Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek aho batez eskatu deutsie Eusko Jaurlaritzari La Orconerako, Sefanitroko eta Barakaldoko Franco-belgako zamalekuak Ondasun Kultural izendau daizala

Euskera eta Kultura Batzordea

Bizkaiko Batzar Nagusietako Euskera eta Kultura Batzordeak aho batez onetsi dau gaur goizean, martxan jarrita dagozan prozedurak “ahalik eta arinen” amaitu eta Eusko Jaurlaritzari La Orconerako, Sefanitroko eta Barakaldoko Franco-belgako zamalekuak Ondasun Kulturaltzat, Monumentu Multzo kategoriagaz, izendau daizala, “gure industria ondarean interes gehien daukan moltsoetako bat dalako”. Talde guztiak, Talde Mistoak aurkeztu dauen ekimenak Eusko Jaurlaritzari gaia “gogoratuazoteko” balio izatearen alde agertu dira.

Modu berean, Bizkaiko Batzar Nagusiek Talde Mistoak aurkeztutako beste arauz besteko proposamen bat onetsi dabe. Bertan, Foru Aldundiari eskaria egiten jako, interesauta egon daitekezan administrazinoakaz eta erakunde publikoakaz eta pribaduakaz batera, “Bizkaiaren eta Bizkaiko erakundeen historiaren zabalkundea egiteko eta daben balioa erakusteko estrategia eta ekintzak aztertu eta garatu daizan, gaur egun dagozan teknologia barriak eta ikus-entzunezkoak baliatuta”.

Proposamena aurkeztu dauen taldeko bozeroalea dan Arturo Aldecoaren berbetan, behar “politiko eta kultural” horrek “personak bertako historian eta tradizinoetan sustraitzea” bilatzen dau. Talde Popularrak egin dauen moduan, Foru Gobernua eusten daben taldeak be proposamenaren alde agertu dira.

Marimar Rodríguez batzordekide sozialistaren eretxiz, proposamena ez dago bakarrik historia balioan jartera eta ezagutuazotera bideratuta, baita hori modernizetera be. Euzko Abertzaleak Taldearen izenean, Alfredo Oleak esan dau “Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek, azkenengo urteetan, ahalegin handia egin dabela gure historia ezagutuazoten eta zabaltzen”. Bere berbetan, “gertakari historikoz betetako” historia da, eta herritarren esku jarri behar da, “mundura zabaldik dagon leiho moduan”.

EH Bildu eta Podemos taldeek, “errelatu bat baino gehiago” dagola azpimarratu dabe; holan, Josean Elguezabal Podemos taldeko batzordekideak, Batzar Nagusien barruan Bizkaiko oroimen historikoari buruzko eztabaidea egiteko aukerea planteau dau. Modu berean, Joseba Gezuraga EH Bilduko batzordekideak zalantzak agertu ditu proposamenaren aurrean, “neutroa” dala esanez.

GEV IZENEKOAREN ARTXIBO DOKUMENTALAK

Saioak Lorea Bilbao Euskera eta Kultura Diputatuaren agerraldia be jaso dau. Talde Mistoak eskatuta, joan dan urrian Foru Artxibategian itzi ziran Grupo Espeleológico Vizcaíno (GEV) izenekoaren dokumentuak eta artxibategiak antolatzeko eta katalogetako beharrak bultzatzeko bere Sailak aurrera eroango dituan erespideak eta estrategiak azaldu ditu. Horri jagokonez, Bilbaok argitu dauenez, une honetan artxiboak “egoera onean eta ordenauta” dagoz, eta aurreratu dauenez, 2019ko martirako dokumentazino guztia barru hartuko dauen katalogoa egitea daukie aurreikusita, edozeinek kontsultau ahal izateko. Batzarretako talde guztiek ondo hartu dabe albiste hori.

PALANKA JAURTIKETA KIROLAREN BIZKAIKO MEMORIA ETA PRAKTIKEA BERRESKURATZEA

Eguneko gai zerrendea, Talde Mistoak aurkeztu dauen azkenengo arauz besteko proposamenaren eztabaidagaz eta ez onartzeagaz amaitu da. Proposamen horretan Euskal barra edo palanka jaurtiketa kirolaren Bizkaiko memoria eta praktikea berreskuratu daiten beharrezkoak diran estrategiak aztertzeko eta aurrera eroateko eskatzen jakon Foru Aldundiari.

Talde Mistoarenak aparte EH Bilduren eta Talde Popularraren aldeko botoak jaso dituan arren, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek lan hori daborduko Euskal Atletismo Federazinoak egiten dauela adierazo dabe. Horrez gain, José Ángel Basauri batzordekide jeltzaleak igaz Hernanin modalidade horretako lehiaketa bat egin zala esan dau.