Aurreko Albisteak

11 zuzenketa-eske parzial onetsi dira 2019ko Bizkaiko Aurrekontuen Batzordeetako eztabaidaren hasieran

Ekonomia eta Ogasun Batzordea

Bizkaiko Batzar Nagusiek hasierea emon deutsie Batzarretako taldeek Lurralde historikoko 2019ko Aurrekontu Proiektuaren aurrean aurkeztu dituen 676 zuzenketa-eske parzialen eztabaidari. Lehenengo jardunaldi honetan sail honeei jagokezan saioak egin dira: Gizarte Ekintza; Euskera eta Kultura; eta Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesino saila. Hiru saioetan, Ekonomia eta Ogasuneko Batzordeak 11 zuzenketa-eske parzial onetsi ditu, eta horrek 1.855.000 euroko hazkundea eragin du 2019ko aurrekontuen aurreikuspenean.

Hiru saioetako eztabaidea eta bozketak bukatu diranean, oposizinoko talde guztiek iragarri dabe zuzenketa-eske parzial guztiak, seguruenez datorren astean Gernikako Batzarretxean egingo dan Osokorako gordetzen dituela. Halan bada, Osokoari, 2019ko Bizkaiko Foru Aldundiaren kontuen behin betiko onespenagaz emongo jako bukaerea.

Batzordeko lehenengo eztabaida saioa Gizarte Ekintza Sailaren partidatan zentrau da. Sartu diran 78 aldaketa proposamenen artean bakarra onetsi da, eta horrek 60.000 euroko hazkundea eragin dau aurrekontuetan.

Aldaketea, talde guztien artean hartutako akordioari jagoko, Euskadiko Down Sindromearen Fundazinoari bideratutako prestazinoa 60.000 eurotan handitzeko. Holan, igoera horren ostean, partidea, hasierako 168.000 euroetatik 228.000 euroetara pasauko da. Hori guztia dala eta, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailak, 537.820.000 euroko aurrekontua aurkeztuko dau Gernikan egingo dan Batzar Nagusien osokoaren aurrean.

EUSKERA ETA KULTURA

Ekonomia eta Ogasuneko Batzordeak egin dauen bigarren saioan, 2019. urterako Euskera eta Kultura Sailaren aurrekontuaren aurrean aurkeztu diran 86 zuzenketa-eske parzialak eztabaidatu dira. Batzordeak lau zuzenketa-eske onetsi ditu: bat Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek aurkeztutakoa, eta Talde Mistoak eta Foru Gobernua eusten daben taldeek sinatutako hiru zuzenketa-eske transakzional. Guztira, Lorea Bilbaok zuzendutako sailaren aurrekontu aurreikuspena 245.000 euro gehiagokoa izango da.

Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek aurkeztutako zuzenketa-eskearen onespenagaz, 2019ko Aurrekontu Proiektuak 45.000 euroko partidea jasoko dau Euskadiko Meatzaritzaren Museoaren Fundazinorako. Zuzenketa-eske transakzional moduan, honeek onetsi dira: irabazi asmorik bako erakundeek udan Bizkaian gazteakaz egiten dituen udalekuetarako eta kanpalekuetarako zuzendutako partidari 50.000 euro gehiago bideratzea; Euskeraren ezagutzaren sustapenari laguntzeko 100.000 euro gehiago zuzentzea; eta eskola kirolean parte hartzen daben erakundeei 50.000 euro gehiago emotea.

Hori dala eta, Euskera eta Kultura Sailak, 47.931.274 euroko aurrekontua aurkeztuko dau Bizkaiko Batzar Nagusien osokoan.

GARRAIO, MUGIKORTASUN ETA LURRALDEAREN KOHESINOA

Eztabaidaren lehenengo jardunaldia Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesino sailak itxi dau. Miguel Ángel Gómez Viar Foru Diputatuak zuzendutako Saila izan da, orain arte, aldaketa gehien jaso dituana bere aurrekontu aurreikuspenean. Eztabaidatu diran 60 zuzenketa-eske parzialetatik 6 proposamen onetsi dira –horreetatik bost Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek aurkeztutakoak eta beste bat EH Bilduk eta Foru Gobernua eusten daben taldeek sinatutako zuzenketa-eske transakzionala–. Guztira, 1.550.000 eurotan igo dabe aurrekontu proiektua.

Onetsi diran zuzenketa-eske parzialek, igoerea eragingo dabe Bizkaiko Lurraldeko hainbat eskualdetako garraio publiko zerbitzura zuzendutako zuzkiduran, “zerbitzua egokitzeko”: 655.000 euro gehiago bideratuko dira Busturialdeko eta Lea Artibaiko garraio publiko zerbitzura; 120.000 euro gehiago Ezkerraldeko-Meatzaldeako garraio publiko zerbitzura; 55.000 euro gehiago bideratuko dira Txorierriko-Mungialdeko garraio publiko zerbitzura; 35.000 euro gehiago Enkarterriko garraio publiko zerbitzuko partidara; eta 635.000 euro gehiago bideratuko dira Nerbioi-Arratia eta Durangaldea garraio publiko zerbitzura.

Oraingo honetan, Jesús Isasi batzordekide popularrak kritikau egin ditu Foru Gobernuko taldeak, esanez “ez dela zuzena zuek sail honetan hain zenbateko txikiko bost zuzenketa-eske egitea, zuek zarienean aurrekontu proiektua inprimatzea agindu dozuenak”; horren ostean, zuzenketa-eskeen kontrako botoa emon dau. Podemos taldeak be bat egin dau kritikakaz, eta, abstenidu ostean, zuzenketa-eskeetan xehetasun handiagoa eskatu dau. Ildo berean, EH Bilduk bost proposamenen aldeko botoa emon dauen arren, kontua “ez dala oso serioa” adierazo dau.

Beste alde batetik, EH Bildu, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen artean adostutako zuzenketa-eske transakzionalari jagokonez, 50.000 euroko partidea sortzea proponiduten dau, Bizkaiko Garraio Publikoaren 2018-2028 Plan Estrategikoaren inguruan egiten ari dan azterlanean, Bizkairako txartel bakarraren proposamenaren eskumenen, bideragarritasunaren eta kostuaren ganeko atal berezia sartzeko.

Igoera horren ostean, Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesino sailera zuzendutako partidea 141.534.919 eurokoa izango da.

MINUTU BATEKO ISILUNEA

Eguerdiko 12:00etan, Ekonomia eta Ogasuneko Batzordeak une batez gelditu egin dau bere beharra Laura Luelmoren hilketea gaitzesteko eta Sestaon, Las Canteras inguruan, hilda aurkitutako adinbakoa oroitzeko.