2019ko Bizkaiko aurrekontuek euren eztabaideagaz jarraituko dabe, Batzar Nagusietako Osokoak EH Bilduk, Podemosek eta Talde Popularrak aurkeztu dituen Osotasunezko Zuzenketa-eskeak atzera bota ostean

Bozketa bakarrean, Batzarrek atzera bota ditue hiru ekimenak, zuzenketa-eskeak aurkeztu dituen taldeen aldeko 18 botoakaz eta ganerakoen kontrako 30akaz (Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Mistoa).
Seguruenez Batzar Nagusietako Bilboko Egoitzan abenduaren 17, 18, 19 eta 20an egingo diran Ekonomia eta Ogasuneko Batzordeek, Batzarretako taldeek aurkeztutako 676 zuzenketa-eskeak eztabaidatu beharko ditue. Gobernua eusten daben talde biek 8 zuzenketa-eske defendiduko ditue. EH Bilduk gauza bera egingo dau bere 215 proposamenakaz, Podemos Bizkaiak 241 aurkeztu ditu, Talde Popularrak 137 eta Talde Mistoak 75.
Guztira, José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako diputatuak osokoaren hasieran aurkeztu dauen 2019ko lurralderako aurrekontu proiektuak 8.216,7 milioi euro hartzen ditu, 2018an baino %5,2 gehiago, eta horreetatik 1.253,3 milioi sailek erabili daikiena da. Batzarretako taldeen arteko eztabaidea hasi aurretik, Iruarrizagak proiektua aitatu dau, “jarduera ekonomiko eta enplegu gehiago” izango dauen Bizkaia lortzeko dagola diseinauta, “modernoagoa eta eraginkorragoa”, “lurraldeari jagokonez kohesionatuagoa” eta “personei, laguntza gehien behar dabenei, batez be, lagunduko deutsena”.
Kudeaketa Propioko Aurrekontuak 1.643.660.299 euro hartzen ditu, hau da, aurreko ekitaldian baino %2,6 gehiago. Hori dala eta, Bizkaiko Foru Aldundiak 41,5 milioi euro gehiago izango ditu bere jarduerea aurrera eroateko. Gauza bera gertetan da sailek erabili daikienagaz, %4,9 egin dauelako gora, 1.253.278.490 eurora heldu arte, 2018an baino 58,6 milioi gehiago.
Esku-hartzeen txandea Javier Ruiz Talde Popularraren bozeroaleak zabaldu dau. Osotasuneko zuzenketa-eskea arrazoi bitan oinarritu dau: “proiektuaren eukiagaz ados ez egotea”, eta “testuinguru eta egoera politikoa”. Harmailatik, Ruizek bere eretxiz “oso loratua” eta “hauteskundeei begira dagon” aurrekontu proiektua kritikau dau. Ganera, “oso sinisgarriak ez diran” diru-sarrerak eta “beste aurrekontu batzuen erreprodukzino ia mimetikoa” erakusten daben gastuak erakusten dituala esan dau.
Podemos taldea ordeztuz, Eneritz de Madariaga bozeroaleak ezezkoa emon deutse “goi maila ekonomiko pribilegiauen lehentasunak Bizkaiko gizarte gehienaren lehentasunen, gizarte arloko justiziaren, bardintasunaren, jasangarritasunaren eta Bizkaiaren gizarte eta lurralde kohesinoaren aurrean jarten dituen” aurrekontuei.
Batzarretako Podemos taldeak “eredu produktiboaren goitik beherako aldaketea” eskatu dau Bizkaiarako. Horretarako, beste puntu batzuen artean, honeen aldeko apustua egiten dau: “lehen sektorea indartzea, elikagaiei jagoken burujabetasuna eta bioaniztasuna”; “nekazaritza eta abeltzaintza jasangarriari” eta “emakumeak eta gazteak sektorean sartzeari” laguntzeko neurriak; “EIC energia barriztagarrietarako polo moduan” ikusiko dauen Energia Trantsizinorako 2019 – 2022 Plana egitea; “ingurumen arloko ereduaren aldaketea”; eta “garraio publikoaren aldeko apustua”.
Arantza Urkaregik, EH Bilduren izenean, “Kudeaketa Propioko Aurrekontuaren %1 bardintasunera eta %0,7 lankidetzara bideratzeko konpromisoa beteten ez daben” aurrekontuak dirala azpimarratu dau. Batzordekideak, hainbat proiektutan, bidegorrietan, Zaintzaileen Estatutuan edo Enkarterriko Bizibarritzeko Planean, besteak beste, dagon “gardentasun faltea” nabarmendu dau.
Ezkerralderako eta Meatzalderako talka planaren faltea ikusita, Urkaregik “eskualdeen garapena gitxi bultzatzen dala” aurpegiratu deutso Aldundiari. Horrez gain, kritikau egin dau hainbat azpiegiturek eragin daben gastua, Supersur izenekoak eta Gerediaga-Elorrio lotuneak, besteak beste, bere eretxiz “Bizkaiko gizartearen etorkizuna hipoteketan dabelako”.
Arturo Aldecoa Talde Mistoko kide bakarra osotasunezko zuzenketa-eskeetatik aparte geratu da eta itaun bat bideratu deutse Batzarrei: “Bizkaia hobeto egongo litzateke aurrekontuak itzuliko bagenduz? Nik ezetz uste dot”. Aldecoaren eretxiz, “aurrekontuak hobetu daitekezan arren”, “egokiagoa da eztabaidaren esfortzua zuzenketa-eske partzialetan zentretea”. Talde Mistoaren bozeroalea Batzarretako talde guztiei zuzendu jake bigarren esku-hartzean, enpresek egiten daben beharra defendiduteko: “Bizkaiak etorkizuna eukiko dau enpresa egiturea eukiten jarraitzen badau”.
Ekain Rico izan da Euskal Sozialistak taldearen jarrerea defendidu dauena. Bere eretxiz, proiektuan azpimarragarria da hainbat puntutan herritarren agendaren islea dala, enpleguan, mendekotasunean, iruzur fiskalaren kontrako burrukan eta kalidadezko zerbitzu publikoetan, hain zuzen be. Ricok kritikau egin ditu EH Bilduren, Podemosen eta Talde Popularraren osotasunezko zuzenketa-eskeak, zuzenketa-eske horreek “ez dabelako Bizkaian dagon eredu ekonomikoaren eta sozialaren eredu alternatiborik planteetan”.
Eta gobernu taldeak egin dauen proposamenaren alde, “erakundeek herritarrek daukiezan arazoei aurre egiteko funtsezko tresnea dala” azpimarratu dau eta, ganera, “inbertsino publikoaren itzulerea berresten dauela eta jentearen bizimodua hobetzeko, lurraldearen kohesinorako, jarduera ekonomikorako eta enplegurako daukagun konpromisoari erantzuten deutsola”.
Bukatzeko, Euzko Abertzaleak taldearen aldetik, Jon Andoni Atutxak azpimarratu dau Foru Gobernuaren proiektuak bere apustua indartzen dauela, hiru helburugaz: “enplegua bultzatzea, personen etorkizuna bermatzeko”; “lurraldearen jarduera ekonomikoan sakontzea, personentzat onuragarria izan daiten”; eta “zerbitzu publikoak indartzea, personen bizitza kalidadea hobetzeko”.