Aurreko Albisteak

Barakaldoko Miranda Fundazinoaren egoitzako lantaldeko ordezkariek eta bertan dagozan egoiliarren senideek, zentroaren kudeaketea dala eta euren kexak azaldu ditue Batzar Nagusien aurrean

Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarak

Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako Batzordeak, Barakaldoko Miranda Fundazinoak kudeatzen dauen adinekoentzako egoitzako Enpresa Batzordeko ordezkari bat jaso dau, eta baita bertan dagozan egoiliarren senideen bozeroale bat be. Biek, erakunde horren egungo kudeaketearen aurreko kritikak azaldu ditue Batzarretako taldeen aurrean. Euren eretxiz, kudeaketa horrek eragina izan dau lantaldearen lan baldintzetan eta eskeintzan dan arreta mailan.

Jorge Isla Enpresa Batzordeko ordezkariak, bere eretxiz “kaotikoa” dan egoitzaren egoerea salatu dau, berrehun pertsonako lantaldeagaz, bertan dagozan 232 plazei arretea emoteko, horreetako asko menpekotasun maila altuagaz. Batzordeko bozeroaleak “egonezina, angustia, estresa eta ansiedadea” aitatu ditu lantaldeak dituan arazo nagusien artean. Lantaldeak ordutegi aldaketak, zerbitzuen esternalizazinoa, kaleratzeak… jasaten ditu, azken finean zerbitzuaren kalidadean eragina daukan “ilusino galerara” eroan daben beste arazo batzuen artean.

Senideen aldetik, Enrique De la Peñak hainbat gabezia material aitatu ditu, mantentze-lan falta dala eta sapai faltsu bat jausi izana, larrialdietarako sorgailu elektriko bat ez egotea edo telefono linean matxurak gertatzea. Personei eskeintzen jaken arreta desegokia be azpimarratu dau, sendagile bakarra dagolako 200 egoiliarrentzat, arreta faltea gauez, gabeziak elikaduran, higienean eta garbitasunean, beste alderdi batzuen artean. De la Peñak Gizarte Ekintzako Foru Diputatuari bideratu deutsaz bere kritikak, “Bizkaiko Foru Aldundiaren aldetik kontrol zorrotza” eskatuz.

Batzarretako taldeetatik, Arturo Aldecoa Talde Mistoko bozeroaleak “eraikinaren arazoak Fundazinoaren kudeaketeagaz ez nahastea” eskatu dau, kritikea “azken horretan zentrauz”, eta esan dau, bertaratu dan persona batek esandakoa bat aitatuz, “arazoa, behar bada, egoitzak ospitale geriatriko ari garala bilakatzen” dala. Talde popularreko Eduardo Andrésen eretxiz, bertaratutakoek “kontzeptu larregi nahastu ditue, laneko harremanetatik bertan dagozan egoiliarren egoerara”, eta zalantzan jarri ditu salaketak egiteko orduan erabilitako erespideetako batzuk.

Podemos Bizkaia taldetik, Josean Elgezabalek, gizarte laguntzaren arlo horretan “diskurtsoen eta errealidadearen artean dagon aldea” kritikau dau, eta euren eskumenak dirala eta administrazino bat baino gehiago dagola inplikauta onartu dauen arren, esan dau argumentu horrek “baloiak kanporatzen eta Aldundira zuzendutako eskariak saihesten laguntzen dauela”. Euskal Sozialistak taldeko Isabel Cadavalek adierazo dauenez, bere taldeak “zalantza gitxi daukaz, enpresa batzordearen eta egoiliarren senideen ordezkariek emon dituen azalpenak entzun eta gero”, eta esan dau argi eta garbi daukala “lan baldintzen aldeko burrukea lantaldeak emon daikean arreta maileagaz lotuta dagola”. EH Bildu taldearen aldetik, Josu Unanuek kritikau egin dau joan dan abenduan Barakaldoko udaleko Osokoak, beste gauza batzuen artean Miranda Fundazinoko egungo gerentea kanporatzea eskatuz, hartu eban ia aho bateko akordioak Bizkaiko Batzar Nagusietan adostasun maila bera lortu ez izana. Jon Sánchez Euzko Abertzaleak taldeko bozeroaleak, bere aldetik, Eusko Jaurlaritzako Fundazinoen Protektoratuak, Fundazinoaren Patronatuak, Udalak, lan ikuskaritzak, Foru Aldundiak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek eurek dituen erantzukizun maila desbardinak azpimarratu ditu, eta “sensibilidade handiko gai batean”, “entzuten eta zer egin daikegun aztertzen jarraitzeko prestutasuna” iragarri dau.