Aurreko Albisteak

Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dabe onartu Barakaldoko Gorostiza eskolea ondare elementu moduan babesteko neurri berezirik hartzea

Euskera eta Kultura Batzordea

Bizkaiko Batzar Nagusietako Euskera eta Kultura Batzordeak ez dau onartu gaur goizean, Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Popularra taldeen kontrako botoakaz, EH Bilduk aurkeztutako Arauz Besteko Proposamen bat, barriztatze lanak jasoko dituan Barakaldoko Juan Ignacio Gorostiza eskolako eraikin historikoa babesteko. Ekimenak Podemos Bizkaia taldearen eta Talde Mistoko ordezkariaren aldeko botoak jaso ditu, 6 guztira, ganerako talde politikoen kontrako 10 botoen aurrean.

Meritxell Elgezabal EH Bilduko batzordekideak defendidu dauen proposamenaren jatorria, Barakaldoko Udaleko Osokoak ondare elementu moduan eraikinaren babesa modu parzialean kentzean oinarritu da. Erabagi hori joan dan urriaren 25ean hartu zan, ikastetxea handitzeko helburuz. Elgezabalek, 1921ean eregi zan eraikinaren balio historikoa, arkitektonikoa eta ondarekoa defendidu beharra aitatu dau behin eta barriro, Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako teknikariek hori erakusten dabelako. Arauz Besteko Proposamenak, obrak geratzeko bere eskuetan dituan jarduketa guztiak martxan jarteko eskatzen eutsan Foru Aldundiari, eta, horrez gain Eusko Jaurlaritzari, eraikin historikoa kultur ondare babestu izendatzeko espedientea hasteko.

Arturo Aldecoa Talde Mistoaren ordezkaria proposamenaren alde agertu da, higiezinaren berezitasuna eta aurreikusitako lanek haren estrukturan izango daben eragin handia aitatuz. Podemoseko Jose Angel Elgezabal be EH Bilduren ekimenaren alde agertu da, barriztatze lanen kontrako txosten teknikoak dagozala eta ondare arloan eskumenak dituen erakunde guztien artean akordioak lortu behar dirala esanez.

Talde Popularreko Eduardo Andrés kontra agertu da, aitatutako txosten horreek ez dirala lotesleak eta Bizkaiko Foru Aldundiak kasu honetan ez daukala ezelango eskumenik esanez. Marimar Rodríguez Euskal Sozialistak taldeko bozeroaleari jagokonez, gauza bera esan dau, eraikina ez dagola Eusko Jaurlaritzako kultur ondasunen erregistroan ezta ondare elementuen inbentario orokorrean esanez, eta, beraz, bere eskumen osoa Udalarena dala, eta bertako erakundeak bere sailkapenaren aldaketa parziala erabagi dauela, hezkuntzarako behar batean oinarrituta. Euzko Abertzaleak taldearen aldetik, Alfredo Oleak antzeko zer edo zer esan dau, eta tokiko autonomia printzipioaren defentsea eta Udalen eskumenei zor jaken errespetua jarri ditu balioan.

15 museotako arduradunen agerraldi eskaria Bizkaiko Batzar Nagusietako Euskera eta Kultura Batzordearen saioa, Arturo Aldecoa Talde Mistoaren ordezkariak egin dauen proposamen bategaz osatu da. Proposamen horretan, Bizkaiko 15 museotako beste horrenbeste zuzendari edo arduradun Batzordearen aurrera etortea eskatzen zan, “eurek zuzentzen dituen museoen arazoak eta beharrak azaltzeko, Aldundiagaz daukien lankidetzea hobetzeko”. Foru Aldundiak zelanbaiteko parte hartzea daukan museo txikiak eta ertainak dira. Horreen artean dagoz Simon Bolivar Museoa, Balmasedakoa, Balendin Berriotxoari eskainitakoa, Torre Loizagakoa, Rialia, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa, Gernikako Bakearen Museoa, Durangoko Arte eta Historia Museoa, Medikuntzaren eta Zientzien Historiaren Euskal Museoa, Bilboko Zezen Museoa, Goaz Museuma, Orozkoko Museoa, Euskal Herriko Meatzaritzarena, Bilboko Aste Santuko Pausoena eta Arte Sakratuko Elizbarrutiko Museoa. Proposamenak ez dau aurrera egin, aldeko 5 boto, abstentzino bi eta kontrako 9 boto izan ditualako.

Talde Popularreko Eduardo Andrés alde agertu da. EH Bilduko Meritxell Elgezabalen eretxiz be egokia da museoetako arduradunak Batzordearen aurrera etortea, baina bere zalantzak erakutsi ditu, presentzia eskatzeko aukeratu dan eguna dala eta. Podemos Bizkaia taldeko José Ángel Elgezabalek bere taldea abstenidu egingo dala iragarri dau, bere eretxiz eskari horrek ez daukalako lehentasunik legealdiaren une honetan, “ez dogu begi txarrez ikusten” adierazo arren. Proposamenak, barriz, Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernua eusten daben talde bien kontrako jarrerea jaso dau. Euskal Sozialistak taldeko Marimar Rodríguezek esan dauenez, proposamena “garrantzitsua da, baina ez lehentasunezkoa”, eta kudeaketeari jagokonez museoak oso heterogeneoak dirala gogoratuazo dau. Euzko Abertzaleak taldeko Celia Gómezek azaldu dauenez, museoen arduradunen agerraldiak “helburu orokorregia dauka, ez deutso zergaiti edo behar jakin bati erantzuten, eta eskatzen dan informazinoak badauka daborduko bere kanala, hori eskuratu gura dauenarentzat”.