Aurreko Albisteak

XVIII. mendeko horma-irudiak bereoneratu egin ditu Enkarterrietako Museoak

Horma-irudiaren guruzea

Bereoneratutako irudiaren zati bat

Horma-irudiok Santa Kurtzeko eleizaren erretaula nagusiaren atzean egozan eta hori kendu danean agertu dira. Aurkikuntza egin ondoren, eta egoera txarrean egozala ikusita, Enkarterrietako Museoak Bilboko Eleizbarrutira jo eban horma-irudiok bereoneratu ahal izateko. Irudiok Enkarterrietako Museoan ikusi leitekez dagoaneko.

Horma-irudi horreetan Kristo gurutzatuaren margoa ikusten da eta horregaz batera prozesino-paso bi. Lehenengoa 122 x 144 zentimetrokoa da eta beste biak 47 x 35 zentimetrokoak. Irudi herrikoiak dira, eredu barrokoaren araberakoak, XVIII. mendearen hasierakoak edo erdialdekoak seguruenik. Bizkaiko eleizetan garaiotan sarritan gertatuko zan arrazoia dago irudion atzean: margoak egiten ziran eleizako hormen apaingarri, harik eta oholezko erretaulak egin arte.

Aztertzen gabilzan kasu honetan margoak egin izanaren arrazoia izango zan, seguruenik, oholezko erretaula egiteko behar besteko dirurik euki ez izana. XVIII. mendearen hasieran goitik behera barriztu zan Labarrietako Santa Kurtzeko eleizea eta gaur egun ikusi geinken eraikin barrokoa egin zan. Barrualdeko apaingarriak egiteko behar besteko baliapiderik ez ebenez izango, margo xumeak egin ziran, herrikoiak, erretaularen ordez, seguruenik estanparen batetik eta libururen batetik hartutako irudiaren arabera.

Azkenean, 1760. urtearen inguruan egin zan Erretaula Nagusia eta horma-irudiok estalduta geratu ziran, XX. mendearen amaieran aurkitu diran arte. Horma-irudion balioa ez da horrenbestekoa artearen ikuspuntutik —herrikoiak diralako, Sopuertako edo Enkarterrialdeko herritarren batek egindakoak seguruenik—, ez badaze historiaren eta ondarearen ikuspuntuetatik, garai haretako Enkarterriko arte herrikoiaren erakusgarri diralako (eraginak, estiloa,...) eta gurearekin alderatuta oso ezbardina zan garaia eta aroa erakusten deuskuelako.