Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek Euskotrenen Txorierriko zerbitzua eta Metroaren 3. linea integretearen aldeko ekimena onetsi dabe

Garraio, Mobikortasun eta Lurraldearen Kohesino

Bizkaiko Batzar Nagusietako Garraio, Mobikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako Batzordeak, Talde Popularreko ordezkariaren abstentzino bakarragaz eta kontrako boto barik, EH Bildu taldeak egindako arauz besteko proposamen bat onetsi dau, Foru Aldundiari “Bizkaiko Garraio Partzuergoko buru dan neurrian, erakunde horretan Euskotrenen Txorierriko zerbitzua Metroaren 3. linean sartzea bultzatu daian” eskatzeko.

Ekimena sustau dauen Batzarretako taldeak adierazo dauenez, ekimenaren jatorria, Barik txartel multimodala martxan jarteak L3 linea erabilten dabenen (Kukullaga eta Matiko artean) eta Euskotrenen linea erabilten dabenen (Lezamaraino jarraitzen dau) arteko egoera “guztiz baztertzailea” erakutsi dauela da. Lehenengo kasuan ez da beharrezkoa garraio aldaketak ordaintzea Metroaren 1. edo 2. linea hartzeko, eta bigarrenean, barriz, bai.

Foru Gobernua eusten daben taldeek (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak) eta oposizinoaren parte garrantzitsuak (Podemos Bizkaia eta Talde Mistoa, proposamena aurkeztu dauen taldeaz gain), modu positiboan balorau dabe ekimena, eta euren botoagaz babestu dabe. Dana dala, bozeroale sozialistak horrek dakarzan gaiztasun teknikoak aitatu ditu, eta ezinbestekoa dala beste administrazino publiko batzuekaz berba egitea, konponbidea aurkitzeko. Talde Popularreko ordezkaria, bere aldetik, abstenidu egin da, esanez ez dagola ados arauz besteko proposamenaren azalpeneko zatiagaz, eta eskumen esparru desbardin bi dagozala azpimarratu dau, Bizkaiko Garraio Partzuergoa eta Eusko Jaurlaritzan horregaz arduratzen dan Saila.

Bizkaibusen emakidadunen berrorekarako ordainketea Ekimen hori onetsi aurretik, Garraio, Mobikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako Batzordeak, Miguel Ángel Gómez Viar Foru Diputatuaren agerraldia jaso dau, berak eskatuta. Bizkaiko Foru Aldundiaren esku dagon garraio publikoaren arduraduna, joan dan 2018ko abenduaren 26an Bizkaibusen emakidadunei berrorekatzeko egin eutsen ordainketea azaltzeko etorri da Batzar Nagusietara.

Bizkaiko Foru Erakundeak 17,4 milioi euro bideratu ditu 2014-2018 epealdian Bizkaibus garraio publiko zerbitzua eskaintzen daben bost enpresa emakidadunetara. Barruko eta kanpoko hainbat azterlanetan oinarritzen dan txosten tekniko-juridikoak agerian itzi eban lehiaketa publikoen pleguetan –2012an idatzitakoetan– jasoten ziran beharginen kostuen aurreikuspenean desfasea egoala benetako kostuakaz alderatuta.

Garraio Diputatuak, 2015etik egin diran txostenez, azterlan juridikoz eta auditoretzaz osatutako prozesu luze eta konplexua azaldu dau, eta baita Foru Administrazinoaren akatsen ondorioz emakidak apurtzeko zergaitiak be. Hori dala eta, zerbitzuaren balorazino ekonomiko barria egin behar izan da. Gómez Viarrek adierazo dauenez, hartutako konponbideak abal tekniko guztiak ditu, eta Bizkaibusen zerbitzua 2024ra arte bermatzen dau, eta esan dau ez daukala ezelango loturarik enpresa emakidadun batzuei jagoken grebeagaz.

Oposizinoaren aldetik, Talde Mistoaren bozeroaleak bere harridurea erakutsi dau enpresei konpentsazinoak emotera zuzendutako kopurua ikusita. Alderdi Popularreko ordezkariak informazino faltea azpimarratu dau, bere taldeak, behin eta barriro, Garraio Sailak egindako auditoretza txostenak eskatu ditualako, ezer lortu barik. Podemos Bizkaia taldetik kritikau egin da enpresei emondako diruak ez dauela Bizkaibus zerbitzua jasaten ari dan grebaren amaierea ekarri. Eta EH Bilduk lanpostuen amortizazino prozesuaren salaketea azpimarratu dau, eta emakidadunak “pozik eta eskertuta” egon behar dirala esan dau. Une honetan indarrean dagon lan gatazkearen arduraduna Garraio Saila dala esan dau, bere eretxiz arazoa aspalditik ezagutzen zalako eta ez dalako ezer egin konponduteko.