Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek, Loiuko aireko espazioan saien presentziarengaitik sortutako arriskuen prebentzinorako ekimena onetsi dabe

Iraunkortasuneko eta Baliabide Naturaleko Batzorde

Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraunkortasuneko eta Baliabide Naturaleko Batzordeak, Podemos Bizkaia taldearen abstentzinoagaz eta Batzarretan ordezkaritzea daukien beste bost taldeen aldeko botoakaz, saien presentziak Loiuko aireportuaren inguruan eragiten dituan arriskuen inguruko Arauz Besteko Proposamen bat onetsi dau. Ebazpenak, azterlanak egitea eta eskumenak daukiezan erakunde guztien artean lankidetza bultzatzea eskatzen dau, biztanleen segurtasuna bermatzeko, holango hegaztien presentziak aireko nabigazinorako daukan arriskuaren aurrean.

Proposamenak lortu dauen adostasun zabala, aurretik Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernua eusten daben Batzarretako talde bien (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak) eta oposizinoko indar nagusia dan EH Bilduren artean adostu dan zuzenketa-eske transakzionalaren emaitzea izan da. Izan be, bakotxak proposamen desbardin bat aurkeztu dau aurretik, saiek Bizkaiko aireportuan lurreratzen diran edo bertatik urtetan daben hegazkinen kontra jo ostean sortutako hainbat gertakari dirala eta igaz sortu zan alarmeagaz erlazionauta.

Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak, EH Bildu, Alderdi Popularra eta Talde Mistoaren aldeko 13 botoakaz onetsi dan Arauz Besteko Proposamenak, eskumenak dituen ganerako erakundeakaz batera, Loiu inguruan hegazti harrapakari handi horreen mobimenduen azterketea egiteko eskatzen deutso aireko nabigazinoaren ardurea daukan AENA erakunde publikoari. Beste eskari bat be egiten jake AENAri, aireko segurtasunerako AESA agentziari eta estadu eta autonomia mailako ganerako administrazinoei, segurtasuna bermatuko daben neurriak hartzeko koordinazino lan eraginkorra egin daien, eta pilotuentzako komunikazinoa eta denbora errealeko informazinoa hobetzeko bideak ezartea be eskatzen da. Ganera, inguruko udalek be sai kolonien presentziak daukazan arrisku potentzialen kudeaketan parte hartu beharko leukiela esaten da.

Batzarretako bost taldek modu positiboan balorau dabe neurri horreek hartzeko eskaria. Podemos Bizkaiaren abstentzinoaren –lehen aldiz udalen partaidetzea kontuan hartzea txalotu badau be– zergaitia, bozeroalearen berbetan, daborduko existidu beharko litzateken erakundeen arteko hegaldien segurtasunaren aldeko koordinazinoa eta Eusko Jaurlaritzak gai horretan daukan partaidetzearen eta AENAk arazoaren ganean daukan eretxiaren inguruan egindako informazino eskariei ez jakela erantzun da.

Iraunkortasuneko eta Baliabide Naturaleko Foru Diputatuaren agerraldia Beste alde batetik, Elena Unzueta Iraunkortasuneko eta Baliabide Naturaleko Diputatua gaur goizean egin dan Batzar Nagusietako Iraunkortasuneko eta Baliabide Naturaleko batzordearen aurrera etorri da, Batzarretako Podemos Bizkaia taldeak eta Talde Mistoak, gai beraren inguruan, egin daben eskariari erantzunez: 2015eko abenduan Abanton izandako kontrol bako mozketea, jarduketa horretan babestutako espezieetako arbolak moztu eta beste kalte batzuk eragin ziralako El Cerrillo izenez ezagutzen dan lekuan. Agerraldi eskaria egin daben talde biek, foru erakundeak mozketea egin eban enpresari ezarritako isuna Euskadiko Justizia Epaitegi Gorenak baliobakotu izanaren ganeko azalpenak eskatu ditue.

Bere esku-hartzean, Elena Unzuetak azaldu dauenez, epaiaren errazoiak, formaren ganean goi epaitegiak hauteman dituan eskakizun batzuk ez betetean dagoz, eta esan dau penagarria dala formeagaz erlazionautako akats horreek dirala eta, ezinezkoa izatea “ingurumenagaz erlazionautako ez arau hauste bat bakarrik, hainbat baino” zigortzea. Esan dau, baita be, foru erakundeak informazino espedientea zabaldu dauela, akatsa non gertau dan argitzeko. Bere berbetan, akats hori “penagarria” izan da. Baina momentu guztietan defendidu dau egindako beharra (148 orrialdeko txosten zehatza, bere Sailak bultzatuta) eta, gehitu dau, “dana dala, mozketearen ardurea daukan enpresak, 52.000 euroko isuna ez ordaintzea lortu dauen arren, bere gain hartu dauela ingurunea lehengoratzeko beharren ardurea, ia 67.000 euroren truke”.

