Bizkaiko Batzar Nagusiek herritarren laguntzea eskatu dabe, Gernikako Arbolaren kimuen erroldea egiteko
Azterlana osatzeko xedez, Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidentziatik ilusinoz betetako proiektuaren xehetasunak herritarrei jakinarazotea erabagi da, Gernikako Arbolaren ondorengoak diran haretxen ganeko edozein informazino eskatzeko. Mundu osoko personak, Bizkaiko Lurralde Historikoaren historiaren parte garrantzitsuaren partaide bilakatzeko modua da.
Holan, kimu horreetakoren bat existiduten dala edo existidu dala (orain edo lehen) dakien edozein personak bere laguntzea emon leike, mezu elektronikoa bialduz helbide honetara: gernikako.arbola.munduan@bizkaia.eus
Orain arte aurrera eroan dan ikerketa lana, Bizkaiko Foru Artxibategi Historikoan dagozan funtsetako erregistroen eta espedienteen azterketan zentrau da, eta baita Bizkaiko Batzar Nagusietan dagozan kimuen urteeren erregistroen kontsultan be. Informazino hori guztia Udaletatik eta euskal kolektibidadeetatik bialdutakoagaz batera antolatu da. Horrez gain, Gernikako Batzarretxearen ganeko hainbat datu batzen 40 urte baino gehiago emon dituan Joseba Iribar ikerlariaren laguntza garrantzitsua izan dogu.
Oinarri horretan abiauta, kimuak identifikau eta non dagozan jakin ahal izan da. Posible izan dan kasuetan, gaur egun zein egoeratan dagozan egiaztau ahal izan da, erregistro grafikoen bitartez.
Une honetan, azterlanak 400 kimu ingururi buruzko informazinoa dauka, eta 2018an, horreetatik 151 bizirik dagozala egiaztau ahal izan da. Beste alde batetik, beste 36 kimuri jagokenez, gaur egun bizirik egon daitekezala pentsetara eroaten daben oinarri sendoak dagoz, oraindino segurtasun osoz esatea ezinezkoa dan arren. Azkenik, 60 zugatz desagertu edo hil egin dirala egiaztau ahal izan da.
Kimu batzuk bizirik ez irautearen errazoi gehienak zergaiti naturalak –izaki bizidunak diralako– edo ingurumenagaz lotutakoak dira. Halanda be, historian zehar, ale batzuk izaera politikoa daukien erasoen ondorioz desagertu dira. Holan gertatu zan Lizarran landatutako kimuakaz edo Luiaondoko Harrizko Kurutzearen ondoan landatu zanagaz.
“EMAN TA ZABAL ZAZU MUNDUAN FRUTUA”
Jose Maria Iparragirre bardo handiak Gernikako Arbola ereserki ezagunean “Eman ta zabal zazu munduan frutua” kantau ebanetik, Bizkaiko Batzar Nagusiek ahalegina egin dabe mundu osoko azkenengo txokoetan be Gernikako Arbola historikoaren ondorengo bat egon daiten. Azterlana bat dator, hain zuzen be, Iparragirre bardoa Urretxun jaio zanetik laster ospatuko dan 200. urteurrenaren ospakizunagaz.
Banaketa geografikoari jagokonez, aurkitu ahal izan diran kimuen erdia baino gehiago Bizkaiko Lurralde Historikoan dago (87). Halanda be, azterlanak egiaztau ahal izan dau kimuak dagozala Hegoaldeko lau lurraldeetan eta Iparraldean.
Modu berean, Estatu barruan egiaztau ahal izan da haretx zaharraren ondorengoek euren sustraiak zabaltzea eta bizirik irautea lortu izan dabela hainbat autonomia erkidegotan, Galizian eta Katalunian, besteak beste.
Maila orokorragoan, gaur egun bost kontinenteetan kimuak bizirik ete dagozan egiaztau ezin izan dan arren, iraganean aleak bost kontinenteetara bialdu ziran. Holan egin zan 1902an Jerusalemera egin zan euskal erromesaldian Judean landatu zan haretxaren kasuan, edo 2006an Nairobin (Kenia) edo 1996an Sydneyko Lorategi Botanikoan landatu ziranakaz. Leku horreetako guztietako hainbat erakundegaz jarri gara hartu-emonetan, baina orain arte ezin izan dogu egiaztau gaur egun bizirik irauten daben ala ez.
Europan hainbat lekutan kontserbetan dira Gernikako arbolaren kimuak, parke botaniko baten sarreran leku garrantzitsua beteten dauen Hampshiren (Ingalaterra), Gernikagaz anaituta dagon Alemaniako Pforzheimen edo Frantziako Gurs edo Poloniako Auschwitz kontzentrazino eremu izandakoetan, besteak beste.
Ameriketan, euskal kolektibidadeen presentzia indartsua daukien Argentinan, Txilen, Uruguain edo Estatu Batuetan, pasino handiz zaintzen ditue kimuak. Urietako plaza nagusietan edo euskal etxeetan dagoz, eta euren gerizpean ospakizunak, ekitaldiak eta omenaldiak egiten dira.
KIMU ZAHARRENA
Azterlan horretatik ateratako hainbat datu eta data aztertu eta gero, egiaztau ahal izan da orain arte aurkitu dan kimu zaharrena Gernikan dagola, hain zuzen be. Kimua 1859an landatu zan, Batzarretxetik 200 metrora, Nabor izenez ezagutzen dan etxearen lorategian.
Gure lurraldetik kanpo, aspaldiko erreferentzia batzuek 1602ko Argentinako edo 1724ko Montevideoko kimuez berba egiten deuskuen arren, gaur egun bizirik dirauen kimu zaharrena 1886koa da, eta Argentinako Rosario de Santa Fén dago.
Gernikako haretxaren ehun urte baino gehiagoko beste ondorengo batzuk aurkitu doguz Kataluniako Arenys de Munten (1882), Buenos Aireseko Laurak Bat Euskal Etxean (1906), Zallako Zariketeko San Pedro baseleizan (1912) edo Oñatiko plazan (1917).
AZTERLANAREN ARDUREA DAUEN TALDEA
Iker Lope de Bergara biologoa eta informazino geografiko sistemen garapenean teknikari espezialistea da ondare naturalaren eta kulturalaren arloan. Azterlana Rebeca López historiagile eta dokumentalisteagaz batera ari da egiten. Biak be, Bilbon dagon Orbela Kultura eta Natura kontsultoretza enpresako teknikariak dira.