Aurreko Albisteak

Gernikako Batzarretxeak Europako 30.000 bisitarien kopurua gainditu dau lehenengo aldiz 2018an

Gernikako Batzarretxeak gero eta interes handiagoa eragiten dau Europako bisitarien artean. 2018ko turismoaren ganeko datuek erakusten dabenez, Bizkaiko Batzarren ondarezko enblemak lehen aldiz lortu dau Europako 30.000 turista baino gehiago erakartea, 30.713 persona, hain zuzen be. Zifra hori, urte honetan izandako bisitari kopuru osoaren %20,25 da, guztira, Gernikako Batzarretxeak, bost kontinenteetatik etorritako 151.638 personari zabaldu deutseez bere ateak.

Gernikako Batzarretxeko sarrera kopurua nabarmena izan zan, batez be, udako hilebeteetan, eta bisitari gehieneko hilebetea abuztua izan zan, 27.489 bisitarigaz.

Europako panoramaren barruan, aurton %10,34ko igoerea ikusi da Frantziatik etorritako bisita kopuruan; guztira, ondoan daukagun herrialdeko 12.639 persona etorri dira Batzarretxera, 2017an erregistrautako 11.332kaz alderatuta. Bere atzean Alemania (5.131), Ingalaterra (2.545) eta Italia (2.148) datoz. Horrez gain, azpimarragarria da Estatu Batuetatik (5.502), Japoniatik (1.641) eta Argentinatik (1.558) etorritako bisitari kopurua.

Barriro be, Estadu barruko turismoa da bidaiari gehien ekarri dituana, erregistrautako bisitari guztien %49,74gaz. Urtarriletik abendura Estadutik Batzarretxera hurbildu ziran 75.431 personetatik, 16.687 Kataluniatik etorri ziran; 12.735 Madrilgo erkidegotik; eta 11.667 Andaluziatik.

5ETIK 1 EUSKAL HERRITIK DATOR

Gernikako Arbola enblematikoak atseden hartzen dauen lekua ezinbesteko geralekua da Euskal Herriko zazpi lurraldeetatik etorritako turista askorentzat. Lekuak daukan garrantzi historikoak eta aurton, Ondarearen ganeko Europar Jardunaldien barruan, Batzar Nagusiek emakumeek bete izan daben lekua erakustera zuzendutako kultur proposamenek bultzatuta, 2018an Euskal Herriko 32.880 bisitari izan ditu Gernikako egoitzak.

ENKARTERRIKO MUSEOA

2018an zehar, Enkarterri Museoak aurrera eroandako erakusketa eta ikerketa lanak, erakusketa iraunkorrari eta aldi baterako erakusketei jagokenez, eta Abellanedako Batzar Nagusien egoitzak bisitari asko erakarri ditue.

Urte honetan zehar, Abellanedako egoitzak 12.913 bisitari jaso ditu, igaz baino %5 gehiago, “Enkarterri 1937. Gerra Zibilaren azken hilabeteak Euskadin” erakusketa arrakastatsuaren eta erakusketa horren inguruan antolatu diran jarduerek jaso daben partaidetza altuaren ondorioz, batez be, eskainitako leku guztiak bete egin dira eta.

Ikasleei zuzendutako tailerrei jagokenez, lurraldeko ikastetxeen partaidetza altuagaz jarraitu da, 8.700 partaide jaso diralako. Irakaskuntza arloko jarduerak egiteko egozan egunen %100 bete da. 2018ko irakaskuntza arloko eskaintzea Enkarterri 1937. Gerra baten oroitzapenak jarduereagaz osatu da.

Urtea, familiei zuzendutako Gabonetako jarduerakaz amaitzen da. Aurton, Erdi Aroa genero ikuspegitik ezagutzera eroan gaitue. Jarduera horrek be eskainitako plaza guztiak bete ditu.

Norbanako bisitarien jatorriari jagokonez: %52 Bizkaikoak dira, %18 Euskal Herriko ganerako lurraldetakoak, %16 Estaduko beste Autonomia Erkidego batzuetakoak eta %14 Europako eta munduko ganerako lekuetakoak. Holan, bisitari atzerritarren kopurua bikoiztu egin dala azpimarratu behar da.