Grumeraneko mendiak eta Karrantzako ur hornidurea Gaur goizean egin dan Iraunkortasuneko eta Baliabide Naturaleko batzordearen eguneko gai zerrendako ganerako puntuetan baztertu egin dira oposizinoko taldeen hainbat ekimen, Grumeraneko mendien ordenamendu planari, Karrantzako ur hornidurari, edo Urdaibai Bird Centerren meteorologia estazinoa barriro ezarteari buruzkoak, hurrenez hurren.

Lehenengo kasuan Batzarretako EH Bildu taldea izan da Meatzaldeko aisiarako gune ezagun horren ganeko Arauz Besteko proposamen bi aurkeztu dituana. Lehenengoan, Ordenamendu Plan bat idazteko eskatzen jakon Bizkaiko Foru Aldundiari, “mendiaren erabilera guztiak jaso, antolatu eta bateragarri egingo dituana”, administrazinoen, abeltzaintza sektorearen, kirol eta aisia taldeen, herritarren alkarteen eta leku hori erabilten daben ganerako taldeen partaidetzeagaz. Proposamenaren alde Talde Mistoa eta Podemos Bizkaia baino ez dira agertu, eta ganerako taldeek kontrako botoa emon dabe. Gobernu taldeak esan dau ez dala erabilera publikoko mendia, ondarekoa baino. Hori dala eta, Foru Aldundiak ez dauka zertan Ordenazino Planik aurkeztu behar.

EH Bildu taldeak Grumeraneko mendien inguruan aurkeztu dauen bigarren ekimena Arauz Besteko beste proposamen batean zehaztu da. Oraingo honetan, 2006an foru erakundearen eta bertako abeltzaintza sektorearen artean lortu zan eta Zugaztietako goikaldean belardiak sortzea eta abereak lekuz aldatzea jasoten eban akordioa osorik betetea eta martxan jartea eskatzen zan. Proposamenak aurreko puntuaren aldeko boto berberak lortu ditu, eta ondorioz, ez da onetsi, aldeko 5 boto eta kontrako 9 euki ditualako. Oraingo honetan, ekimenari ezezkoa emoteko errazoiak, Foru Aldundiak akordioaren bere partea bete dauela eta abereen leku aldatzea ez dagola bere eskumenen barruan izan da.

Karrantzako ur hornidurea –Bizkaiko Batzar Nagusietan hainbat aldiz eztabaidatu dan kontua– EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeek batera aurkeztu daben ekimenaren xedea izan da. Talde biek erregistrau daben Arauz Besteko Proposamenean, Karrantzan egingo dan esnekien lantegirako ur hoditeria zuzenaren proiektua gauzatu daiela eskatzen jako Bizkaiko Foru Aldundiari. Industria proiektu horrek udalerriarentzat daukan garrantziaren inguruan dagon adostasunean oinarrituta, oraingo honetan, eztabaidea udalerri hori Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan sartzearen inguruan zentrau da, izan be, Udaleko Osokoak 2016an onetsi eban arren, oraindino ez da gauzatu. Proposamena ez da onetsi, proposamena aurkeztu daben taldeen aldeko 4 botoak eta Batzarretako ganerakoen kontrako 10 boto jaso ditualako.

Gaur goizean Batzar Nagusietako Iraunkortasuneko eta Baliabide Naturaleko batzordean landu dan azkenengo gaia, Talde Mistoak Urdaibai Bird Centerretik irrati-zunda eta atmosferara zunda-globoak botateko zerbitzua berrezartearen ingurukoa izan da. Ekimen hori 2012an jarri eban martxan Eusko Jaurlaritzak, baina gero eten egin zan. Podemos Bizkaiaren abstentzinoagaz (2 boto), Arauz Besteko Proposamenak EH Bilduren (2) eta Alderdi Popularraren (1) aldeko botoak jaso ditu, baina azkenean ez da onartu, Euzko Abertzaleak (6) eta Euskal Sozialistak (2) taldeek kontra botau dabelako.