Batzar Nagusietako Osokoak 2019rako Bizkaiko Aurrekontua onetsi dau Gernikan
Enplegua sortzea, ekonomia bizibarritzea, zerbitzu publikoei eustea eta txartoen dagozanenganako alkartasuna dira, Foru Gobernua eusten daben taldeen eretxiz, aurkeztutako Aurrekontu proiektuaren lau oinarriak.
Jon Atutxa Euzko Abertzaleak taldeko bozeroalearen eretxiz, kontu horreek “orekatuak” dira. Horrez gain, bozeroale jeltzaleak barriro be bere ezezkoa erakutsi dau oposizinoko taldeek erreserbautako zuzenketa-eskeak onesteko aukeraren aurrean, bere eretxiz ez dagolako horretarako oinarririk, bere berbetan “ezinezko bilakatzen dituelako zerbitzuak eskaintzea eta Aldundiaren ohiko funtzionamentua” eta, ganera, “urte anitzeko konpromisoak apurtzea eskatzen dabelako”. Ganera, esan dauenez, bere taldeak, “bizkaitarren bizitza kalidadea hobetzeko” apustua egiten daben kontuak bultzatuko ditu.
Ekain Rico Euskal Sozialistak taldeko bozeroaleak, bere aldetik, “onetsi behar doguzan kontuen bitartez konpondu gura doguzan arazo guztiak modu magikoan ez doguzala konponduko” autortu arren, kontu horreek “datorren urtean, egun honeetan, langabezia gitxiagori, kotizazino gehiagori, prekariedade gitxiagori eta bardintasun gehiagori buruz berba egin daigun konponbideak jarten dituela mahai ganean” defendidu dau. Bozeroale sozialistak, oposizinoaren zuzenketa-eskeei ezetz esateko jarrerea azaltzeko orduan, “aurrekontuak koadrau egin behar dira eta, beste barik, uste dogu Bizkaiko herritarrentzako hobea dala guk planteetan dogun baliabideen antolamendua zuok planteetan dozuena baino” esan dau.
Igaz gertau zan moduan, Talde Mistoa abstenidu egin da bozketan. Zuzenketa-eske transakzionalen bitartez aldaketa gehien aurrera atara dituan taldea izan arren, Arturo Aldecoak barriro defendidu ditu, beste gai batzuen artean, eskolako kirolaren, Urdaibai Bird Centerraren, foru basoak eskuratzearen, bertako animaliak eta landarak bultzatzearen eta gizarteratze zentroen sustapenaren aldeko apustua egiten daben berrogeita hamar zuzenketa-eske inguruak. “Onartu ez diran arren, apurka-apurka ikusten joan beharko diran gauzak dirala dinon musikeagaz geratzea gurako neuke”, adierazo dau.
Javier Ruiz Talde Popularraren bozeroaleak kritikau egin dau Gobernu “hermetiko, isolatu eta endogamikoak” “bere joskurak zabaltzeko” erakutsi dauen gaitasun faltea. Javier Ruizek kontuetan zeharkako politikei, adinekoei, autoenplegurako politikei eta enplegagarritasun planei emoten jaken laguntza urria be salatu dau. Harmailatik, Ruizek, Bizkaia “iraunkorragoaren”, “konpentsauaren”, “sentsibilitate handiagokoaren”, “hobeto egituratutakoaren”, “indartsuagoaren”, “bere nortasuna daukanaren” eta “herritar guztientzako aukera bardintasuna bermatuko dauanaren” aldeko apustua egiten daben zuzenketa-eskeak defendidu ditu.
Neskutz Rodriguez Podemos Bizkaia taldeko bozeroaleak gizartearen errebindikazinoak eta eskariak ez entzutea leporatu deutse Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeei, “zuei ez jatzuelako ondo etorten, egungo sistemea askoz hobeto egokitzen dalako zuen edo zuen ingurunearen, goi mailakoen, beharretara”. EH Bilduk eta Talde Popularrak egin daben moduan, Rodriguezek 200 zuzenketa-eske inguru ekarri ditu osokora, bere ustez “gizarte eredu zuzenera, jasangarrira, feministara eta solidariora emon beharreko trantsizinorako lehenengo pausua emoten” laguntzen daben zuzenketa-eskeak, hain zuzen be.
Arantza Urkaregi EH Bilduko bozeroaleak, bere aldetik, foru gobernua osatzen daben taldeek “oposizinotik egindako ekarpenak jasoteko erakutsi daben borondate faltea” kritikau dau. Aurreko saioetan daborduko adierazotakoagaz jarraituz, Urkaregik gaur onetsi diran kontuen lehentasuna azpiegitura handiak dirala kritikau dau, eta ez behar gehien daukien personak, bardintasun politikak eta eskualdeen garapena. Bere eretxiz, 2019ko kontuak “ez dira bizkaitar guztiontzako aurrekontuak, gitxi batzuei begira dagozan eta bizkaitar askoren beharrak bazterrean izten dituen aurrekontuak baino”.
