Aurreko Albisteak

Bizkaiko Batzar Nagusiek Alonsotegiko trafiko arauei konponbidea emoteko azterlana osatzeko eskatu deutsie Aldundiari

Ekonomia eta Lurralde Garapeneko Batzordea

Bizkaiko Batzar Nagusietako Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako Batzordeak Arauz Besteko Proposamena onetsi dau gaur goizean, “Bl-3651 errepidean trafikoa baretzeko azterlan bat egitea” eskatzeko Aldundiari, “Alonsotegiko Udalagaz lankidetzan, eta bertan proponiduten diran jarduketak gauzatzeko”. Ekimena, Podemos Bizkaia taldeak aurkeztutako ekimenetik sortu da, ondoren Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen zuzenketa-eskea jaso dauen arren, eta EH Bildu eta Talde Popularra be alde agertu dira. Hori dala eta, bertaratu diran 15 batzordekideek aho batez onetsi dabe, Talde Mistoko ordezkaria ez dalako bertan egon. Nuria Atienza Podemos Bizkaia taldeko bozeroaleak bere ekimenaren errazoiak aitatzean, ibilgailu askok, Bl-3651 errepidetik Alonsotegi zeharkatzean daroen abiadura handiak eragiten dauen arriskua eta zoladuraren egoera txarrak eragindako zaratea aitatu ditu. Isabel Cadaval sozialistak eta Aitor Ibarra jeltzaleak adierazo dabenez, negoziazinoak martxan dagoz udalerriko Udalaren eta Foru Aldundiaren artean, arazoa aztertzeko. Hortik sortu da jatorrizko testuaren aurrean aurkeztu dan zuzenketa-eskea. Jesús Isasi bozeroale popularrak proposamenagaz ados dagola esan dau, Zigor Isuskiza EH Bilduko ordezkariak bezela. Azken horrek aitatu dauenez, komenigarria izango litzateke proponidutako azterlana baliatzea Arbuio auzoagaz oinezko lotune segurua eregiteko. Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidea eta Bolintxun izango dauen eragina Preminazko prozeduraz tramitau dan eta Eh Bildu eta Podemos taldeek batera aurkeztu daben Arauz Besteko beste Proposamen batek, hori be errepideko azpiegitura bati buruzkoa, ez ditu onesteko beharrezkoak ziran botoak jaso. Oraingo honetan landu dan puntua Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidearen 1B fasea izan da. Lan horreek denpora gitxi barru hasiko dira, eta eragina eukiko dabe Bilboko udalerrian bioaniztasun handiena daukan gunean, Bolintxuko Haranean, hain zuzen be. Nuria Atienzak (Podemos Bizkaia) eta Onintze Oleagak (EH Bildu) esan dabenez, “Supersur” izenekoaren kontra dagoz, errepide horren erabileraren ganean egozan aurreikuspenak ez diralako bete eta, euren eretxiz proiektuak ez daukalako justifikazinorik, gizarte, ekonomia eta ingurumen arloei begiratuta. Alderantziz, Euskal Sozialistak (Isabel Cadaval) eta Euzko Abertzaleak (Irene Edesa) taldeetako bozeroaleen eretxiz, Bizkaiko mobikortasun arazoak konpontzeko proiektu integrala da, Bizkaiko Batzar Nagusietan askotan eztabaidatu dana, eta Bolintxu ingurunearen ganeko ingurumen eragineko adierazpena zorroztasun osoz errespetauko dala azpimarratu dabe. Oposizinotik, Jesús Isasi Popularra gobernu taldearen tesien alde agertu da oraingo honetan, esanez “tarte hori bukatzen ez bada, Hegoaldeko Saihesbidea ez dala errentagarria izango”. Bozketan, proposamena ez da onartu, kontrako 10 boto eta aldeko 5 izan ditualako. Euskalduna Zubiaren arazoak eta konponbide teknikoa Bizkaiko Batzar Nagusietako Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako Batzordearen gaur goizeko saioa Foru Aldundiko teknikari kualifikau biren agerraldiagaz osatu da, Carlos Estefanía Errepide Sarearen Kudeaketarako Zuzendaria eta Felipe Cobo Kontserbazino Zerbitzu Burua. Aditu biak Jesús Isasi Talde Popularreko bozeroalearen eskariz etorri dira Batzarretara, 2018ko bagilaren 28an izan ziran eta bide-zubia aldi baterako ixtera behartu eben gertakariak dirala eta. Estefaníak eta Cobok zubiaren ganeko ondo dokumentautako txostena aurkeztu dabe. Txosten horretan, 1992tik gaur egunera bitarteko kronologia osoa jaso da, zubiaren sorkuntza, eregitea, konponketak eta gertakizunak. 1995ean eregitako bide azpiegiturea da, eta ondo bereiztutako hiru parte ditu: zubia bera, zubia eusten dauen hormigoizko estribua, eta gehitu jakon sarbiderako arrapalea. Errazoi tekniko konplexuak dirala eta, eregitearen eredu teorikoak ez eutsela benetako baldintzei erantzun eta 1999tik aurrera osatu egin behar izan zala argitu ostean, Bizkaiko Foru Aldundiko teknikari biek argitu dabe bagilaren 28ko gertakaria zubiaren estrukturako elementu baten apurtzeak eragin ebala –hori dala eta Foru erakundea izan da konponketeaz arduratu dana–, baina personen eta ibilgailuen segurtasuna edo bide-zubiaren integridadea bera, ez dirala inoiz arriskuan egon nabarmendu dabe. Batzarretako taldeetatik, emondako azalpen tekniko zorrotzak eskertu dira, eta bozeroale guztiek zubiaren estrukturan izandako eragina aitatu dabe. Arazo horrek Foru Aldundia behartzen dau konponketa eta egokitzapen lanak egitera, 2010ean zubia Udalari pasetako hitzarmena sinatu zalako, eta azken hori dalako zubiaren mantentze-lanen gastuak bere gain hartzen dituana.