Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoak, Maider Santos eta Ane Zelaia margolarien artelanak dituan ESO erakusketea aurkeztu dau
Bizkaiko Batzar Nagusiek beste erakusketa bat zabalduko dabe Bilboko egoitzan. ESO arte erakusketea, EHU/UPVko Arte Ederren Fakultadetik datozan euskal pinturako talentu gazteen alde egiten dan apustuaren beste adibide bat da. Leioako fakultadeagaz dagon lankidetza estuaren froga moduan, oraingo honetan, Erakusketa Aretoak artista gazte biren artelanak erakutsiko ditu: Maider Santos eta Ane Zelaia. Erakusketea medioen aurrean aurkezteko ekitaldian Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea egon da. Presidenteak honela aurkeztu ditu bi artistak: "Nirentzat atsegingarria da sortzaile barriei lehen aukera hau emotea". "Oraingoan, atsegin hori are handiagoa dot lehenengo erakusketa emakume gazte bik egiten dabelako; eta talentu handiko emakumeak ei dira", azaldu dau Otaduik.
Erakusketak 20 artelan jasoten ditu, Ane Zelaiaren 12 eta Maider Santosen 8. Gehienak –17– orio pinturak dira, hainbat euskarritan (kartoia, taula edo papera). Maider Santosen lanari buruz azpimarratu behar da, Joseba Eskubi erakusketaren komisarioaren berbetan, “geruzen araberako hazkundea eta esnezko tonuak bata bestearen ganean jarten dituala, dana belauta dagola emoten dau, formen marrazkia ezabatu egiten dauen lanbro horren ostean”. Ane Zelaiaren pinturan, “formak ikaratu egiten dira tonu elektrikoen ekatxaren azpian, eta emoten dau danak dardara arraroa daukala”, esan dau Eskubik.
Artisten beharra, ikusle bakotxak euren lanen ganean egin daikean interpretazino librean zentretan da. Batak be ez deutse izenik jarten euren artelanei, eta hortik sortzen da erakusketaren izenburua. “Ez genduan ikusleen begirada librea baldintzatuko leuken ezer jarri gura”, esan dabe biek. “ESO berbea aukeratu gendun erakusketarako; sinplea da, inpersonala, leku bati buruzko aitamena egiten dau eta iradokigarria da, joateko gonbitea luzatzen deutsu”, azaldu dau Ane Zelaiak. Artelanek bien arteko aldeak erakusten ditue, baina baita batak bestearengan daukan eragina be. “Biok oso presente genduan zeruertzaren lerroa, eta joko handia emon deutsagu erakusketea muntetako”, esan dau Maider Santosek.
Maider Santos Santos Arte Ederretan graduau zan Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU/UPV) 2018an. Urte berean, Segoviako Quitanar Jauregiak Paisajearen Pintore Pentsionatu ikastarorako aukeratu eban. Ane Zelaia be Arte Ederretan graduaua da Granadako Unibersidadean (2018). Orain denpora gitxi 2019ko pintura m4ster erakusketan hartu dau parte Iruñeko Civivox Iturraman. Une honetan, biak, Pintura Masterra egiten ari dira Euskal Herriko Unibertsitatean.
Beste urte batez, Bizkaiko Batzar Nagusiek eutsi egiten deutse gure Lurralde Historikoan prestetan diran artisten beharra gizartera gerturatzeko lekua eskaintzeko apustuari, uriaren erdialdean. ESO erakusketea asmo handiko helburu horren beste adibide bat da. Erakusketea Bizkaiko Batzar Nagusietako erakusketa aretoan dago zabalik (Hurtado de Amezaga kalea, 6 – beheko solairua, Bilbo) zezeilaren bukaerara arte, 08:00etatik 20:00etara, astelehenetik barikura, sarrera libreagaz.