Aldundiak behin eta barriro esan dau ez dagola "ez irregulartasunik ezta iluntasunik" Zabalgarbiko zepen inguruan

EH Bildu eta Podemos taldeek Iraunkortasuneko eta Baliabide Naturaleko Diputatuaren agerraldia eskatu dabe gaur goizean, zepen isurketan eta horreen azterketan egon daitekezan irregulartasunak dirala eta plataforma batek aurkeztu dauen salaketaren ganeko azalpenak emoteko. Salaketa horrek adierazoten dau, baita be, Gaikerrek “ez daukala behar hori egiteko beharrezkoa dan ENAC akreditazinoa”.
Azalpenakaz hasi aurretik, Unzuetak esan dau ingurumen arloko kontrola eta ikuskapena Eusko Jaurlaritzaren esku dagozala, eta ez Foru Aldundiaren esku. Gaikerri jagokonez, diputatuaren berbetan, “zuek irregularra dala dinozuen egoerea ez da holangoa, ingurumen arloko organoak adierazo dauenez”. Modu berean, esan dauenez, ingurumen arloko baimenak “ez dau esaten karakterizazino enpresak ENACen ezelango akreditazinorik euki behar dauenik”.
David Lopategi EH Bilduko bozeroaleak, “zepa tona horreek guztiak kudeatu diran moduaren ganean puntu ilun eta zalantza asko dagoz” esan dau; administrazinoek “gardentasun faltea” erakutsi dabela be salatu dau. Modu berean, Josean Elguezabal Podemoseko batzordekideak, Gaiker fundazinoak “ez dauela arautegia beteten” nabarmendu dau barriro.
Ganerako taldeek, barriz, Foru Aldundiaren erantzuna abalau dabe, eta Euskal Sozialistak taldearen kasuan, “danon onerako, zepen kudeaketaren ganeko arazoa konpontzeko proiektu ikugarria” aurkezteko eskatu deutse eskaria egin daben taldeei.
LEGEZ KANPOKO HILTEGIEAK DESAGERRARAZOTEA
Barriro be, sai arreek lekua hartu dabe Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraunkortasuneko eta Baliabide Naturaleko Batzordeko eguneko gai zerrendan. Aireportuaren inguruan daukien presentziari eta azkenengo asteetan horren ganean aitatu diran zergaiti posibleei jagokenez, Foru Diputatuak, Talde Mistoak eskatuta, Bizkaian legez kanpoko hiltegiak detektetako eta desagerrarazoteko martxan jarri diran neurrietako batzuk azaldu ditu.
Horri jagokonez, eta Lezamako ustiategi batean detektau dan legez kanpoko hiltegia aitatuz, Diputatuak adierazo dau, aurrera eroan beharreko jarduketen ostean, bere Sailak animalien osasunari eta ongizateari buruzko zehapen espedientea zabaldu dauela, hiru kontzeptu dirala eta: Animalia Osasuneko Legearen araberako falta larria “behi erregistroari datu faltsuak emoteagaitik”; Animalia Osasuneko Legearen araberako falta larria “gorpuak edo horreen hondakinak bertan behera izteagaitik”; eta Animalien Zainketaren Legearen araberako oso falta larria “animaliak aurretik zorabiatu barik sakrifikatzeagaitik, animaliengan beharrezkoa ez dan sufrimentua eraginez”.
Abeltzaintzako ustiapenetan animaliak hilten diranean, Foru Aldundiak animalien gorpuak jasoteko dobako zerbitzua eskaintzen dau. Unzuetak esan dauenez, zerbitzu horrek hilero 500 dei baino gehiago jasoten ditu.
Erantzuna entzun ostean, Talde Mistoaren bozeroaleak Loiuko aireportutik gertu dagozan lekuetan “zainketa berezia” jartea iradoki dau, eta, inguruko udalakaz lankidetzan, horren ganeko “esfortzuak indartu” egin dirala argitu deutso Diputatuak.
EH Bildu kritikoago agertu da, David Lopategi batzordekidearen bitartez. Adierazo dauenez, “gauza horreek, politika publikoek abeltzaintza sektoreak animaliak beharrezkoak diran baldintzatan hiltzeko egozan azpiegiturak desmantelau egin dituelako gertetan dira”.
Euzko Abertzaleak taldetik, barriz, Jon Beitia ordezkariak Foru Aldundiak arlo horretan aurrera daroan beharra defendidu dau, eta “ingurumenean eta osasun publikoan sortu daitekezan aurreiritzi guztiak batuketa horreekaz desagerrarazoten dirala” azpimarratu dau.
BISOI EUROPARRAREN BABESA
Talde Mistoak galdetuta, Elena Unzueta Foru Diputatuak adierazo dau bisoi amerikarra desagerrarazoteko eta bisoi europarra babesteko LIFE Lutreola Proiektuaren barruan, aurtongo zemendiaren 22tik 27 bisoi amerikar harrapau dirala. Unzueta pozik agertu da proiektuan izandako partaidetzarengaitik eta, bere eretxiz, lan koordinaua “funtsezkoa” izan da. LIFE Lutreola Proiektua 2014an jarri zan martxan, eta 2019. urtearen erdialdean bukatuko da; dana dala, Foru Diputatuak aurreratu eban moduan, programea finkatzeko LIFE osteko batean parte hartzea eskatu da.
ISURKETAK ERREKETARA
Elena Unzuetak, Base Gorria desagertu zanetik erreketara egiten diran isurketa abisuen edota salaketen bilakaeraren ganean egin dauen azkenengo ahozko erantzun-eskeari be erantzun deutso. Foru Diputatuak azaldu dauenez, aurton, foru zerbitzuak erreketara egindako 39 isurketaren oharrak erregistrau ditu, eta horreetatik 6 faltsuak izan dira. Erregistrautako ohar guztien artetik 16tan “toxikotasun arriskua” egon da, eta horreetan larrialdietarako 112 zerbitzuak parte hartu behar izan dau.
Ohar gehiago jaso diran hilebeteei jagokenez, urtarrila, zezeila, martia, apirila eta maiatza dagoz, hilean 5na ohar jasota. Modu berean, Foru Diputatuak adierazo dauenez, aurtongo datuak kontuan izanda, isurketa gehien jaso dituen errekak Ibaizabal eta Nerbioi izan dira, 6 ohar bakotxak.
A
urreko urteakaz alderatuta, 2017an 40 ohar erregistrau ziran, eta 2016an 81.
EUKALIPTOARI EMOTEN JAKON FINANTZIAZIONA KENTZEA
Saioari hasierea emoteko, EH Bildu taldeak, eukaliptoaren finantziazino publikoa kentzeko aurkeztu dauen arauz besteko proposamen bat eztabaidatu eta ostean atzera bota da. Bere ekimena defendiduteko, Mikel Kormenzana batzordekideak azkenengo urteetan eukaliptoak gero eta hektarea gehiago hartzen dituala kritikau dau. Dana dala, Zuriñe Argatxa batzordekide jeltzaleak gogoratuazo dau eukalipto landaketak gero eta gehiago diran arren, gauza bera gertatzen ari dala espezie autoktonoakaz, eta azken horreek Foru Aldundiaren diru-laguntzea jasoten dabela.
Arauz besteko proposamenak EH Bilduren eta Podemosen aldeko botoak jaso dituan arren, ez da onartu, ganerako taldeek, Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak, Talde Popularrak eta Talde Mistoak kontrako botoa emon dabelako.