Azkue ikastolan badago daborduko Gernikako Arbolaren kimu bat
Gaur goizean Gernikako Arbolaren beste kimu bat landatu da Lekeitioko Azkue Ikastolan. Ekitaldian, Ana Otadui Batzar Nagusietako Presidenteak, Ainara Ikaran Azkue Ikastolako Presidenteak eta Koldo Goitia Lekeitioko alkateak hartu dabe parte, ikastolea Ibilaldia 2019aren antolatzailea izango dala ospatzeko. Azkue ikastolako umeak be bertan egon dira, eta ikasle batzuek ohorezko aurreskua eskeini deutse agintariei eta bertan egon diran guztiei.
Ainara Ikaran Azkue Ikastolako Presidenteak kimuaren landaketeak daukan esanahia gogoratuazo dau. “Gernikako Arbolea euskal sinbologia modernoaren funtsezko elementua da; euskal herriaren askatasunaren eta unibersalidadearen sinbolo bilakatu da”, erreibindikau dau. “Guk be euki gura dogu gure Ikastolan. Hazten eta zahartzen ikusiko gaitu, indartzen eta zabaltzen ikusiko gaitu”, esan dau. Bukatzeko, “haretx gazte hori hartu-emon eta lotura positiboaren eta iraunkorraren lekukoa izatea” gurako leukela adierazo dau.
Ana Otadui Batzar Nagusietako Presidentea, bertan egon diran Ikastolako ikasleei zuzendu jake. “Gaur, euskal herriaren sinbolo dan iragan unibersala eta bere askatasunerako guraria, Resurrección María de Azkue Ikastola honetako ikasle guztiek zabalik daukazuen etorkizunagaz lotzen doguz, Ibilaldiaren beste edizino bat, 2019koa, martxan jarteko alkarregaz beharrean zagozien une honetan”, adierazo dau Otaduik. Presidenteak Arbolaren unibersalidadea be gogoratuazo dau “1937an Gernikak biztanleria zibilaren kontrako lehenengo bonbardaketea jasan ebanetik”. Barriro be ikasleei zuzenduta, “ideologia politiko guztiek errespetetan daben izaki biziduna zaintzeko eta babesteko” eskatu deutse. “Ezkerrekoek, zentrokoek eta eskumakoek. Danok, geure arteko desbardintasunak errespetauta, daukagu lekua Gernikako Arbolaren eta bere kimuen gerizpean”.
Koldo Goitia Lekeitioko alkatea, bere aldetik, pozik agertu da, Gernikako Arbolaren kimuaren landaketan egoteagaitik. “Niretzat benetan atsegina da gaur zuekaz guztiakaz hemen egon ahal izatea, ospakizun honetan”. “Hau da Gernikako Arbolea, euskaldun guztion sinboloa, geure askatasunaren, geure iraganaren, orainaldiaren eta etorkizunaren sinboloa. Goitia be zuzendu jake ikasleei: “Gaur konpromiso bat hartu dozue, arbola hau ez da edozein lekutan landatzen; gaur eta hemen, Lekeitioko Azkue Ikastolan landatu dogu”, azpimarratu dau. Amaitu aurretik, alkateak konpromisoa eskatu deutse ikasleei. “Zuok zarie arbolea zaintzearen arduradunak; zaindu daigun arbolak irudikatzen dauena: geure herria, guztion askatasuna”.
Lekeitioko Azkue Ikastolak antolatuko dau ikastolen jaiaren hurrengo edizinoa, maiatzaren 19an, domekan, “Haratzago” goiburuagaz. Holan, euskal kulturea eta, batez be euskerea, bultzatzeko eta defendiduteko Lekeitiok milaka persona alkartuko dituan hirugarren aldia izango da.
Azkue Ikastolea 1964an sortu eben irakasle batek eta ikasle batzuek, gela batean. Urte berean Latinidade eskola zaharrera aldatu ziran, eta, horren ostean, etxebizitza partikular batera itzuli ziran, Guardia Zibilaren ikerketak zirala eta. 1976an soziedade kooperatibo legez eratu zan, eta 1983an, Ondarroako Ikastoleagaz batera, Ibilaldia antolatu eban.
Igazko garagarrilaren 7an, Iñigo Urkullu Lehendakariak, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidenteak eta Koldo Goitia Lekeitioko alkateak beste kimu bat landatu eben, Lekeitioko Ama Domingotarren Komentuaren fundazinoaren 650. urteurrenaren ospakizun ekitaldien barruan.