Bizkaibusek 3339 lineako jazoerak konponduko ditu eta udako denporaldian eskiniko dau zerbitzua
Onetsi dan proposamenaren bitartez, Batzar Nagusiek, uda honetan pilotu proban martxan jarri dan 3339 linean hautemandako akats posibleak konpontzeko eskatu deutsie Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesino Sailari.
Modu berean, Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako Batzordeak EH Bildu taldeak aurkeztu dauen arauz besteko beste proposamen bat be aho batez onetsi dau. Orain hilebete batzuk Durangoko Udalbatzak onetsi eban ekimenak, A3913 Durango-Arrazola linea Durangoko Aramotz auzora luzatzeko eta San Fausto auzoan dagon Faustekalen Bizkaibuseko A3915 linearen geraleku bat jarteko aukerak aztertzea bultzatzen dau.
GALDAKAOKO ANEZKA BOLUETAKO GERALEKUAN
Miguel Ángel Gómez Viar Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako Foru Diputatuak batzordean iragarri dauenez, Aldundiak Boluetan dagon Galdakaoko autobus anezkaren geralekua trenbidearen beste aldera eroatea aurreikusten dau. Horretarako, beharrezkoa izango da Bilboko Udalak “obra txiki bat” egitea, hau da, “autobusa sartuko dan dartsena handitzea eta espaloia txikitzea”. Horrez gain, Gómez Viarrek adierazo dau Bilboko Udalaren konpromisoa daukiela, “2019ko lehen hiruhilekoaren inguruan”, geraleku horretan markesina eredu barria prest egon daiten.
Gómez Viarren agerraldiak EH Bildu taldeak aurkeztu dauen eskari bati erantzuten deutso. Bertan, zerbitzuaren inguruan dagozan hiru kexa azpimarratzen ziran: autobusean bidaiari larregi joatea; geralekua leku desegokian egotea, emakumeentzat batez be; eta euritik babestuko dauen markesinarik ez egotea.
Bidaiari larregi egoteari jagokonez –kritika horregaz bat egin dabe, baita, Talde Popularrak eta Podemosek– Foru Diputatuak esan dau, aurton, lineak 36.900 bidaia jaso dituala, eta 4 kexa baino ez dirala erregistrau.
GIZARTE TXARTEL BONIFIKATUA
Bukatzeko, batzordeak ez dau onetsi azkenengo arauz besteko proposamena. Bertan, Talde Popularrak Bizkaibusen barruan “Gizarte Txartel Bonifikatuaren” soslaia martxan jartea eskatzen eutsan Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako Batzordeari. Jesús Isasi batzordekide popularraren berbetan, neurri hori indarrean jarri ezkero, EMB enpresak datu zehatzak eukiko leukez, tarifen integrazinorako.
Proposamenak Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek aurkeztutako zuzenketa-eskea jaso dau. Bertan, Tarifei buruzko Batzordeari eskaria egiten jakon “Lurralde Historikoko garraio operadoreen arteko tarifen integrazinoa lortzeko, garraio publikoaren erabilerea eta intermodaltasuna sustatuz eta, modu berean, garraioak, bere tarifa politiken bitartez, beteten dauen gizarteratzea be kontuan hartuta”.
Unai Lerma batzordekide jeltzalearen eretxiz, ekimena “ez da oso egokia”, gai hori Bizkaiko Mobikortasunaren Agintaritzaren eta Tarifei buruzko Batzordearen barruan aztertu behar dalako, eta ez Batzar Nagusietan. Modu berean, Ekain Rico bozeroale sozialistak esan dau, “operadore bakarrari jagokozan bakarkako jarduketei ekiteak, etorkizunerako dagon tarifen integrazinorako aukerea urrundu egiten dauela”.
Beste talde batzuk jatorrizko ekimenaren alde agertu dira. Holan, Podemos taldeko Nuria Atienza batzordekideak, “mobikortasuna eskubidea dala eta ezin dala diru-sarrerak eukitearen edo ez eukitearen mende egon” adierazo dau. EH Bilduk be aldeko botoa emon deutso. Zigor Isuskiza batzordekideak esan dau “Bizkaibusen ezarriko balitz, Aldundiak ez leukela ezelango arazorik izango gai bera Garraio Partzuergora eroateko, ganerako operadoreek be holango txartelak ezarri daiezan”.
Zuzenketa-eskea ez danez onetsi, Foru Gobernua eusten daben taldeek arauz besteko proposamenaren kontrako botoa emon dabe; Talde Popularrak, EH Bilduk eta Podemosek alde bozkatu dabe; eta Talde Mistoa abstenidu egin da.