Aurreko Albisteak

Ogasun eta Finantza Foru Diputatuak mezenasgoari eta irabazi asmorik bako erakundeei emongo jaken zerga tratamentu barriaren proiektua aurkeztu dau

Ekonomia eta Ogasuneko Batzordea

Jose Mª Iruarrizaga Ogasun eta Finantza Foru Diputatua Bizkaiko Batzar Nagusietako jagokon batzordearen aurrera etorri da gaur, irabazi asmorik bako Erakundeen Zerga Araubidearen eta Mezenasgoaren Zerga Pizgarrien Foru Arau Proiektuak aurkezteko, alde batetik, eta Iraunkortasuneko eta Ingurune Naturaleko Sailaren tasak arautzearen ganeko azalpenak emoteko, bestetik. Eneritz de Madariaga Podemos Bizkaia taldeko bozeroaleak eta Arantza Urkaregi EH Bildukoak eskatu dabe Foru Ogasuneko arduradunaren presentzia, proiektu bien eukiaren barri emoteko.

Mezenasgoaren eta irabazi asmorik bako Erakundeen zerga tratamentu barriari jagokonez, Iruarrizagak azaldu dauenez, bere Sailaren helburuak arautegia ikuspegi teknikotik barriztetea, zerga araudia azkenengo urteetan onetsi diran arau barrietara egokitzea, arlo horretako Europako ordenamentura egokitzea, figura bi horreetarako aurreikusten diran zerga pizgarriak eguneratzea eta genero ikuspegia lege testu barrian integretea izan dira. Bizkaiko Foru Ogasuneko arduradunaren eretxiz, Mezenasgoa eta irabazi asmorik bako Erakundeak zerga pizgarrien bitartez sustatzea guztiz justifikauta dago, “hainbat administrazinok parte hartzen daben arloakaz bat datozan jardueratan lankidetza publiko-pribadua dalako”.

Mezenasgoari jagokonez, Foru Diputatuak azpimarratu dau Foru Arauak, babes modalitate horretara zuzendutako pizgarrien onurak eskuratu ahal izatea bilatzen dauela, aldi berean hainbat arlotako finantzaketa pribadua sustatuz: kulturea, euskerea, kirola, gazteria, ondarea, gizarteratzea, garapenerako lankidetzea, bardintasuna eta kultur aniztasuna, gizarte arloko hirugarren sektorea eta zahartzea.

Esku-hartzeko txandatan, Eneritz De Madariagak bultzatu beharreko lehentasunezko jardueren erespideen erregulazinoaren ganeko interesa agertu dau, eta Foru Arau proiektuak arautzen dituan figura bien –irabazi asmorik bako erakundeak eta Mezenasgoa– helburu desbardinaren ganean jarri dau arretea. Arantza Urkaregik, bere aldetik, lehentasunezko jarduerak definiduten dituen erespideen aurreko interesa agertu dau, horreen artean 2020ko Futbol Eurokopea ez sartzearen inguruko galderea egin dau –horren egoitzetako bat Bilbon egongo da–, eta arautegi barrian genero erespideak lantzeko aukerea nabarmendu dau.

Batzarretako ganerako taldeen aldetik, Arturo Aldecoa (Talde Mistoa) erlijinoko erakundeen edo alderdi politikoen esku dagozan fundazinoen kontsiderazino desbardinarengaitik galdetu dau, eta Jane Eyre Urquietak (Euzko Abertzaleak), bere eretxiz gizartearentzat beharrezkoak diran jarduera batzuen legezko erregulazinoa jarri dau balioan. Eduardo Andrés (Talde Popularra) eta Ekain Rico (Euskal Sozialistak), Foru Diputatuak emondako azalpenak eskertzera mugatu dira.

Iraunkortasuneko eta Ingurune Naturaleko Sailaren tasen erregulazinoa Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuneko eta Ingurune Naturaleko Sailaren tasak arautzen dituan Foru Arau Proiektuari jagokonez, José María Iruarrizagak esan dau horreen helburua, zerga horrek guztiak arauzko xedapen bakarrean sistematizetea, erregulazinoan argitasuna eta segurtasun juridikoa handitzea eta zenbatekoak eguneratzea dala, genero ikuspegia sartzeko. Dana dala, Foru Diputatuak esan dauenez, Foru Arauaren eukia “jarraitzailea” da, eta baso arloko zerbitzuen prestazinoaren ganeko tasa bat baino ez zala aurreko arautegian jasoten argitu dau.

