Aurreko Albisteak

Bizkaiko Batzar Nagusiek, ikusteko gaiztasunak daukiezan personen alkarte baten eta Las Karreras auzoko bide segurtasunaren aldeko plataformaren erreibindikazinoak jaso ditue

Bizkaiko Batzar Nagusia

Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako Batzordeak beste saio bat egin dau gaur goizean. Bertan, Batzarretako taldeek kolektibo biren erreibindikazinoak entzun ditue: alde batetik, Ikusmeneko aniztasun funtzionala daukien personak batzen dituan eta gizarte inklusiboaren eta anitzaren alde behar egiten dauen Aukera Berriak alkartea; eta, bestetik, Abanto-Zierbenako Las Karreras auzotik igarotean izen bereko errepideak eragiten dituan arazoak konpontzeko behar egiten dauen N634 Soluzioa! Plataformea.

Aukera Berriak alkarteko hiru ordezkari izan dira Batzarretan ordezkatuta dagozan talde politikoen aurrean alkarte horrek itsuek edo ikusmen urritasuna daukienenek garraio publikoak erabilteko orduan behar daben irisgarritasuna hobetzeko iradokiten dituan neurriak azaltzearen arduradunak. Hobekuntza horreek Metroan eta Bizkaibus zerbitzuan zentrau dira. Lehenengo kasuan, kexak, egokitutako salmenta makinarik, geltokietan braillez idatzitako seinalerik, eta nasatan ikusteko arazoak daukienei trenak heltzen dirala jakinarazoten dauen megafoniarik ez egotean zentrau dira. Bizkaibusi jagokonez, salatutako gabeziak, markesinetan braillez idatzitako informazinorik eta autobus barruetan megafoniarik ez egotera bideratu dira.

Berba egiteko txandatan, Arturo Aldecoak (Talde Mistoa), erreibindikazino horreetatik askotarako soluzino teknikoak egon badagozala azpimarratu dau; Eduardo Andrések (Talde Popularra) nabarmendu dauenez, ikusmen urritasuna daukien personak ez dira zertan autobus gidarien edo garraio publikoan doazan personen eskuzabaltasunaren zain egon behar; Nuria Atienzak (Podemos Bizkaia) gogoratuazo dauenez, bere taldeak orain urte bi, Aukera Berriak alkarteak aitatu dituan gabezietako batzuk konpontzeko ekimena onestea lortu eban; Marimar Rodríguezek (Euskal Sozialistak) adierazo dauenez, erakunde publikoek holango eskariei erantzuteko beharra daukie, eta Garraio Sailak daborduko horren inguruko erabagiak hartu ditu, Bizkaibuseko geralekuetan denpora gitxi barru instalatuko dan markesina mota barri baten ehun terminal eskuratzea, adibidez; Zigor Isuskizak (EH Bildu) esan dauenez, oso garrantzitsua da esandakoa kontuan izatea une honetatik aurrera martxan jarriko diran garraio publiko azpiegituretan, eta Metro Bilbaoren zuzendaritzea kritikau dau, 2014tik ez dauelako hartu-emonik izan Aukera Berriak alkarteagaz; eta, bukatzeko, Aitor Ibarrak (Euzko Abertzaleak) gizarte inklusiboagaz daukien konpromisoa erreibindikau dau, eta urritasun moeta bat edo beste jasaten daben personen kolektiboakaz berba egiten jarraitzearen alde agertu da.

Arriskua N634 errepidean Las Karrerasetik igarotean Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako Batzordearen eguneko gai zerrendea, “N634 Soluzioa!” plataformako hiru kideren esku-hartzeagaz osatu da. Herritar talde hori 2018ko irailean sortu zan Abanto-Zierbenako Las Karreras auzoan, udalerria zeharkatzen eta bitan zatitzen dauen ibilgailu pribaduen eta tona handiko kamioien trafiko handiak eragiten dituan istripu kopuru handiari eta osasunerako eta segurtasunerako arriskuei bukaerea emoteko.

Plataformaren bozeroaleek, orain arte Las Karreras inguruan izandako istripu ugarietan zenbatu diran 13 hildakoak azpimarratu ditue. Izan be, egunean 16.000 ibilgailu igaroten dira bertatik, horietatik 900 astunak, eta, ganera, 75 dezibelioetara heltzen dan zaratea sortzen dabe. Petronorren birfindegia eta hainbat industrialde, harrobi bat eta Portua inguruetan egotea eta, ganera, errepidez Kantabriagaz lotzeko bidea gertu izatea dagoz arazoaren jatorrian. Horrez gain, azpimarratu behar da azken 40 urteetan auzoa 300 biztanle izatetik 2.000 biztanle izatera pasau dan arren, errepideak ez dauela aldaketa nabarmenik jaso. “N634 Soluzioa!” plataformaren eretxiz, saihesbidea eregi behar da, baina onartzen dau holangorik egin arte beharrezkoa dala epe laburrean indarrean jarri beharreko soluzino aringarriak erabagitea.

Talde Mistotik, Arturo Aldecoak Aldundiko Garraio Saileko ordezkariakaz egingo dan bilerara arte itxoiteko eskatu deutse plataformako ordezkariei, ondorio barriak Batzarretako taldeei helduazo ahal izateko. Talde Popularreko Eduardo Andrések autortu dauenez, une honetan saihesbide hori ez dago aurreikusita Bizkaiko Foru Aldundiko aurrekontuetan, eta Garraio Saileko ordezkariakaz egingo dan bileraren emaitzaren zain egotea eskatu dau. Podemos Bizkaia taldetik, Nuria Atienzak trafikoa baretzeko azterlana eta Autobiagaz loturea ezarriko dauen bide alternatiboa prestetea proponidu dau. Josu Montalbanek, Euskal Sozialistak taldearen izenean, arazoa Batzar Nagusietako Batzorde honetara ekartea “ez dala alperrekoa izango” adierazo dau, eta Foru Aldundiak konponbidea bilatuko dauela ziurtatu dau. EH Bilduko Zigor Isuskizak, gai horretan agertzen diran alderdien eta eskumenen konplexutasuna jarri dau mahai gainean, eta saihesbidea eregiteko lehenengo aurrekontua daborduko egon badagola esan dau, 100 milioi euroko aurrekontuagaz. Irene Edesa Euzko Abertzaleak taldeko bozeroaleak, bere aldetik, proponidutako konponbideetako batzuk Aldundiaren eskumenetatik kanpo geratzen dirala esan dau, baina prest agertu da “eskaerea jasoteko eta bere eboluzinoaren jarraipena egiteko”, konponbide egokia lortu arte.