Aurreko Albisteak

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bermeoko Udalak, Gaztelugatxera ailegeta erraztuko dauen 354 lekuko aparkalekua eregitea adostu dabe

Iraunkortasun eta Baliabide Naturaleko Batzordea

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bermeoko Udalak, Gaztelugatxeko Donieneko Biotopoaren jarduketa eta kudeaketa integralerako dokumentuak ezarten dauen esku-hartzeko esparruaren barruan, Bermeoko Itxas Gane futbol zelaiaren eta hilerriaren ondoan egongo dan aparkalekua eregiko dabe. 8.013 m2ko azalerea eukiko dau, eta 354 aparkaleku egongo dira bertan.

Jarduketa horren, eta Aldundiak aurrera eroan gura dituan beste neurri batzuen helburu nagusia “Gaztelugatxe ingurunean aparkatzeko lekuak antolatzea” da, eta baita “aurreikusten dan eskariari erantzuna emoteko espazio barriak egokitzea” be. Unzuetak adierazo dauenez, bisitarien “%80 inguru” ibilgailu partikularrean gerturatzen da Gaztelugatxera. Hori kontuan izanda, “definidu dan estrategiaren funtsezko elementuetako bat mobikortasunagaz lotutakoa da, inguru horretan bestelako modelo bat bultzatzeko filosofiagaz”.

Proiektuaren aurrekontu osoa 637.836,67 eurokoa da, eta lanak Bermeoko Udalak egingo ditu. Horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiak 515.000 euroko diru-laguntzea emon dau.

Batzarretako taldeei jagokenez, Arturo Aldecoa Talde Mistoko bozeroaleak, datorren urteko udabarrirako aurreikusten dan turista kopuruaren hazkundea aitatu deutso Diputatuari, Tronu Jokua seriea bukatu egiten dala eta. Jesús Isasi batzordekide popularrak, bere aldetik, “presa barik baina gelditu barik” behar egin beharra dala adierazo dau. Holan, Gorka Beitia Euzko Abertzaleak taldeko batzordekideak gogoratuazo dauenez, gai horretan hainbat eragile dagoz inplikauta eta, hori dala eta, “koordinetea ez da erraza, eta prozesua moteldu egiten dau”.

Euskal Sozialistak eta Podemos taldeak pozik agertu dira neurri hori dala eta. “Ikusten danez, borondate politikoa dagoanean, diru-laguntzak eta komunikazinoa egon, badagoz”, azpimarratu dau Josean Elguezabalek. EH Bilduk be bat egin dau eretxi horregaz.

CRYPTOMERIA JAPÓNICA

Urteko azkeneko saioa, Talde Mistoak eskatutako agerraldi eskari bategaz zabaldu da, Pinuaren minbiziak eragiten ez deutsan Cryptomeria japónica pinu espeziea Bizkaian sartzen hasi ezkero, osasun publikoan sortuazoko leukezan “arazoen” inguruan, “biztanle askorengan alergiak sortzen dituan hauts asko botaten dauelako”. Bere eretxiz, horrek, “masa handietan arazoak sortzen dituan espezie” bilakatzen dau.

Foru Diputatuak azaldu dauenez, hiru Aldundiek, Eusko Jaurlaritzak eta sektore pribaduak parte hartzen daben koniferoen basoak berreskuratzeko Euskal Estrategiaren barruan, Bizkaiko Basoen Jabeen Elkarteak, “alternatibo” moduan sailkatuta dagozan 44 espezie ingururi buruzko informazinoa emoten dau. Holan, Cryptomeria japónica espeziea da, banda marroi izenekoak eragindako azaleren jaube diran personei edo erakundeei informazinoa emoteko orduan aitatzen dan espezieetako bat, “ordezteko aukerak aztertu daitezan”.

Une honetan, Foru Diputatuak adierazo dauen moduan, Aldundia, “Frantzian dagon Bretainia lurraldeko haztegietako hainbat klonen adar-aldaxkak sustraitzeko fasean” dago. Horreek 2019 – 2020ko neguan landatuko litzatekez, lur-sail esperimentaletan. EH Bildu taldeak kritikau egin dau egungo baso ereduaren “porrota”. Dana dala, Euzko Abertzaleak taldea ez da ezelan be horregaz ados agertu.

KONTROL BAKO ZABORTEGIAK

Elena Unzueta Foru Diputatuak, Alonsotegiko errepide baten bazterretan oraintsu agertu diran kontrol bako zabortegien egoeraren barri emonez itxi dau urteko azkeneko Batzordea. Zehatzago esanez, hondakinak Kadaguako Igarobidea (BI-636) eregiteko lanetan egin zan bide batean itzi ziran. Bide hori, lanen eragina jasan eben bideak berreskuratzeko eregi zan, inguruko hainbat landa gunetara heltzeko, eta baita Montealegren dagon Kadaguako Igarobidearen lanetarako soberakinen depositura ailegetako be.

Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako titularrak, Talde Mistoak eskatuta adierazo dauen moduan, holango “jokabide ez zibikoak” ez dira gauza isolatua. Zemendiaren 26an eta 27an, tratamenturako baimendutako kudeatzailearengana eroan zan materiala; horrez gain, Aldundiak hesiak jartea aurreikusi dau bidearen hasieran, aurrerago itxidurako ate bat jarteko.