Argitu dauenez, tasa horreek ezarteko erespideak (zerbitzu agronomikoen kudeaketa tekniko-fakultatiboarengaitik; abereen osasunaren, ongizatearen eta erregistroaren arloan zerbitzuak eskaintzeagaitik; ehizatzeko lizentzien eta matrikulengaitik eta ehizako arteen prezintuarengaitik; Bizkaiko Foru Aldundiaren esku dagozan kokatutako guneetan ehizatzeko eta arrantzan egiteko baimenak emoteagaitik; kontinenteko arrantzarako lizentzia eta ontzietarako matrikulak emoteagaitik; eta baso arloko zerbitzuak eskaintzeagaitik) Iraunkortasuneko eta Ingurune Naturaleko Sailaren eskumenak dira.

Eneritz De Madariagak, agerraldia eskatu daben talde bietako lehenengoa (Podemos Bizkaia) ordeztuz, bere zalantzak agertu ditu tasa horreen zenbatekoa ezarteko erespideen ganean, ehizako lizentziei jagokenez, batez be. Eta Arantza Urkaregi EH Bilduko bozeroaleak, genero ikuspegia kontuan hartu beharra azpimarratu dau, eta basoko tasei eta baso-jaubeen sektoreari jagokenez, diru-laguntzen eta hondamendi egoeren aurreko beste laguntza batzuen artean egon daiteken bateragarritasunaren ganeko interesa erakutsi dau.

Talde Mistoaren aldetik, Arturo Aldecoak testua idazteko orduan egin diran akats txiki batzuk aitatu ditu, eta Jon Andoni Atutxa Batzordeko Presidenteak, horreek zuzentzeaz Batzar Nagusietako Zerbitzu Teknikoak arduratuko dirala erantzun deutso. Eduardo Andrések (Talde Popularra) esan dauenez, tasen zenbatekoaren ganeko edozein zuzenketa-eske Iraunkortasuneko Sailera bideratuko da, halan danean. Ekain Rico (Euskal Sozialistak), lege testu barria horreek argitzera datorrela esan dau, eta Ainara Aretxabaletak (Euzko Abertzaleak) be antzekoa esan dau, Foru Arau proiektuak “tasa moltso hori eguneratu eta egokitu egiten dauela” zehaztuz.

BBK Fundazinoaren Patronatua Gaur goizean egin dan Bizkaiko Batzar Nagusietako Ekonomia eta Ogasuneko Batzordean, BBK Fundazinoaren Patronatuaren barriztapenaren ganeko informazinoa emoteko EH Bildu taldeak egin dauen erantzun-eskeari be erantzun deutso Iruarrizagak. Arantza Urkaregik, erakunde horren osaketa barriaren ganean Bizkaiko Foru Aldundiak dituan asmoen eta aurreikuspenen ganeko interesa agertu dau. Eta Bizkaiko Batzar Nagusietan ordezkaritzea daukien talde politiko guztien artean ahalik eta adostasun handiena proponidu dau, foru erakundeak Patronatu horretan eukiko dituan ordezkariak izendatzeko.

Bere esku hartzearen hasieran, José María Iruarrizagak “oraindino ez dala erabagi hori hartzeko unea” esan dau, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontsejuak bere unean berak erabagiten dituan izendapenak egingo dituala, Legeagaz eta BBK Fundazinoaren estatutuakaz bat etorrita, kontuan izanda arautegiak beren beregi debekatzen dauela erakunde horren ganeko tutoretza publikoa egoterik. Esan dau, baita be, berak dakienez ez dala Patronatuaren berregituraketarik egongo, baina bai hainbat urtetarako Plan Estrategiko barria, denpora gitxi barru.

Batzarretako taldeen txandan, Arturo Aldecoak (Talde Mistoa) bere zalantzak erakutsi ditu “zeharkako gizarte lana” terminoaren aurrean. EH Bilduko ordezkariak Fundazinoaren jarduteko ildo barri posible moduan aitatu dau, eta Iruarrizagak holangorik ez dauela ezagutzen adierazo dau. Eduardo Andrések (Talde Popularra), Arantza Urkaregik (EH Bildu) Foru diputatuari egindako erantzun-eskearen oinarri faltea kritikau dau. Eneritz De Madariagak (Podemos Bizkaia) esan dau Gizarte Ekonomia ezagutzea eta horregaz loturea izatea erespide gehigarria izan beharko litzatekela foru erakundea Patronatuan ordeztuko daben personak aukeratzeko orduan. Ekain Ricok (Euskal Sozialistak) arauak bete behar dirala esan dau, horreek izendapenen egokitasuna bermatuko dabelako. Eta Jesús Lekerikabeaskoak (Euzko Abertzaleak) azpimarratu dau BBK Fundazinoa irabazi asmorik bako erakunde pribadua dala, eta, hori dala eta, Patronatua osatzeko izendapenak eta bertako gizarte lanak aurrera eroan behar dauen jarduerea, legediak eta estatutuek ezarten eta mugatzen dituela.