Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek aho batez onetsi dabe baso arloko ordezkari bi gonbidetea, pinuen gaixotasunak eragin dauen krisiaren ganean daukien ikuspegia emon daien

Iraunkortasun eta Baliabide Naturaleko Batzordea

Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraunkortasuneko eta Baliabide Naturaleko batzordeak, ordeztuta dagozan Batzarretako sei taldeen aho bateko onespenagaz, eskari bi onetsi ditue, baso arloko ordezkariak bertara etorri daitezan eta herritarren ordezkarien aurrean azalpenak emon daiezan, lurraldeko baso azaleraren zati handi batean eragina daukan banda marroia deritxan gaixotasuna zabaltzearen ondorioz sortu dan krisiaren ganean. Talde guztiak agertu dira Talde Mistoak –Bizkaiko Baso-Jaubeen Alkarteko Zuzendari Nagusiaren agerraldia eskatu dau– eta Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek Baskegur Alkarteko Presidentea eta Gerentea etorteko egin daben eskarien alde.

Arturo Aldecoa Talde Mistoaren bozeroaleak Fernando Azurmendi Bizkaiko Baso-Jaubeen Alkarteko Zuzendari Nagusiaren agerraldia eskatu dau, “banda marroia” deritxan gaixotasuna eragiten dauen onddoa zabaltzearen ondorioz Bizkaiko baso-jaubeek aurre egin behar daben egoerea eta Alkartearen eretxiz beharrezkoak diran neurriak azaltzeko. Foru Gobernua eusten daben talde bien bozeroaleak –Euskal Sozialistak taldeko Marimar Rodríguez eta Euzko Abertzaleak taldeko Jesús Lekerikabeaskoa– Federico Saiz eta Oskar Azkarate Baskegur Alkarteko Presidentea eta Gerentea etorteko eskatu dabe, Bizkaiko Batzar Nagusien aurrean euren ikuspuntua emoteko.

Batzarretako talde guztiak agertu dira eskari bien alde, baina Josean Elgezabal Podemos Bizkaia taldeko ordezkariaren eretxiz, Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako Batzordea bide egokiagoa izango litzateke. EH Bilduko Mikel Kormenzanak iradoki dauenez, “ikerlariak, beste alkarte batzuk, nekazaritzako sindikatuak, eta sektorea ordezten dituen beste eragile batzuk be etorri beharko litzatekez, krisi une honeetan”.

Bisoi europarraren kontserbazinoa Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraunkortasuneko eta Baliabide Naturaleko batzordearen gaur goizeko saioan beste agerraldi eskari bat be onetsi da, Arturo Aldecoa Talde Mistoaren bozeroaleak aurkeztutakoa, bisoi europarraren kontserbazinoagaz erlazionauta. Gonbidapena, desagertzeko espezie hori iberiar penintsula osoan berreskuratzeko behar egiten dauen Life Lutreola Spain proiektuaren kontserbazino ekintzen koordinatzailea dan Asunción Gómezi bideratuko jako. Oraingo honetan, eskaria aldeko lau botogaz –Talde Mistoa, Talde Popularra eta EH Bildu– eta 11 abstentzinogaz –Podemos Bizkaia, Euskal Sozialistak eta Euzko Abertzaleak– onetsi da.

Ez da onartu fracking-aren ganeko proposamena Gaur goizean egin dan Iraunkortasuneko batzordeak ez dau onetsi haustura hidrauliko teknikaren edo fracking-aren bitartez hidrokarburoak eskuratzearen ganeko laugarren ekimena. David Lopategi EH Bildu taldeko bozeroaleak aurkeztu dau, hau proponiduz: Eusko Jaurlaritzak Sociedad de Hidrocarburos de Euskadi SA izenekoari hidrokarburoak ikertzeko emondako baimenak eragin daikezan kalteen aurrean Bizkaiko Batzar Nagusien ardurea agertzea; soziedade horri, Energiaren Euskal Erakundeari eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari eskaria egitea, Bizkaian hidrokarburoak bilatzeari amaierea emon deioen, eta energiaren eraginkortasunari eta energia barriztagarrien bultzadari zuzendutako partidak handitu daiezan; eta 2016ko garagarrilean Batzarretako ia talde guztien adostasunagaz fracking-aren kontra hartutako akordioa berrestea. Arauz Besteko Proposamenak Podemos Bizkaia taldearen aldeko botoak baino ez ditu lortu, Talde Popularra abstenidu egin da eta Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Mistoa kontra agertu dira.

