Aho batez onetsi da Ezkerraldeko eta Meatzaldeko Talka Planean genero ikuspegia jasotearen inguruko mozinoa

Gaur goizean Gernikako Batzarretxean alkartu dan Bizkaiko Batzar Nagusietako Osokoak kontrako boto barik onetsi ditu bertako eguneko gai zerrendan jasotako ekimenetako bi: alde batetik, Batzarretako EH Bildu taldearen mozino bat, Ezkerraldeko eta Meatzaldeko eskualdeen garapenerako Talka Planeko jarduketetan genero ikuspegia sartzeko; eta bestetik, estaduko legedia energia ekoizpenaren balioaren ganeko zergara eroaten dauen Foru Dekretu Arauemoilea. Osokoan eragina izan dau goizeko lehenengo orduetan izan dan eurite handiak, eta beranduago hasi behar izan da, Gernikara ailegetako arazoak egozalako, Muxikatik igarotean errepidean ur baltsa handi bat egoalako.
María Jesus Padrones EH Bilduko batzarkidea izan da Osokoaren aurrean mozino bat aurkeztu dauena, Bizkaiko Batzar Nagusiek agindeia egin deioen Aldundiari, enpleguagaz erlazionauta arazo gehien dituen eskualdeetako biko, Ezkerraldeko eta Meatzaldeko, Talka Planeko jarduketek generoari jagokonez daukien eragina ebaluau daian. Horrez gain, ekimenean eskaria egiten da, Lanbide Heziketarako aukeraketa prozesuak eta programak egokitu daiezan, sexuak ezarritako rolak eta estereotipoak gainditzeko, eta baita Administrazinoak bultzatzen dituan lanpostuetan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua dagola bermatzera zuzendutako neurriak ezarteko be.
Mozinoa, aho batez onetsi dabe bertan egon diran 46 batzarkideek. Arturo Aldecoa Talde Mistoko ordezkariaren eretxiz, “tresna erabilgarria” da. Jesús Isasi Bizkaiko Talde Popularreko bozeroaleak, hasiera batean, mozinoaren parte bat gaur egun beteten dala eta abstenidu egingo dala esan dau. Dana dala, azkenean, talde horretako hiru kideek aldeko botoa emon dabe. Neskutz Rodríguez, Podemos Bizkaiaren izenean, mozinoaren alde agertu da, eta udalerri bakotxean bardintasunaren aldeko jarduketak planifiketan lagunduko dauela esan dau. Euskal Sozialistak taldearen izenean, Josu Montalban be mozinoaren alde agertu da, Foru Aldundiak mozinoak planteetan dituan ardurak daborduko konpartiduten dituala esanez. Euzko Abertzaleak taldeko Irene Edesak, bere taldeak ekimenaren funtsa konpartiduten dauela esan dau, baina nabarmendu dauenez, Bizkaiko Foru Aldundia “bardintasunagaz konprometiduta dau, eta urteak daroaz arlo horretan beharrean”.
Gaur goizean Bizkaiko Batzar Nagusietako Osokoak onetsi dauen bigarren ekimena Ogasun eta Finantza Saileko Foru Dekretu Arauemoile baten ganekoa izan da. Horren bitartez, 2018 eta 2019ko ekitaldietako energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren ganeko zergari jagokozan zerga-oinarria eta ordainketa zatikatuen zenbatekoa zehazteko erregela bereziak ezarten dira. José María Iruarrizaga Foru Diputatuak azaldu dauenez, Estaduak une bakotxean ezarten dituan arau berberak jarraitzen dituan zerga kontzertaua da, eta aldaketak jaso ditu, orain denpora gitxi energiaren trantsizinorako eta kontsumitzaileen babeserako preminazko neurriei buruzko Errege Dekretu-Lege bat onetsi eta gero.
Gai hori eguneko gai zerrendako lehenengo puntuan landu danez, une horretan Batzarretan 37 batzarkide baino ez egozan. Puntuak aldeko 27 boto (Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak, Talde Popularra eta Talde Mistoa) eta 10 abstentzino (EH Bildu eta Podemos Bizkaia) jaso ditu.
