Bocineros-Deiadar Xtreme ultra trail probarako izen-emotea zabalik

Lehenengo edizinoaren oroitzapenarekin, 2019ko Bocineros-Deiadar Xtreme ultra traila martxan da 1.500 izen-emote baino gehiagorekin. 3 lasterketa eta 5 martxa herrikoi barriz be Deiadar Mendien inguruan, Gernika izango dalarik barriz be urteerea eta helmugea. Beste urte batez Bocineros-Deiadar Xtreme ultra trailak Bizkaiko Batzar Nagusien erakundeen laguntzea izango dau.
2019ko irailaren 14tik 16ra, trail running-a protagonista izango dauen Euskal Herriko eta estatu mailan erreferentea dan jardunaldiaren erdigunea izango da Bizkaia barriro be. Mendien zein paisaien edertasunak, lasterketek zeharkatzen dauen hamaika herrietako zaleen berotasunak eta jasangarritasuna eta gainditzea bezalako baloreek lehenengo edizinoan estatuko probintzien erdietatik eta atzerriko dozena erdi herrialdetatik etorritako lasterkariak animatu ebezan urteeran egoteko. Trail 52 Sport Mendi Kluba da antolatzailea eta zenbaki horreek gainditzea espero dau.
Era honetan, Bocineros-Deiadar Xtreme ultra trailak bere bigarren edizinoari ekiten deutso erreferentziako proba bezala hazten jarraitzeko, mota guztietako korrikalarientzako lasterketak eskainiz.
Hiru lasterketa
Deiadar Xtreme, Bocineros-Deiadar Xtreme ultra traileko proba nagusia gogorrena da, baita bereziena be. 200 lasterkarientzako dortsalak eskainiko dira bai bakarka zein bikoteka izena emonda lasterketearen 200 kilometroei eta 11.000 metroko desnibel positiboari aurre egiteko. Erdi-autosufizientzian burutzen dan lasterketa horrek Bizkaiko mendilerro nagusiak zeharkatzen ditu, hogei bat gailur -horreen atean, jakina, Bost Deiadar Mendiak-, hamaika herri eta auzo, eta Bizkaiko Batzar Nagusietako -Lurralde Historikoko Parlamentuko- hiru egoitzak.
Batzar Nagusien jatorria Erdi Arokoa da, eta orduan adar eta suen bitartez egiten ei ziran deiak bertan parte hartzeko. Tradizino horretan dago errotuta Bocineros-Deiadar Xtreme probea. Abentura erraldoia edozein kasutan, ausartenak be bildurtzeko modukoa eta 56 ordutan bukatu beharko dabena.
Beste alde batetik, oraingoan lehenengo edizinoko Deiadar Ultra lasterketak baino bost kilometro gitxiago izango ditu zenbaki biribilak eukiteko, 100 km. eta 5.000 m. desnibel positibo, 24 orduko denbora mugarekin.
Lehenengo edizinoan Bocineros-Deiadar Xtremeko probarik jendetsuena izan zan eta 2019rako ezarri diran 350 dortsalak agortzeko itxaropena dago. Oraingo honetan be Deiadar Mendi bi igoko ditu, Sollube eta Oiz hain zuzen be, nahiz eta bigarren horren igoera aldatu, Munitibaretik izango da eta, Deiadar Xtreme probakoei trabarik ez egiteko. Ez da, ostera, nobedade bakarra izango. Partaideek Urdaibaiko gailur entzutetsuetako bat zeharkatuko dabe, igoera bortitz batekin.
Deiadar Maratoia be laburtu egiten da 42 kilometroko distantzia ofiziala betetzeko, 2.100 metroko desnibel positiboarekin. Hala ere, Urdaibaiko ezkerraldetik doan ibilbideak ez dau ez gogortasunik ez edertasunik galduko. 500 dortsal izango dira Kantauri Itsasoko eta Mundakako Itsasadarreko ikuspegi paregabeaz gozatzeko, Deiadar Mendi baten igoerea barne, Sollube hain zuzen be.
Bost martxak
Hiru lasterketak osatzeko, bost Deiadar Mendietara igotzeko lehiakortasunik bako mendi martxak antolatuko dira oraingoan be, zaleek lasterketea jarraitzeko aukera izan daien. Horreetako bakotxak 100 dortsal eskainiko ditu. Martxa horreen helmugek Deiadar Mendien gailurretan bat egingo dabe Deiadar Xtremeko lehenengo korrikalarien igarotze momentuarekin, horreek be zaleen animoak eta berotasuna sentidu daien. Horrek suposatzen dau hiru martxa gauez izango dirala, dauen xarma bereziarekin.
Balio handiko ekitaldia
Bocineros-Deiadar Xtreme ultra trailak arrasto ekonomiko nabarmena ixten dau Bizkaian. Euskal Herritik eta Estatuko zein atzerriko dozena bat herrialdetatik etorritako 600 pertsona baino geihago etorri ziran Bizkaira lehenengo edizinoa bizitzeko, bai proban parte hartzeko zein laguntzeko. Horrek mila pernoktazio inguru eta 0,3 milloi euroko inpaktu ekonomikoa suposatu eban.
Barriro be arrakastatsu eta bigarren edizino honetan dana borobila izan daiten, antolakuntzak babesleen funtsezko laguntza izango dau, baita 500 bolondres baino gehiagoren eta osasun zein segurtasun zerbitzuko kideen bultzadea be. Bocineros-Deiadar Xtreme ultra traila denbora luzez gogogoratuko dan ekitaldia izatea nahi da, partaideentzako ahaztezina eta Bizkaiarentzat balio handikoa.