Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dabe onetsi 2013ko ekitaldiko Lurraldeko Kontu Orokorra fiskalizetako EH Bilduk egin dauen eskaria
Bizkaiko Batzar Nagusietako Ekonomia eta Ogasuneko Batzordeak ez dau onetsi gaur goizean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiko kideren bat Batzordera etorteko EH Bilduk egindako agerraldi eskaria, erakunde horrek 2013ko ekitaldiari jagokon Bizkaiko Lurralde Historikoko Kontu Orokorraren ganean argitaratu dauen Fiskalizazino Txostenaren ganeko azalpenak emon daizan. Eskariak aldeko sei boto izan ditu (proposamena aurkeztu dauen taldearena, Podemos Bizkaiarena eta Talde Popularrarena) eta kontrako bederatzi (Foru Gobernua eusten daben taldeena, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak), Talde Mistoko ordezkari bakarra ez dalako bertan egon.
Arantza Urkaregi EH Bilduko bozeroaleak, urtarrilean eta urrian Bizkaiko Batzar Nagusietako Mahaiari egindako bi eskaritan oinarritu dau oraingo eskaria. Eskari horreetan, 2012. eta 2013. ekitaldietako Foru erakundearen aurrekontuen gauzatzearen ganeko txostena eskatzen jakon Herri Kontuen Euskal Epaitegiari. Urkaregik zehaztu dauenez, eskatutako informazinoa Foru Aldundiko webgunean dago argitaratuta, baina ez jentearen esku. Ekain Rico Euskal Sozialistak taldeko batzordekideak adierazo dauenez, bere taldearen kontrako botoa, aurreko legealdiko dokumentua dalako izan da, une honetan ez dagolako tramitazinoan, eta Unai Lerma Euzko Abertzaleak taldeko kideak, “ez deutsagu eskariari esanahirik ikusten, eta uste dogu ez dala horretarako une egokia, 2013ko kontuak barriro aztertzeak zelanbaiteko nahasketea eragingo leukelako”, esan dau.
Ogasun eta Finantzetako foru diputatuaren agerraldia Bozketa horrez gain, gaur goizean egin dan Batzordeak Jose Mª Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako Foru Diputatuak Ekonomia eta Ogasuneko batzordean egin dauen agerraldia jaso dau. Bilboko Batzar Nagusietako egoitzara etorri da Ondasun Higiezinen Zergea (OHZ) aldatu behar dauen Foru Arau Proiektua azaltzeko eta EH Bilduk 2016ko foru aurrekontuaren gauzatzearen ganean egindako eskariari erantzuteko.
Lehenengo puntuari jagokonez, Iruarrizagak azaldu dau OHZ 2016an aldatu zala, 25 urte baino gehiagoko indarraldiaren ostean. Hori dala eta, katastroa eguneratu behar izan zan, eta horrek uri eta landa inguruetako 1,7 milioi jabetzatan izan dau eragina. Eginkizun konplexu hori bukatu ostean, orain EBOH-BICE izenekoen (Ezaugarri Bereziko Ondasun Higiezinak, portu komertzialak, aireportuak edo energia sortzeko zentralak, besteak beste) balio katastrala zehazteko ordua da. Iruarrizagak zehaztu dauenez, Udal bakotxak 2019an onetsiko dau kasu bakotxean erabagiko dauen zerga tasea, Foru Aldundiak %2,2aren eta %0,8aren artean ezarriko dauen tartearen barruan. Ogasun Saileko arduradunak jakinarazo dauenez, okupau barik dagozan etxebizitza erabilerako ondasun higiezinen gainkargan salbuespena sartu da gizarte izaerako etxebizitza publikoko planetara zuzentzen diranetan.
EH Bilduk egin dauen agerraldi eskariari jagokonez, Arantza Urkaregi bozeroaleak azaldu dauenez, bere taldearen eretxiz beharrezkoak dira Ogasun eta Finantzetako Foru Diputatuaren azalpenak, orain denpora gitxi, Herri Kontuen Euskal Epaitegiko ordezkari batek 2016ko ekitaldiari jagokon Bizkaiko Lurralde Historikoko Kontu Orokorraren ganean egin dauen agerraldiaren ostean.
José María Iruarrizagak, 2016ari jagokon foru aurrekontuaren magnitude ekonomiko nagusien laburpena egin dau, foru erakundeari jagokon kudeaketaren aurrekontuan gizarte izaerako gastuak daukan garrantzia azpimarratuz, izan be, Lurraldeko Kontu Orokorraren %80, Euskadiko Autonomia Erkidegoaren aurrekontuari egiten jakon ekarpenera, Udalen finantzaketara, Estaduari pagetan jakon kupoan Bizkaiari jagokon partera eta Batzar Nagusien euren finantzaketara bideratzen da.
Batzarretako taldeei jagokenez, Arantza Urkaregik, EH Bilduren izenean, bere eretxiz, Bizkaiari jagokozan Bizkaiko kontuak argi dagozala azaldu dau, baina esan dau harrigarria dala aurrekontuaren parte bat gauzatu barik geratu izana, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Kontuen Epaitegiaren artean azkenengo urteetan emon diran desbardintasunak azpimarratu ditu. Talde Popularreko Eduardo Andrések, bere aldetik, aurrekontuaren parte bat bete ez izana Sail bakotxak erantzun beharreko kontua dala esan dau, eta epaitegiak adierazo dituan alegazinoak eta desadostasunak daborduko “klasikoak” dirala esan dau. Podemos Bizkaia taldeko Eneritz De Madariagak, lurraldeko kirol erakundeek diru-laguntzak justifiketako dokumentazinorik aurkeztu ez izana azpimarratu dau, eta baita Foru Aldundiko behargin batzuei erretiretako emon jakezan primak be.
Ekain Rico Euskal Sozialistak taldeko bozeroaleak azpimarratu dauenez, Kontuen Epaitegiko txostenak, Aldundiaren kontuek legeari eta ekonomia eta finantza egokitasunari jagokozan estandar guztiak beteten dituela erakusten dau. Eta Unai Lerma Euzko Abertzaleak taldeko bozeroaleak, 2016koa, epaitegi fiskalizatzailearen ezelango salbuespenik jaso ez dauen Bizkaiko Lurralde Historikoko lehenengo Kontu Orokorra izan dala azpimarratu dau, eta aurrekontu egonkortasun egoerea eta ekonomia eta finantza jasangarritasuna goraipatu ditu. Bere berbaldian, Ogasuneko Foru Diputatuak barriro esan dau Epaitegiaren alegazinoak kontabilidadeko erespidearen ganeko aldeak baino ez dirala, eta 2016ko foru kontuen ganeko txostena “guztiz garbia eta gardena” dala esan dau.