Mendien eta Metroaren 4. eta 5. lineen ganeko Foru Arau Proposamena Beste alde batetik, gaurko Osokoak ez dau onetsi Mikel Kormenzanak, EH Bilduren izenean, Bizkaiko Mendien ganean aurkeztu dauen Foru Arau Proposamena. Batzarkideak azaldu dauenez, bere taldea, espezieen aniztasunaren, ustiapenen errentagarritasunaren eta egurraren sektorea indartzearen eta garatzearen aldeko apustua egiten daben ekoizpen ereduetarako bidea egitearen alde dago. Talde gehienek esan dabe ez dala holango proposamen bat komeni legealdiaren bukaeran, eta ez dagola adostasunik ikututako sektorearen gehiengoagaz, eta proposamenak Podemos Bizkaia taldearen aldeko botoak baino ez ditu lortu. Hori dala eta, aldeko 14 boto eta kontrako 30 lortu ditu.
Jesús Isasi Talde Popularreko batzarkideak, Metro Bilbaoren 4. (Rekalde-Moyua) eta 5. (Etxebarri-Usansolo) lineen azterlanen inguruan aurkeztu dauen mozino proposamenak be ez ditu behar besteko boto lortu. 2019an ibilpide horreek martxan jarteko partida izenduna eukiko dauen aurrekontu erreserba egitea proponidu dau Isasik. Mozinoak, Zigor Isuskiza batzarkideak aurkeztutako osoko zuzenketa-eskea jaso dau, horren barruan, gune bietako gizarte arloko eragileen aldetik partaidetzan oinarritutako prozesua sartzea eskatuz. Zuzenketa-eskea ez da onartu, eta mozinoa ez da onetsi, Talde Popularreko hiru batzarkideen aldeko botoakaz, Talde Mistoaren, Podemos Bizkaiaren eta EH Bilduren 15 abstentzinoakaz eta Foru Gobernua eusten daben talde bien kontrako 28 botoakaz.
Herritarren partaidetzea eta Espainiako Erregeak daukan ‘Bizkaiko Jaun’ titulua kentzea Eneritz De Madariaga Podemos Bizkaia taldeko batzarkideak, Bizkaiko Lurralde Historikoko Aurrekontu orokorrak egiteko eta horreen ganeko informazinoa emoteko orduan herritarren partaidetzea bermatzeko neurrien ganean aurkeztu dauen mozinoa be ez da onetsi. De Madariagak, Foru Aldundiari hainbat neurri hartzeko agindua emotea proponidu dau, irakurketa errazeko bertsino bat prestetea aurrekontuak hobeto ulertu ahal izateko, informazino kanpaina baten bitartez ezagutuazotea, herritarren partaidetzarako prozesua diseinetea, edo urtero aurrekontuaren ehuneko jakin bat proposamen horreek gauzatzera bideratzea, beste batzuen artean. Proposamena aurkeztu dauen taldeagaz batera, Talde Mistoak eta EH Bilduk aldeko botoa emon dabe, 15 boto guztira; Talde Popularreko hiru batzarkideak abstenidu egin dira; eta Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeetako 28 ordezkariek kontrako botoa emon dabe.
Osokoa, EH Bildu taldeak, Espainiako Erregeak daukan “Bizkaiko Jaun” titulua kentzeko aurkeztu dauen Arauz Besteko Proposamenaren eztabaidegaz eta bozketeagaz bukatu da. Ekimena Josu Unanue bozeroaleak defendidu dau, eta eztabaida historiko bizia eragin dau. Bertan, Talde Mistoko Arturo Aldecoak, Talde Popularreko Javier Ruizek, Podemos Bizkaia taldeko José Ángel Elgezabalek, Euskal Sozialistak taldeko Juan Oterminek eta Euzko Abertzaleak taldeko Jon Andoni Atutxak hartu dabe parte. Proposamenak aldeko 14 boto baino ez ditu jaso, proposamena aurkeztu dauen taldearenak eta Podemosenak. Gainerako taldeek, Talde Mistoak, Talde Popularrak eta Euskal Sozialistak eta Euzko Abertzaleak taldeek kontrako botoa emon dabe. Dana dala, monarkiaren erakundearen inguruko eztabaidan oso jarrera desbardinak erakutsi ditue.