Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek Bizkaiko Lurralde Historikoko kooperatiben araubide fiskala onetsi dabe

Bizkaiko Batzar Nagusia

Bizkaiko Batzar Nagusietako osokoak Bizkaiko Lurralde Historikoko kooperatiben araubide fiskalari buruzko foru araua onetsi dabe gaur goizean Gernikan. Erespena, beste taldeek Aldundiak aurkeztutako testuaren aurrean zuzenketa-eskerik aurkeztu barik heldu da Batzarretako azkenengo izapide horretara.

Ekonomia eta Ogasuneko Batzordean aurretik adierazotakoagaz bat etorrita, Foru Arau Proiektuak Euzko Abertzaleen, Euskal Sozialisten, Talde Popularraren eta Talde Mistoaren aldeko botoak jaso ditu. EH Bildu eta Podemos taldeak, barriz, abstenidu egin dira. Bizkaiko Lurralde Historikoko kooperatiben araubide fiskalari buruzko foru arauaren proiektua 54 artikulutan egituratzen da, eta Ogasun eta Finantzetako Foru Diputatuak aurkeztu dau Bizkaiko Batzarretan. Iruarrizagak barriro azaldu dau testuak “kooperatiben azterketa barri osoa, horreen araubide fiskal bereziarena” egin gura dauela, “kooperatiben egiturea, kontzeptuak, teknika juridikoa, genero ikuspegia eta bestelango alderdiak egokituz”.

Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeak, kooperatiba mobimenduak Bizkaiarentzat “gure errealidade ekonomikoan eta enpleguaren sorkuntzan eta sustapenean” daukan garrantzia balioan jarten dauen aldaketa horren alde agertu dira. Javier Ruiz Talde Popularraren bozeroalearen eretxiz be, Foru Arau Proiektua “egokia” da, “Bizkaian garrantzi handia eta enplegu askotan eragina daukan sektorea” dala kontuan izanda.

Podemos taldeak, Eneritz de Madariaga bozeroalearen berbetan, eta EH Bilduk, Zigor Izuskiza batzarkidearen bitartez, Foru Arauaren aldaketea, Soziedadeen Zergan sartuz joan diran aldaketen ondorioa dala azpimarratu dabe. Hori dala eta, Soziedadeen Zergan sartu izan diran aldaketa horreekaz ados ez dagozanez, talde biek abstenidutea erabagi dabe.

BIZKAIKO ZERGA ARAUTEGIAREN EGOKITZAPENA, KONTZERTU EKONOMIKOAN SARTUTAKO ALDAKETAK DIRALA ETA

Beste alde batetik, Bizkaiko Batzar Nagusiek Bizkaiko Lurralde Historikoko zerga-araudia abenduaren 28ko 10/2017 Legeak Ekonomia Itunean egindako aldaketetara egokitzen dauen Foru arau proiektua onetsi dabe. Arauzko testuak, Iruarrizagak azaldu dauen moduan, 7 artikulu ditu –xedapenak aparte– eta bere helburu nagusia “Foru Arau arau-emoileen ostean, kontzertazino barriak ikututako zergak egokitzea” da.

Hori dala eta, egokitzapenak sartzen dira honeetan: Soziedadeen ganeko Zergaren Foru Arauan; Ez-egoiliarren Errentaren ganeko Zergaren Foru Arauan; Ondorengotzen eta Dohaintzen Zergaren Foru Arauan; BEZaren Foru Arauan; Kreditu Erakundeetako deposituen ganeko Zergaren Foru Arauan; Joko-jardueren ganeko Zergaren Foru Arauan; eta Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrean.

Horrez gain, Foru Arau horren barruan, Bizkaiko Foru Aldundiari gaitasuna emoten jako “beharrezkoak diran arauzko xedapenak emon daizan” Espainiagaz hartutako konpromisoak gauzatzeko eta formalizetako, “Bilbo 2020ko Eurokopako azken faseko egoitzetako bat izan daiten”.

Horrez gain, aldaketak sartzen ditu hiru Foru Arautan –Zergen Foru Arau Orokorrean, Tokiko Ogasunetakoan eta Bizkaiko Foru Administrazinoaren Tasen, Prezio Publikoen eta beste Zerga Baliabide batzuenetakoan–.

Ekonomia eta Ogasuneko Batzordean aurretik adierazotakoagaz bat etorrita, Batzarretako ia talde guztiek aldeko botoa emon dabe artikulu guztietan eta xedapenetan, EH Bildu taldeak izan ezik. Batzordean adierazo eban moduan, barriro be “gardentasun faltea” aurpegiratu deutso. EH Bildu batzordekideak, oraingoan be, Bizkaia “UEFArentzat paradisu fiskala” izatea saihestu gura dauen zuzenketa-eskea defendidu dau.

Batzarretako Podemos taldearen aldeko eretxia jaso arren, zuzenketa-eskea ez da onetsi eta, hori dala eta, EH Bilduk xedapen horren kontrako botoa emon dau. Podemos taldeak artikulu guztien aldeko botoa emon dauen arren, azken xedapenetako bitan abstenidu egin da, horreetako bat 2020ko Eurokopari buruzkoa.

ARAUZKO FORU DEKRETUAREN ONESPENA

Eguneko gai zerrendea ixteko, Bizkaiko Batzar Nagusiek 3/2018 Foru Dekretu Arauemoilea, urriaren 9koa, foru-arau honeek aldatzen dituana, onetsi dabe: 7/1994 Foru Araua, zemendiaren 9koa, Balio Erantsiaren ganeko Zergari buruzkoa; 7/2014 Foru Araua, bagilaren 11koa, Joko-jardueren ganeko Zergari buruzkoa; 5/2014 Foru Araua, bagilaren 11koa, Berotegi-efektuko Gas Fluordunen ganeko Zergari buruzkoa; eta 12/2013 Foru Araua, abenduaren 5ekoa, Ez-egoiliarren Errentaren ganeko Zergari buruzkoa. Bozketak aldeko 33 boto izan ditu (EAJ-PNV, PSE-EE, Talde Mistoa eta PP) eta 15 abstentzino (Podemos eta EH Bildu).

Podemos taldeko bozeroaleak azaldu dauenez, bere taldea abstenidu egin da, ezin dauelako “kaltegarriak diran eta personen osasunerako eta bizitzarako ondorio larriak eragiten dituen jardueren zerga tasak jaistearen” aldeko botorik emon. EH Bildurentzat, Foru Dekretu horrek “argi eta garbi” erakusten dau “ez daukagula burujaubetza fiskalik eta Estaduaren mende gagozala”.