Aurreko Albisteak

Bizkaiko Ahaldun Nagusiak berretsi egin dau Batzar Nagusietan Foru Erakundeak Metroa Galdakaora lotzeko daukan konpromisoa

Bizkaiko Batzar Nagusia

Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Metroa Galdakao erdialdeagaz eta Ospitaleagaz lotzeko proiektuagaz Foru Erakundeak daukan konpromisoa berretsi dau gaur goizean, Gernikako Batzarretxean egin dan kontroleko osoko saioaren barruan. Adierazpen hori, Josean Elgezabal Podemos Bizkaiako batzarkideak aurkeztu dauen itaun baten ostean egin dau. Itaunean, proiektua gauzatzeko aurrekontu arloko bermea eskatzen zan.

Batzarretako ekimena, joan dan urtarrilaren 16an Galdakao erdialderako eta ospitale moltsorako tren sarbidea egiteko Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak aurkeztu eben proiektua dala eta aurkeztu zan. Podemoseko batzarkideak “hauteskunde aurreko beste iragarki faltsu bat” ete dan eta Aperribai edo Bengoetxea auzoen mobikortasun beharrei erantzungo eteko deutsen galdetu deutso. Ahaldun Nagusiak erantzun deutsonez, “Bizkaiko Foru Aldundian ez gagoz inoiz hauteskundeetan pentsetan, gobernetan eta erabagiak hartzen baino” eta, azaldu dauenez, “ez da proiektu barria, azkenengo urte bietan iragarten ari garana betetea da, Galdakao Metro bitartez lotzea, eta proiektu barriak aurreko planteamentua nabarmen hobetzen dau”. Esan dauenez, “hartuta eta martxan dagon erabagia da, eta fase bitan gauzatuko da. Beharrak 2012ean hasiko dira”.

Gaur goizean egin dan Kontroleko osokoak beste 14 itaun eta ahozko erantzun-eske jaso ditu, oposizinoko talde guztien aldetik. Horreetatik hainbat Imanol Pradales Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako Foru Diputatuak eta Isabel Sánchez Robles Gizarte Ekintza Saileko arduradunak erantzun ditue.

Podemos Bizkaia taldeko Josean Elgezabalek, Sestaoko La Naval enpresaren iraunerazpenean, enpleguan eta lan baldintzetan Foru Aldundiak izandako inplikazinoaren ganeko ahozko erantzun-eskea aurkeztu dau, Osokoan egon dan beharginen ordezkaritzaren aurrean. Imanol Pradalesek gogoratuazo dauenez, foru erakundearen lehentasuna enpresa enblematiko horretan “jarduereari ahalik eta arinen berrekitea” da, eta proiektuari bideragarritasuna eta egonkortasuna emoteko “derrigorrezkoa” dala inbertitzaileak agertzea esan dau. Baina, adierazo dauenez, horretarako argitasun eta segurtasun juridiko baldintzak emoteak, eta lantalderako EREa akordio barik ixteak eta gatazkea epaiketara eroateak ez dabe ezelango eskaintzarik gauzatzen lagunduko.

Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapen Saileko arduradunak hainbat erantzun-eskeri erantzun behar izan deutse. Alde batetik, Javier Ruiz Talde Popularreko bozeroaleak, San Mamesek Europa mailako final bat jaso ahal izateko neurri politikoen eta saltoki txikiei emon beharreko laguntzaren ganean galdetu deutso eta Onintze Oleaga EH Bilduko batzarkideak Lemoizko zentral nuklearreko lurren inguruko itauna egin deutso. Pradalesek esan dauenez, PP taldeak futboleko Europa mailako finalaren ganean egin dauen proposamena “denporaz kanpokoa” da, eta bat etorri da PPko ordezkariagaz, saltoki txikiek daukiezan gaiztasunen ganean egindako diagnostikoan, horren tonu “apokaliptikoa” baztertu dauen arren. Lemoizko zentral nuklearreko lurrei jagokenez, Aldundiko arduradunak azaldu dauenez, Aldundia udalerriko Udalagaz eta Eusko Jaurlaritzagaz beharrean dabil, baina Administrazinoaren aldetik lurrak itzultzeko prozesua “oraindino amaitu barik dago”. Akuikultura gunea instaletea, zentral nuklearraren proiektu zaharrerako orain arte aurkeztu dan alternatiba bakarra dala esan dau, eta ez dau onartu EH Bilduk, Iberdrolak euskal administrazinoei lurrak itzultzearen inguruan egin dauen salaketea. Salaketa horretan esaten zanez, itzulketa horren ordez leku hori berreskuratzearen arduradunak euskal administrazino horreek izan behar dira.