Arturo Aldecoak (Talde Mistoa) bere ezezkoa azaltzeko orduan esan dau hidrokarburoak sintesi kimiko askoren lehengaia dirala, eta erregaietatik harago doazan beste aplikazino askotarako aukerea emoten dabela. Gauza bat ikertzea eta beste bat baliabidea ustiatzea dala be esan dau. Eduardo Andrés (Talde Popularra), energia barriztagarriei lehentasuna emotearen alde agertu da, baina lur azpian dagozan baliabideen ikerketea moztu barik. Josean Elgezabalek (Podemos Bizkaia) esan dauenez, ordezkari politiko gehienak bere egunean fracking-aren kontra agertu baziran, ustezko ikerketa horrek ez dauka ezelango zentzunik. Isabel Cadavalen (Euskal Sozialistak) ustez, Bizkaian eta Autonomia Erkidegoan hartu diran ebazpenek eta Estadu mailan iragarri diran ekimenek fracking-ik bako espazioa bermatzen dabe, eta EH Bilduren proposamena “ohiko teknikakaz egindako azterketarako zundaketen” ganekoa dala gehitu dau. Jesus Lekerikabeaskoak (Euzko Abertzaleak) “giroa nahastu eta arlo horretan dagon adostasunari amaierea emon” gura izana aurpegiratu deutso proposamena aurkeztu dauen taldeari, eta ekimenaren xede diran zundaketak “azterlan geologikoak, eta ez zulaketak” dirala azpimarratu dau.

Elena Unzueta Foru Diputatuaren agerraldia Bozkatzeko egon diran gaietatik aparte, Iraunkortasuneko eta Baliabide Naturaleko batzordeak Elena Unzueta Saileko Foru Diputatuaren agerraldia be jaso dau, David Lopategi EH Bilduko ordezkariak planteautako gai biri erantzuteko.

Lehenengoa, joan dan martiaren 5ean Batzar Nagusiek onetsi eben Arauz Besteko Proposamen bati buruzkoa izan da. Bertan agindua emoten jakon Bizkaiko Foru Aldundiari –Artxandako Biztanleen Plataformak eskatuta– Bilboko udalerriaren barruan dagon mendi horretan ehizako segurtasun gune adierazoteko espedientea tramitetako. Foru Erakundeak Arauz Besteko Proposamen hori aurrera eroateko foru erakundeak gauzatu dituan pausuengaitik galdetu dau Lopategik. Elena Unzuetak esan dauenez, biztanleen alkarteak bialdutako beharrezko eskari formalaren ostean, datorren udabarrian egingo dan Ehizari buruzko hurrengo Lurralde Kontsejuan onetsiko da segurtasun gunea, eta hurrengo ehiza denporaldia hasten danerako Artxandan ehizea debekauta egongo dala bermatu dau.

Iraunkortasuneko eta Baliabide Natural Saileko arduradunari bideratu jakon bigarren erantzun-eskea, joan dan abenduan, Bizkaiko Foru Aldundiaren aginduz, Karrantzako udalerriko errepide batean hainbat espezie autoktono moztu izanaren errazoien ganekoa izan da. Unzuetak azaldu dauenez, ekimena Ekonomia eta Lurralde Garapen Sailak bultzatu eban, bidearen jabari publikora mugatu zan, eta trafikoaren segurtasuna bermatu beharrak bultzatu eban, zugatzak ez jausteko edo errepidean erramarik eta ostrorik ez egoteko.