FORU ARAUAREN IBILPIDEA
Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernuak 8.216,7 milioi euroko kopuru osoa eukan aurreproiektua aurkeztu eban joan dan urriaren 31n, bukatzen ari dan urte honetako aurrekontua baino %5,2 gehiago (403,5 milioi euro). Kontuan izanda 6.573,05 milioi beste administrazino batzuekaz (Eusko Jaurlaritza, Udalak eta Estaduko administrazinoa, kupoaren bitartez) konprometidutakoak dirala, Bizkaiko Foru Aldundiak 1.643,66 milioi euro kudeauko leukez zuzenean, eta horreetatik 1.253,3 milioi Aldundiko zortzi sailek erabili daikiena da (2018an baino %4,9 gehiago), Aldundiko beharginen gastu finkoei zuzendutako atala kendu eta gero.
Joan dan abenduaren 12an, Batzar Nagusietako Osokoak ez ebazan onetsi EH Bilduk, Podemosek eta Talde Popularrak aurkeztutako osotasunezko hiru zuzenketa-eske. Hori dala eta, hainbat taldek aurkeztutako 676 zuzenketa-eske parzialak eztabaidatu ziran: 241 Podemos taldeak, 215 EH Bilduk, 137 Talde Popularrak eta 75 Talde Mistoak. Horrez gain, Foru Gobernuaren beharra eusten daben talde biek, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak, zortzi proposamen aurkeztu ebezan.
Abenduaren 17tik 20ra, Batzar Nagusietako Ekonomia eta Ogasun Batzordeak, Bizkaiko Foru Aldundiaren zortzi sailetako bakotxaren aurreikuspen ekonomikoan aurkeztutako zuzenketa-eske parzial guztiak aurkeztu ziran. Horreetatik hirutan (Iraunkortasun eta Baliabide Natural saila, Herri Administrazio eta Erakunde Harreman saila eta Gizarteratze eta Berdintasun saila), haserako proposamenagaz jarraitu zan, eta beste bostetan (Gizarte Ekintza Saila, Euskera eta Kultura saila, Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesino saila, Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapen saila eta Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun saila), aurrekontuen aurreikuspenaren alderdiren bat aldatzen eben 13 zuzenketa-eske onetsi ziran.
Legealdi honen hasieratik Aldundiko Gobernuari eusten deutsan Euzko Abertzaleak taldearen 23 jarlekuetan eta Euskal Sozialistak taldearen zazpietan oinarritzen dan gehiengoaren babesagaz, Batzar Nagusiek batzordeko eztabaidatik urten eban moduan berretsi dau aurrekontuen proiektua.
Aurrekontuen aurreko eztabaidan gertatu zan moduan, Talde Mistoaren ordezkari bakarra abstenidu egin da bozketan, eta EH Bilduko 10 ordezkariek, Podemos Bizkaiako seiek eta Talde Popularreko hiruek proposamenaren kontrako botoa emon dabe. Bizkaiko Lurralde historikoko Aurrekontu Orokor Proiektuaren onespena, emaitza berbera euki daben bederatzi bozketatan zehaztu da (aldeko 30, kontrako 17 eta abstentzino bat). Bozketa horreek, Aldundiko zortzi sailetako bakotxaren kontuari eta Artikuluen Testuari buruzkoak izan dira.
BIZKAIKO LURRALDEAREN AURREKONTUAK 2019RAKO
Batzar Nagusietako Osokoan Bizkaiko kontuak onetsi eta gero, eta orain hilebete bi aurkeztu zan moduan, Bizkaiko Foru Aldundiko zortzi sailen aurrekontua (beharginei jagoken atala kanpo itzita), holan geratzen da:
Gizarte Ekintza Saila: 537,76 milioi euro (2018an baino 43,16 milioi gehiago, +%8,7)
Ekonomia eta Lurralde Garapenerako Saila: 283.560.900 euro (2018an baino 14,53 milioi gehiago, +%5,4)
Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesio Saila: 139.984.916 euro (2018an baino 5,98 milioi gehiago, +%4,5)
Ogasun eta Finantza Saila: 51.493.433 euro (2018an baino 2,83 milioi gutxiago, -%5,2)
Iraunkortasun eta Ingurune Naturaleko Saila: 75.910.000 euro (2018an baino 13,199 milioi gutxiago, -%14,8)
Herri Administrazio eta Erakunde Harreman Saila: 62.112.967 euro (2018an baino 5,65 milioi gehiago, +%10)
Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Saila: 54.770.000 euro (2018an baino 3,04 milioi gehiago, +%5,9)
Euskera eta Kultura Saila: 47.686.274 euro (2018an baino 2,24 milioi gehiago, +%4,9)