Gizarte Ekintza Isabel Sánchez Robles Gizarte Ekintza Foru Diputatuak, bere aldetik, bere Sailagaz erlazionautako beste lau erantzun-eskeri eta itauni erantzun deutse. Eneritz De Madariaga Podemos Bizkaiako batzarkideak, zainketa eredu bardintsua lortzeko neurrien ganeko erantzun-eskea planteau dau. Aldundiko arduraduna ados agertu da neurri handian emakumeek egiten daben behar horren inguruan dagozan ikusgaitasun ezagaz eta balorazino falteagaz, baina Zaintzailearen Estatutua, bardintasunerako bidean “pausu sendoa eta erabakigarria” dala erreibindikau dau. Batzarretako talde horretatik bertatik, Josean Elgezabalek Barakaldoko Miranda Fundazinoko erabiltzaileek aurkeztutako kexen inguruan galdetu dau. Foru Diputatuak erantzun deutsonez, foru erakundeak hiru erreklamazino baino ez ditu jaso bere eskumenen arloan.

EH Bilduko Arantza Urkaregik gai biren inguruko itaunak aurkeztu ditu: EAEko Gizarte Zerbitzuen 2016-2019 Plan Estrategikoaren bitarteko ebaluazinoaren, eta zaintzaileek atsedenaldirako daukien eskubidearen ganean. Sánchez Roblesek erantzun deutsanez, lehenengo kasuan, bere Sailaren lehentasuna “personei arretea eskeintzea da, eskaria dinamikoa eta aldakorra dalako, arlo horretan dagozan beharren ganeko proiekzino teorikoetatik kanpo”. Eta bigarren itaunari jagokonez, denpora gitxi barru egingo dan Gobernu Kontseju batean, horretarako foru dekretua onetsiko dala iragarri dau, jagokon aurrekontu partideagaz.

Beste esku-hartze batzuk Gaur goizean Gernikan egin dan Kontroleko Osokoa beste itaun eta erantzun-eske batzuekaz osatu da: Arturo Aldecoa Talde Mistoko bozeroaleak Lorea Bilbao Euskera eta Kulturako Foru Diputatuari Bizkaiko museoetako asko kudeetan dituan Bizkaikoa erakundearen Aholkularitza Kontsejuaren jardueraren ganean egin deutsana; Eduardo Andrés Talde Popularreko batzarkideak Elena Unzueta Iraunkortasun eta Baliabide Naturaleko Foru Diputatuari gune natural babestuetan kirol probak egiteko dagozan arazoen ganean egindakoa; Neskutz Rodríguez Podemoseko batzarkideak Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuari foru arautegiaren irakurketa errazeko bertsinoak egitearen eta argitaratzearen gainean egin deutsana; eta baita EH Bilduko Josu Unanuek Teresa Laespada Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Diputatuari LGTBIQ+ kolektiboko personen eskubideen alde aurrera eroandako ekintzen ganean egindakoa be.

Eguneko gai zerrendan geratzen ziran beste gai biak Miguel Ángel Gómez Viar Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesio Foru Diputatuari egin jakoz. Lehenengoa Jesús Isasi Talde Popularreko batzarkideak egin dau, eta Bizkaibuseko bost emakidadunen berrorekea lortzeko bideratu diran 17,4 milioi euroko partiden kontabilidadeko justifikazinoaren ganekoa izan da. Foru autobus zerbitzuagaz erlazionauta, baita be, Zigor Isuskiza Arana EH Bilduko ordezkariak, Bizkaibuseko lanpostuen amortizazinorik egon ete dan galdetu dau, eta Gómez Viarrek ezetz erantzun deutso.