazo dabenez, gastu horreen fiskalizazinoa eta kontrola bermatuta dago une honetan indarrean dagon Batzar Nagusien arautegiaren bitartez. Oposizinoko taldeek azpimarratu dabenez, barriz, proposamen hori onestea aurrerapausua izango litzateke gardenetasunerako eta herritarrek Foru Administrazinoaren aurrean duten konfiantzea handitzeko.
Herri Administrazino eta Erakundeen arteko Hartu-emonetarako diputatuaren agerraldia Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraskunde, Gobernamentu Onerako eta Gardentasunerako Batzordearen gaur goizeko saioa, sail horren arduraduna dan Ibone Bengoetxea diputatuaren agerraldiagaz osatu da, EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeek egindako eskariei erantzunez.
Lehenengo eskaria Onintze Oleaga batzordekideak planteau dau, eta Barakaldoko epaitegi batean, 600.000 euroko balioa eukien eta azkenean egin ez ziran obra batzuen ganekoa izan da. Alonsotegiko Udalak obra horreek egiteko diru-laguntzea eskatu eutsan Aldundiari, Foru erakundeak toki erakundeen esku jarten dauen aurreikusi bakoen partidaren kargura. Ibone Bengoetxeak adierazo dauenez, foru erakundeak laguntzea emon behar eban, “eskakizun guztiak beteten ebazalako”, eta ezerk ez eban erakusten delitua egiten ari ziranik. Espedientea tramitau eban funtzionarioari bere babes pertsonala erakutsi deutso, eta “delituaren erantzukizuna delitu hori egiten dauenarena da, eta ez jasaten dauenarena”, esan dau.
Beste alde batetik, Josean Elgezabal Podemos Bizkaia taldeko bozeroaleak, Aldundiko garbiketaren gatazkea lizitazino barriaren aurretik itxita egon daiten Bizkaiko Foru Aldundia emoten dabilen pausuen ganeko ahozko erantzun-eskea egin dau. Ibone Bengoetxeak azaldu dauenez, foru erakundea une oro egon da enpreseagaz eta beharginen ordezkaritzeagaz hartu-emonetan, joan dan urtarrilaren 11n hitzarmen barria sinatuz lan gatazkea amaitu zan arte, baina gogoratuazo dau erakundeak ez daukala sektorea erreguletako edo aldeen arteko lan gatazketan esku hartzeko eskumenik.